Hogeita hamabost

Hogeita hamabost

Lur Albizu Etxetxipia

Erraz esaten da hogeita hamabost. Izan daitezke hogeita hamabost segundo: abesti baten sarrera, semaforo gorri batek irauten duena. Izan daitezke hogeita hamabost minutu: kafe azkar bat ezagun batekin, herritik hirirako bidea, zazpi abesti. Izan daitezke hogeita hamabost egun: hilabete pasatxo, lagun hura ikusi gabeko egunak, bidaia luze bat, egutegian markatzen ditugun egunak. Izan daitezke hogeita hamabost hilabete: ia hiru urte, mundua hankaz gora jartzeko adina denbora, geure burua guztiz aldatzeko denbora ematen duena. Baina hogeita hamabost urte pasatu dira. Hogeita hamabost.

Hogeita hamabost urte: bizitza oso bat. Haurtzaro bat, nerabezaro bat, gaztaro bat. Denbora luzea pertsona baten bizitzan. Hiru hamarkada eta erdi. Erraz esaten da: errazegi.

Bizitza lapurtu baterainoko distantzia ere izan daitezke hogeita hamabost urte. Duela denbora hori, batzuk ez ginen jaioak. Baina Mikel Zabalza desagerrarazi zuten, haren bizitza segatu eta gure herriko orrialde beltz horietako bat idatzi zen. Idatzi zen, hori ere desagerrarazi nahi izan bazuten ere. Egiarik ez dagoen arren, justiziarik egon ez den arren, erreparaziorik ez badago ere. Historia guk geuk ere idazten ahal dugulako, eta horretan ari garelako.

Baina hala da: hogeita hamabost urte egia jakin gabe, zer gertatu zen ofizialki jakin gabe. Familia batek, eskualde batek, herri batek jakin gabe. Egia argitara atera gabe, eta borrokan.

Hogeita hamabost urte eta omenaldiak urtez urte. Hogeita hamabost urte, eta Mikelen atxiloketa eta ondorengo desagerpena: egun infinitu horiek, amaiezinak, imajinatu ezin dudan ezinegona sortzen dutenak. “Zer egin diozue?” galdera buruan. Torturaren errealitate gordina, Intxaurrondoko iluntasuna. Galdutako objektuak. Bertsio ofizial grotesko eta sinestezin bat (heriotzaz ari ez bagina barrea ere eraginen lukeena). Ibai bazterrean aurkitutako gorpu bat. Bizitza segatu bat.

Beste bizitza segatu bat. Eta ondorengo ibilbide luze hori: justiziaren bila ibiltzea. Estatu-sekretuak. Estoldak, kuartelak, tortura gehiago. Tortura sistematikoa. Bizitza markatuak. Ion Arretxe, Idoia Aierbe. Urte hauetan guztietan egiaren, justiziaren eta erreparazioaren atzetik ibili den familia, ingurua, komunitatea. Omenaldiak, lore eskaintzak eta urteurrenak. Bata bestearen atzetik.

Dokumental bat, kronika lazgarria pantailara eraman duena, dotore eraman ere. Hori ere behar dugulako: zer gertatu zen jakin, ikertu, kontatu eta jaso. Belaunaldiz belaunaldi pasa, lekukoa eraman.

Idazten jarraitu, kontzientzia hartu, lau haizeetara zabaldu. Azken finean, hori ere ezinbestekoa delako: ez dadin ahanzturan erori. Mikelek bizirik jarrai dezan gu guztion memorian. Gure memoria kolektiboan. Oroimena ere hori delako: gu guztion buru eta gogoan Mikel Zabalzaren memoriak, herri honetan gertatu direnen memoriak, bizirik jarraitzea. Hogeita hamabost, eta hogeita hamabost, eta beste hogeita hamabost urtez.