“Mezuak hobeki aditzen dira melodia batek lagunduta”

“Mezuak hobeki aditzen dira melodia batek lagunduta”

Uxue Rey Gorraiz

Barrenak husteko eta oroitzeko. Horretarako sortu zuen Nekane Ibero musikariak (Iruñea, 1996) Habitación 40 kantua. Alzheimerraz mintzo da bertan. Izan ere, Iberori joan den urtean hil zitzaion amona, gaitz hori zuela. Bizipenetatik abiatuta, apirilean kaleratu zuen kantua, eta, orain, Recuérdame. El principio de la desconexión dokumentalaren parte da haren lana. Bartzelonan estreinatu zuten, astelehenean: gaur, Noaingo Kultur Etxean izanen da. Abestu eginen du Iberok. Astelehenean izan zen Alzheimerraren Nazioarteko Eguna.

Zerk bultzatu zintuen alzheimerraz kantua sortzera?

Gertatzen ari zitzaidana kontatu beharra nuen, nolabait. Premia horrek bultzatuta sortu nuen abestia. Hasieran, uste nuen kontatzen nuen istorioa nirea bakarrik zela, nire arazoa zela soilik. Gero ohartu naiz ez dela horrela inondik inora: askok eta askok bizi dute nik bizi izan dudana. Are gehiago, esanen nuke mundu guztiak duela alzheimerra duen edo izan duen ezagun bat inguruan. Jende asko identifikatua sentitu da kantuko hitzekin, eta hori sentitzea oso polita izan da.

Nolakoa izan zen sorkuntza prozesua?

Aurretik ere buruan nuen horretaz hitz eginen zuen abesti bat sortzea, baina, egia esateko, ustekabean sortu nuen, arratsalde bakarrean. Etxean nintzen, ospitalera joan baino lehenago, gertatzen ari zenari buruz hausnartzen, eta, ohartzerako, sortua nuen ia osorik. Barrenak hustu nituen, eta lasaitu egin nintzen idatzi eta berehala.

Zer da kantuan kontatzen duzuna zehazki?

Amonaren istorioaz ari naiz, baina batez ere deskribatzen dut nola sentitzen den gaixoa zaintzen duena. Horretan jarri nahi nuen fokua: zaintzailearengan. Pertsona horren zeregina biziki inportantea da, eta, aldi berean, oso gogorra. Nik oso hurbiletik ikusi nuen, nire ama eta izebak halaxe izan zirelako, eta garrantzitsua iruditzen zait alde hori nolakoa den kontatzea.

Ezkutuan gelditu ohi da?

Bai, hala uste dut. Horregatik nahi nuen ikusarazi. Denok dakigu gaitza gutxi gorabehera nolakoa den. Hau da, badakigu gaixotasunak zer ondorio dakartzan pairatzen duen pertsonarengan: oroimenari egiten dio kalte, eta gaixorik dagoenak gauzak ahazten ditu, gero eta gehiago, ia dena ahazteraino. Hori jakina da, baina orokorrean ez gara ohartzen zaintzaileak sufritzen duenaz. Azken batean, alzheimerra duen pertsona une batetik aurrera ez da gai izaten inguruan gertatzen ari denaz ohartzeko, baina hurbilekoak bai, eta oso mingarria da. Sintomak pixkanaka nola larritzen diren ikusten dugu, egunez egun.

Zuri zertan lagundu dizu abestiak?

Barrenean nuena oihukatzeko balio izan dit, hasieran batez ere. Orain, jendaurrean kantatzen dudan bakoitzean, sentitzen dut zerbait gehiago askatzen dudala. Emozioak ez dira lehen aldietakoen berdinak; aldatu egin dira.

Eboluzionatu egin du abestiaren esanahiak?

Behin kantua publiko bihurtuta, denona bihurtzen da, eta, aldi berean, inorena ere ez. Mezua partekatu egiten duzu, eta, niretzat behintzat, katarsi bat izan da. Kantatzen dudan bakoitzean, zauria sendatzen joaten da, eta orbaintzen.

Musika sendagai eraginkorra izan daiteke, beraz.

Bai, eta ez horrelakoetarako bakarrik. Ikerketek erakutsi dute musikak asko laguntzen diela alzheimerra duten gaixoei. Nire amonarengan oso argi ikusi nuen,eta, gaitz honetatik harago, beste gaixotasun batzuentzat ere oso tratamendu ona da musika.

Musikoterapia gehiago sustatu beharko litzateke, orduan?

Bai. San Juan de Dios ospitalean eskaintzen dute batzuetan. Zoritxarrez, nire amonak ezin izan zuen horrelakoetan parte hartu, baina bai, zalantzarik gabe, komeni litzateke gehiagotan izatea.

Alzheimerrari buruzko dokumental batean entzun daiteke zure abestia. Nola ailegatu da?

Sarean publikatu nuen, eta oso harrera ona izan zuen. Ez nuen halakorik espero. Bartzelonatik deitu zidaten, esanez asko gustatu zitzaiela, eta galdetu zidaten ea dokumentalean parte hartu nahi nuen. Pozik esan nien baietz, ikusi nuelako helburu bera genuela; hain zuzen ere, azaltzea alzheimerraren errealitatea zein den. Izan ere, gauza askori ez diegu erreparatzen.

Jendartea ez dago aski sentsibilizatuta gaixotasunarekin?

Egon badago, baina premiazkoa da gehiago jakitea eta sakontzea. Sentsibilizazioak orokorragoa izan behar du, esparru guztietara zabaldua.

Apiriletik gaur arte, sortu dituzu kantu gehiago, eta denek dute aldarrikapen mezuren bat.

Sor nitzakeen kantuak maitasunari buruzkoak, eta, izatez, horrelakoak ere egiten ditut, baina uste dut jendeak ez duela horrelako mezu gehiagoren beharrik. Ordea, gai sozialak argitara ateratzea premiazkoagoa ikusten dut. Feminismoa zen nagusi maiatzean kaleratu nuen abestian, eta, berriki, beste bat ere atera dut: beloari buruz mintzo naiz horretan, eta islamofobiaren gaia jorratzen dut haren bidez.

Musika bozgorailu ona da?

Bai, zalantzarik gabe; bozgorailurik indartsuenetarikoa da. Mezuak hobeki aditzen dira melodia batek lagunduta.