Bertzaldeko begiradak

Bertzaldeko begiradak

Iruñeko Vaguada zahar etxean hilaren 7an jaso zuten COVID-19aren aurkako txertoaren lehen dosia, eta bigarrena 28an hartu bitartean, bisitarik ezin dute jaso. Eremu seguruak sortu dituzte hirian.

Edurne Elizondo

Nola egonen naiz, bada? Gaizki”. Kristalaren bertzaldetik erantzun du Maria Luisa Gandarillasek. Iruñeko Donibaneko Vaguada zahar etxeko egoiliarra da, eta kristalaren bertzaldeko begiradan sumatzen zaizkio nekea eta etsipena. Urtarrilaren 7an eman zioten COVID-19aren aurkako txertoaren lehen dosia, eta hilaren 28an bigarrena jasotzeko zain da. “Bitartean, bisitak bertan behera utzi dituzte”.

Lehen dosia hartu arte, astean bitan zuten Gandarillasen senideek emakumea bisitatzeko aukera. Pertsona bakar bat sartzen ahal zen, eta bakarrik ordu erdiz. Bigarren dosia hartu arteko oraingo itxialdiak are gehiago mugatu du egoiliarren eta zahar etxetik kanpokoen arteko harremana. “Leihoaz bertzaldetik ikusi beharko dugu denok izeba, aurrerantzean”, zehaztu du Oskia Astrain Gandarillasen ilobak.

Oskiaren ahizpa Arantxa Astrain izan da izebaren ondoan egoitza barruan egoteko aukera izan duen azkena. Egoitzako kafetegiko kristalaren bertzaldean gelditu behar izan dute gainerako senideek. Baina ez dira gutxi, eta lortu dute Gandarillasen tristura arintzea. Batez ere, etxeko gazteenek. Familiako haurrak nekez egoten dira kristalaren aurrean geldirik, minutu bat baino gehiago; korrika ari dira, eta jolasean. Baina izeba ahaztu gabe. Zahar etxeari buelta eman, eta berriz ere Gandarillas dagoen leiho aurrean agertzen direnean, eskuarekin agurtzen dute. Gandarillasek ezin du eutsi: berak ere eskua hurbildu du kristal ondora, haurrak ukitu nahian. Aurrean dituen bitartean, irribarrea ageri zaio zahar etxeko egoiliarrari aurpegian. Irribarre handi bat begiradan.

Gandarillasentzat “zaila” da egungo egoera; eta senideentzat ere bai. “Hasierako itxialdia hagitz gogorra izan zen; eta egoera luzatzen ari da. Zaila da egunerokoari aurre egitea; nahiko genuke gehiago etorri, izebarekin egon, baina ezin gara etorri”, kontatu du Oskia Astrainek.

Ezin izan dute Gandarillasen urtebetetzea nahi bezala ospatu, bertzeak bertze. 89 urte egin zituen asteartean. Gazteagoa ematen duela erran diotenean, berriz ere irribarre egin du Gandarillasek, kristalaren bertzaldetik.

Burbuilari eutsi

Oskia eta Arantxaren ama da Pilar Alfaro. Sakelakoa eskuan du, telefonoa baliatzen baitute Gandarillasen senideek kristalaren bertzaldeko hotsak hobeki entzuteko. Ondoan duen ilobaren sakelakoari hitz eginez, zahar etxeko egoiliarrak berretsi du 89 urte eginen dituela. Ezta bat gutxiago ere; eta pozik da. Koronabirusari ere egin behar izan dio aurre, eta onik atera da. Badu zer ospatu.

COVID-19aren aurkako txertoak herrialde osoko zahar etxeetan eragin du itxialdiaren barruko bertze itxialdi bat; lehen dosia hartu eta gero, eta, egoiliarrak babesteko asmoz, egoitza barruan gelditu dira bigarrenaren zain. Egoera arintzeko asmoz, Iruñeko Udalak zahar etxeetan direnentzat espazio seguruak sortu ditu azkeneko asteotan. Helburua da egoitza barruko burbuilari eustea: hau da, karrikan eremu bat zehaztea bakarrik egoiliarrek eta zaintzaileek erabil dezaten.

Donibaneko Vaguada zahar etxeak badu espazio seguru bat egoitzaren aurrean. Udalak hesiekin mugatu du espazio hori, bertze inor sar ez dadin. Ordutegiak zehaztu dituzte, gainera: 10:30etik 12:30era, eta 16:30etik 18:30era.

Donibanekoa ez da gisako espazio seguru bat duen bakarra: abendutik, zahar etxeetako egoiliarren itxialdia arintzeko gisako eremuak prestatu dituzte Mendebaldean (Solera Urban) eta Arrotxapean ere (El Mirador eta Padre Menni). Eremu seguru gehiago sortzeko aukera ez du baztertzen udalak. Iruñeko udal agintariekin batera, zahar etxeetako arduradunak eta Nafarroako Gobernuko Unitate Soziosanitarioko kideak aritu dira zaharren itxialdia arintzeko lanean.

Gandarillasek ez du Donibaneko espazio segurua baliatu, asteon. Zaintzaileen laguntza behar du, une oro. Oraingo itxialdiaren ondorioz, lorategiko leihoko kristalaren bertzaldean jaso behar izan ditu bisitak. Bina pertsona baino ez, aldi bakoitzean. Egoerak hobera egiteko zain da zahar etxeko egoiliarra; izebaren bertzaldeko begirada alaitzeko zain, berriz, familiako haurrak.