Urriaren erdialdeko euriek onddoz bete zituzten Nafarroako mendiak, batez ere, iparraldean, eta onddoekin batera, perretxiko biltzaileek hartu zituzten hango eta hemengo basoak. Aspaldi ez bezalakoa izan da aurtengo udazkenak orain arte eman duen uzta, gainera, eta sare sozialak perretxikoz betetako saskiak, poltsak eta platerak erakusten zituzten irudien erakusleiho bilakatu dira. Nafarroako hainbat eremutan arautua dago perretxikoak hartzeko jarduera, eta araudiak ezarritako muga gainditu duten biltzaile batzuek isunak jaso dituzte. Ultzaman eta Erron, bertzeak bertze, 88 kilo perretxiko konfiskatu zituzten, urriaren bukaeran. Bertzalde, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioak jakinarazi du abuztutik bost herritar artatu dituztela larrialdietan perretxikoekin intoxikatuta. Hitzaldi bat antolatu dute, arriskuez ohartarazteko.
Izan ere, perretxikoak berez pisuak direla nabarmendu dute adituek, eta, ondorioz, neurrian hartu eta jan behar direla. Horixe azpimarratu dute Miguel Angel Pinillos medikuak eta Javier Gomez mikologoak, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan eman duten hitzaldian, Iruñean. Aretoa lepo bete da, jakin-min handia piztu baitu ospitaleak antolatutako saioak. «Ez da harritzekoa betetzea, gisa honetako hitzaldi gutxi egiten baitira», erran du Miguel Urrak, Gorosti elkarteko mikologoak.
Herritar batek perretxikoz betetako saskia. IDOIA ZABALETA / FOKU
Saioa Pepe Elizalde zenaren omenez antolatu dute. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko medikua zen hura, eta toxikologiako kontuetan aditua. «Aitzindaria izan zen Nafarroan perretxikoen toxikologiaren inguruan», azpimarratu du Pinillosek. Elkarrekin aritu ziren denbora batez: «Informazio gutxi zegoen garai hartan, eta harengana jotzen genuen denok».
Orain baliabide gehiago bada perretxikoak janda intoxikatzen diren herritarrak artatzeko. Pinillosek eta Gomezek, hain zuzen, gida bat ondu berri dute medikuen artean banatzeko; intoxikazioak eragin ditzaketen hamaika perretxikoren berri eman dute.
Perretxiko hilgarriak
Hitzaldia entzutera elkartu diren herritarren aurrean, Pinillosek eta Gomezek mezu nagusi bat nabarmendu nahi izan dute: kontuz ibiltzeko eskatu diete perretxikoak biltzea maite dutenei. «Zaletasun handia duen norbaitek ere egin dezake huts, eta toxikoa den perretxiko bat bildu eta jan», berretsi du Gomezek.
Perretxikoak nahastea ez da arrisku bakarra: urriaren erdialdean, Barañaingo Udalak bandoa atera zuen, herriko lakuaren inguruan hilgarriak izan daitezkeen perretxiko batzuk agertu zirelako: Lepiota subincarnata espeziekoak.
Gorosti elkarteko David Valenciak aurkitu zituen. «Lagun batekin joan nintzen lakuaren ingurura paseo bat ematera, eta hantxe ikusi genituen. Taldeko bertze kide bati eraman genizkion, azter zitzan. Guk uste genuen Lepiota brunneoincarnata espeziekoak zirela, antzekoak baitira. Edozein modutan, biak izan daitezke hilgarriak. Identifikatu eta gero, abisua eman genuen berehala».
Barañaingoaren gisako kasuetan «kontu handiz» jokatu behar dela erran du Javier Gomez mikologoak, perretxikoak edozeinen eskura baitaude. «Haur batek har eta jan ditzake, edo txakur batek». Garbi du abisua eman behar dela, baina erantsi du «are inportanteagoa» dela pedagogiaren esparruan lan egitea, eta herritarrak «heztea». «Ematen du gero eta lotura txikiagoa dugula naturarekin, inguruan dugunarekin, eta lehengo ezagutzak galtzen ari dira». Mikologoak uste du herritarrek, oro har, gutxi dakitela perretxikoen inguruan, eta, ondorioz, zentzuz jokatzera deitu ditu herritarrak.
Onddoak erruz atera dira Nafarroan urrian. MIKEL ELIZONDO
Ezagutzen ez duzuna bazter uztea da zentzuz jokatzea, Gomezen hitzetan. Hark eta Pinillosek erantsi dute bertze hainbat urrats egin daitezkeela, gainera, toxikoak diren perretxikoak hartuz gero eragin dezaketen kaltea ahalik eta gehien arintzeko. Medikuak garbi erran du: «Jan aurretik, egin argazki bat perretxikoei, eta, ahal dela, gorde lagin bat osorik». Pinillosek zehaztu du irudiek anitz laguntzen ahal dutela kaltea eragin duen perretxiko mota identifikatzen, eta halakoetan denbora «funtsezkoa» dela. Lehentasuna da gaixotu dena ahalik eta azkarren artatzea.
Medikuen lana ez da erraza. Horixe nabarmendu du Pinillosek. 30 urtez aritu zen Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko larrialdietan, eta erretiroa hartu eta gero, aholkulari aritzen da, toxikologiarekin lotutako gaietan. Perretxikoek eragindako intoxikazioetan, diagnostikoa egitea zailtzen duten hainbat elementu badirela zehaztu du: «Anitzetan, ez dugu gaixoak zehazki zer perretxiko mota jan duen jakiteko informaziorik, eta sintomak, gainera, askotarikoak izan daitezke. Perretxiko batzuek berehala eragiten dituzte sintomak, eta bertze batzuek, berriz, ez».
Whatsapp talde bat
Zailtasunei aurre egiteko asmoz ondu dute Pinillosek eta Gomezek perretxikoen inguruko gida. Berriki, saio bat antolatu dute herrialdeko osasun etxeetako medikuekin, gidan jasotako informazioa zabaltzeko. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko profesionalek, gainera, badute bertze tresna bat, diagnostikoak ahalik eta azkarren egin ahal izateko: Whatsappean aritzeko talde bat dute hainbat medikuk eta mikologok, perretxikoak identifikatzen laguntzeko, tratamendu ahalik eta zehatzena jartzeko asmoz.
Zenbat perretxiko toxiko jaso dituzten gidan.
Miguel Angel Pinillos medikuak eta Javier Gomez mikologoak ondutako gidak 59 perretxiko toxiko mota jaso ditu. Toxikologia Klinikoaren Espainiako Fundazioak argitaratu du. Helburua da gida medikuen artean zabaltzea, gaixoren bat artatuz gero identifikazioa errazteko. Perretxiko batzuek kalte larriak eragin ditzakete, bai eta heriotza ere.
Gomezek zehaztu du badirela perretxikoak sailkatzeko kontuan hartu beharreko hainbat elementu, eta, horien arabera, errazagoa izan daitekeela toxikoak direnak ezberdintzea. Mikologoak bost aipatu ditu: batetik, perretxikoaren txapelaren beheko aldea nolakoa den. «Izan daiteke lameladuna, hodi askagarriduna, tolesduna edo eztenduna». Arriskutsuenak lameladunak direla erran du mikologoak. Lameladunen artean, perretxikoa nola apurtzen den aztertu behar dela erantsi du: «Pikordunak edo haritsuak izan daitezke». Txapelaren beheko alde horrek zer kolore duen da kontuan hartu beharreko hirugarren elementua: argia, arrosa, arrea edo beltza izan daiteke, hain zuzen. Gomezek Entoloma sinuatum perretxikoa aipatu du adibide gisa. «Hagitz toxikoa da, arriskutsuenetako bat Nafarroan». Lamelak ditu txapelaren beheko aldean, eta esporak arrosa kolorekoak. Azkenik, kontuan hartu behar da perretxikoaren txapela eta hanka nola lotzen diren, eta txapelean edo oinean eraztunak edo errezelak ote dituen.
Askotarikoa da perretxikoen mundua. Horixe berretsi du Gomezek Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan egindako saioan, eta han elkartu direnen aurrean berretsi du zentzuz jokatzea dela inportanteena. Prebentzioaren alde egin du, eta zaleei eskatu die neurriz har eta jan ditzatela. Ikertzera deitu ditu zaleak, gainera, perretxikoen inguruko ezagutzak gora egin dezan. «Kontuz ibili saskia betetzerakoan; ez nahastu mota ezberdinetako perretxikoak, eta zalantzarik izanez gero, bazter utzi», bukatu du Gomezek. Pinillosek hartu du azken hitza: «Eta, badaezpada, egin argazkia jan aurretik».
1
Omphalotus illudens
Omphalotus illudens perretxikoa. JAVIER GOMEZ
Apo ziza erraten zaio Omphalotus illudens perretxikoari euskaraz, eta pozoitsua da; sindrome gastroenteritikoa eragiten du, iludina izeneko toxinaren ondorioz. Udan eta udazken hasieran ikus daiteke, batez ere, haritzen eta gaztainondoen enborretan. Horixka da, kolore bakarrekoa, baina zahartzen denean, arreago bilakatzen da. Bost eta hamabost zentimetro arteko diametroko txapela du. Perretxiko lameladuna da, eta haragia sendoa eta haritsua du. Txapelaren azpiko aldea zuri edo krema kolorekoa da. Bitxikeria bat badu: bioluminiszentzia badu.
2
Entoloma lividum
Entoloma lividum perretxikoa. JAVIER GOMEZ
Entoloma sinuatum erabiltzen da egun perretxiko horren izen zientifiko gisa. Euskaraz, berriz, azpiarrosa maltzurra izenez ezaguna da, erraza baita jangarriak diren bertze perretxiko mota batzuekin nahastea. Perretxiko mota hagitz toxikoa da, eta digestio sindrome larria eragin dezake. Hostozabalen azpian ateratzen dira. Sei eta hamalau zentrimetro arteko diametroko txapela du. Hanka zilindrikoa, sendoa eta lodia du oinaldean, krema zuria, zahartzean horitzen edo iluntzen dena. Mamia, berriz, trinkoa du, eta irin freskoaren usaina eta zaporea.
3
Amanita phalloides
Amanita phalloides perretxikoa. JAVIER GOMEZ
Amanita phalloides perretxikoari hiltzaile berdea erraten zaio euskaraz, eta izenak, hain zuzen, ez du zalantzarako tarterik uzten: heriotza eragin dezake. Egungo tratamenduak eraginkorrak dira, eta, ondorioz, hagitz inportantea da ospitalera ahalik eta azkarren joatea eta garaiz artatzea. Bost eta hamabi zentimetro arteko diametroko txapela du, berde samarra; berde-horixka izan daiteke, bai eta oliba berdea ere, ilunagoa txapelaren erdialdean. Udan eta udazkenean ateratzen da, koniferoen eta hostozabalen azpian. Usain arina du perretxikoa sortu berria denean, eta amaieran, berriz, txarra. Zapore gozoa du.
4
Lepiota brunneoincarnata
Lepiota brunneoincarnata perretxikoa. JAVIER GOMEZ
Galanperna arre-arrosa erraten zaio euskaraz, eta heriotza eragin dezake. Txapel txikia du, eta hemisferikoa, baina zabalduz joaten da. Uda eta udazkena bitartean hazten da hostozabalez osatutako basoetan, lorategietan eta itsasertzeko dunetan. Askotan parkeetan, lorategietan, bide bazterretan edo zuhaitz eta zuhaixka batzuen azpian agertzen dira, eta horrek are arriskutsuago bilakatzen ditu, edonoren eskura egon baitaitezke. Txapeleko mamia zuria du, eta hankakoa, berriz, arrosa. Fruitu usain ahula du. Kutikula ardo kolore marroidun ezkataz apaindua du, batez ere erdian. Hanka zilindrikoa da, oinarrian lodiagoa.
