Antzerkigintza, gorputzaren bidetik

Antzerkigintza, gorputzaren bidetik

Edurne Elizondo

Hiru ikasle lehenengo urtean; sei bigarrenean; gero, hamalau, eta, orain, sei urte joan eta gero, hamaika talde, goiz eta arratsaldez. Urratsez urrats egin du bere bidea Iruñeko Teatrolari antzerki eskolak: aurretik egindakoa sendotuz bertze pauso bat eman baino lehen. Azken urratsa eta orain arteko nagusia urrian eginen dute eskolako lantaldea osatzen duten hamar profesionalek: arte eszenikoen gradu propioa jarriko dute martxan.

“Orain bai, orain gure gradua eskaintzeko moduan gaude”. Hori nabarmendu du eskolako zuzendari Javier Alvarok. Madrildik etorri zen Nafarroara, 2013. urtean. Arte dramatikoko ikasketak egin zituen han, eta oholtza gainean jarraitu nahi izan du, Iruñean ere. Eskolak ematen hasi zen 2014an. “Orduan Jarautan ginen; baina espazioa txiki gelditu zitzaigun, eta Arrotxapera mugitu ginen”, gogoratu du. Errotazar karrikan izan zuten Arrotxapeko lehen egoitza, eta Maiteminduen pasealekuko 33an dira orain, 2018az geroztik. Dena prest dute graduko ikasle berriak eta orain arteko eskoletakoak hartzeko.

“Koronabirusak ekarri digun egoerara moldatu behar izan dugu, baina lanean hasteko irrikan gara”, azaldu du eskolako kide Maialen Sanchezek. Erantsi du azken urte luzea eman dutela Teatrolariko arduradunek beren gradua prestatzen: “Ez da erraza izan, baina lortu dugu lan egiteko modu bat garatzea denon artean; gure graduaren atzean bada proiektu bat, bada aurretik egindako lan sakon bat”.

Baliabideak eman

Lan egiteko modu horrek badu ezaugarri nagusi berezi bat: Teatrolari eskolako kideek gorputza jarri nahi izan dute ikasketa prozesu osoaren erdigunean. “Hitzari baino, ekintzari ematen diogu garrantzia, mugimenduari”, zehaztu du Alvarok. Gorputz adierazpena, ahotsa, dantza, bat-batekotasuna, kamera, historia, clown saioak eta bertze jorratu eta eginen dituzte eskolako aretoetan. “Helburua ez da ikasleek guk errandako testua antzeztea; helburua da interpretatzeko eta nahi badute profesional bilakatzeko behar dituzten baliabideak haien esku jartzea, eta elkarlanean aritzea”, erran du eskolako zuzendariak.

Teatrolari eskolako kideek nahi dute oholtza gainera igo nahi dutenen bidelagun izan, finean, eta hori lortzeko garatu dute lau urteko beren gradua; lehendabiziko ikasturtearen helburu nagusia da ikasleek beren gorputza ongi ezagutzea. “Gorputza baita aktoreon lan tresna”, erran du Alvarok. Bigarren eta hirugarren urteetan lortuko dute ikasleek arlo bateko zein bertzeko formakuntza; eta, laugarrenean, berriz, ikasleak lan munduarekin lotzeko zubi lana egin nahi du eskolak. “Tresnak eman nahi dizkiegu dei baten zain gera ez daitezen; asmoa da baliabideak izatea beren proiektuak garatzen hasteko”, erantsi du zuzendariak.

Alvarok nabarmendu du Nafarroan “kultura anitz” kontsumitzen dela, eta antzerkigintzaren arloan ere “mugimendu handia” dela. “Federazioan 44 talde amateur daude; sekulakoa da”.

Ikuspuntua zabaldu

Herrialdeko aretoek egiten duten eskaintzari buruz, Alvarok erantsi du falta dela “ikuspuntua zabaltzea; hitza oinarri duen antzerkigintzaz harago jotzea”. Oholtzan egoteko profesionalak trebatzeko hiru eskola daude Iruñean, eta hori “ontzat” jo du Alvarok: “Badugu elkarlana, eta polita da nork bere bidea egitea, ikasleek nahi dutena hauta dezaten”. Teatrolarirekin batera, Nafarroako Antzerki Eskola eta Laura Laiglesiaren Butaca 78 eskola ari dira herrialdeko aktoreak trebatzen. “Nork bere ezaugarriak ditu, eta ez diogu elkarri trabarik egiten; alderantziz”, berretsi dute eskolako arduradunek.

Arrotxapeko Teatrolari eskolako gelak hasi dira betetzen, bertzeak bertze haurrentzat prestatutako ikastaroen eskutik. Aurtengo ikasturtean, lehen aldiz, dantza eskolak euskaraz ere har daitezke zentroan. Gradua ere ele bitan ematea hartu dute xede.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku