“Orain arteko bidetik segitu nahi dugu: harrobia sendotu”

Edurne Elizondo

Maria Urtasun (Auritz, 1986) Nafarroako Errugbi Federazioko buru da, hilaren 2az geroztik. Koronabirusak baldintzatutako jokaleku bat egokitu zaio, baina gogoz hartu du ardura berria. La Unica taldeko jokalaria ere bada, eta ez du zelaia uzteko asmorik.

Zergatik erabaki duzu federazioko lehendakari izateko urratsa egitea?

Orain arteko lehendakari Javier Lorentek eta nire taldeak proposatuta egin dut urrats hori. Asmoa da orain arte egindako bidetik aurrera jarraitzea.

Jokalari izateari utziko diozu?

Ez. Nire asmoa da jokatzen jarraitzea. Egungo osasun krisiak uzten badigu, behintzat.

Anitz baldintzatu du pandemiak zuen lana?

Orain, adibidez, seniorrak baino ez dira ari entrenatzen, gizonezkoen taldekoak eta emakumezkoenak. Fisikoa lantzen ari gara, batez ere, eta teknika, baina bakarka. Gainerako kategorietako jokalariek ere lanean behar zuten jada, baina egungo egoeragatik urrira arte atzeratu dugu sasoiaren hasiera. Bertze taldeen egoera ere antzekoa da.

Zaila da segurtasuna bermatzea?

Egia da errugbia kontaktuzko kirola dela, baina ez dut uste, koronabirusari dagokionez, gurea bertze kirol anitzen egoeraren bertzelakoa denik. Iruditzen zait talde kirol gehienen egoera antzekoa dela. Gerta daitekeenaren zain gaude.

Futbolaren esparruan hartzen diren neurrien berri bada. Zuek zer-nolako informazioa jaso duzue erakundeetatik?

Futbolak diru anitz mugitzen du, eta azkarrago hartu dituzte hartu beharreko erabakiak eta neurriak. Gu zain gaude. Batetik, Nafarroako Gazteria eta Kirol Institutuak erraten digunari egin behar diogu so. Joan den astean, kirol jarduerak berriz ere martxan jartzeko hainbat jokaleku aurreikusten zituen agiria kaleratu zuen erakunde horrek. Baikor samarrak direla uste dut, gobernuaren asmoa baita irailaren erdialderako talde guztiak entrenatzen aritzea, eta lehiari ekitea urriaren erdialdean. Espainiako Errugbi Federazioak ere hartu ditu neurriak, eta horiek bete behar ditugu.

Nolako protokoloa ezarri dizuete?

Talde guztiek koronabirusaren auzirako ordezkari bat izan behar dute, adibidez. Azpiegiturak garbitzeko egin beharreko urratsak ere zehaztu dituzte, eta markatu dituzte entrenamendu saioetan bete beharreko neurriak. Protokolo hori bete behar dugu guk.

Zaila da zuentzat egoerara egokitzeko neurri horiek guztiak martxan jartzea?

Egia erran, handia da egin behar dugun ahalegina. Ziurgabetasuna da nagusi, gainera, eta horrek dena zailtzen du. Egun batetik bertzera aldatzen dira gauzak, eta ez da erraza erabakiak hartzea. Zorionez, jendeak ulertzen du egoera denentzat dela zaila, eta pazientziaz ari da.

Ezohiko garai batean hartu duzu federazioaren ardura zure bizkar. Zer asmo duzu?

Asmo nagusia da hasitako bidea egiten segitzea, eta bide horren helburua da, batez ere, harrobia lantzea. Gure kirolak oinarri sendo bat izan dezala nahi dugu. Duela gutxira arte, herrialdeko errugbiko fitxa gehienak ziren seniorrenak, eta gutxi ziren hemezortzi urtez azpiko kirolariak. Azken urteotan lan egin dugu gazteek errugbia aukera gisa har dezaten. Kirolaren berri ematea da kontua, eta edozeinek egin dezakeela erakustea.

Sumatu dituzue jada egindako lan horren emaitzak?

Bai. Azken urteotan handitu egin da zaletasuna, eta gora egin du errugbian ari diren gazteen kopuruak. Bide horretan urratsak egiten jarraitu nahi dugu, eta, bereziki, emakumeak animatu errugbian aritzera. Egun, 18 urtetik beheitikoen lau fitxetatik bat da emakumeena. Arlo hori sustatzen jarraitu nahi dugu.

Zaila da gazteak erakartzea?

Hasieran bai, errugbiaren inguruko mito faltsu anitz badelako. Taldeek, hain zuzen, lan ederra egin dute dauden estereotipoak apurtzeko, eta eskoletara joan dira gazteenei errugbia benetan zer den erakustera. Lan hori funtsezkoa izan da.

Errugbian ari den emakume talde bat benetan zer den erakutsi zuen Cristina Nuñez Bakedano argazkilariak 2017an, zure taldeari buruzko Unicas lanarekin. Halakoek ere laguntzen dute?

Proiektu zoragarria izan zen, benetako opari bat guretzat. Ez genuen uste guk egiten genuenak aparteko interesa pizten ahal zuenik.

Sumatu zenuten eragina?

Ez dakit zer eragin izan duen proiektuak kanpora begira, baina niri jende anitzek erran dit, erakusketa ikusi eta gero, errugbia ez dela uste zutena. Kirola egiteko bat egiten duen emakume talde bat gara; denak ezberdinak gara, adin ezberdinetakoak, baina komunitate bat osatzen dugu. Dena emanen genuke bertzeen alde.

Errugbiak batzen zaituzte?

Bai, zalantzarik gabe. Lotura sendoa sortu du kirolak gure artean.

Zu nola hasi zinen errugbian?

Ni pilotan aritzen nintzen, palaz. Kide bat errugbian hasi zen, probatzeko erran zidan, eta geroztik. Duela zazpi urte hasi nintzen, eta hagitz pozik nago.

La Unica da emakume taldea duen bakarra?

Bai. Baina bada emakume gehiago jokatzen. 16 urtera arte mutilekin batera aritzen dira. Seniorren mailara jauzia emateko orduan gertatzen da emakume gehienek uzten dutela.

Hori da aldatu nahi duzuna?

Bai. Taldeekin egin nahi dugu lan, eta selekzioarekin ere bai. 18 urtetik beheitiko emakumeen selekzioa jarri nahi dugu martxan.

Zuri zer eman dizu errugbiak?

Bertze familia bat eman dit. Naizena naiz familia horretan. Errugbian denok dugu toki bat. Horrek ahalduntzen lagundu dit.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku