Kanpaina hasi dute parke eoliko eta fotovoltaiko handien aurka

Kanpaina hasi dute parke eoliko eta fotovoltaiko handien aurka

Ekologistak Martxan-ek dio berriztagarriak garatzeko ereduak «kalte handia» dakarrela; Haize Berriak koordinakundea sortu dute Sacyrrek Iruñerrian dituen proiektuen aurka.

Edurne Elizondo

Gero eta eragile gehiagok egin dute urratsa energia berriztagarriak garatzeko azken urteotako moduak salatzeko: Erriberako Ekologistak Martxan taldeak, batetik, kanpaina hasi du eskualde horretako proiektu erraldoien aurka; bertzetik, Haize Berriak koordinakundea sortu dute Sacyr enpresak Iruñerriko iparraldean eraiki nahi dituen bost parke eolikoen kontra. Eragileok bat egin dute Sustrai Erakuntza fundazioak eta Erreniega Salba Dezagun plataformak oinarritzat hartu duten leloarekin: “Energia berriztagarriak bai, baina ez horrela”.

Ekologistek eta herritarrek modua jarri dute jomugan, hain zuzen ere; garbi erran dute berriztagarri izateak ez duela erran nahi jasangarria dela, berez. Ekologistak Martxan taldeak txosten bat argitaratu du, eta nabarmendu du egungo parke fotovoltaiko eta eoliko handiek “kalte handia” egiten diotela ingurumenari. “Balio ekologiko handiko eremuetan daude, baina Erriberan herritarrek ez diote lurrari duen balio hori aitortzen”, erran du Eduardo Navascues Ekologistak Martxan-eko kideak. Zehaztu du, halere, “arazo nagusia” zera direla, Erriberako parkeetan ekoizten den argindarra La Serna Tuterako azpiestaziotara eramateko lineak. “Denak doaz toki berera, eta ez da tokirik gehiago jartzeko”, ohartarazi du.

Hori dela eta, egun mahai gainean dauden proiektu guztiak gelditzeko eskatu du Erriberako Ekologistak Martxan taldeak: “Kontsumoa murriztea hartu behar dugu helburu, batetik; bertzetik, autokontsumoa bultzatzea, eta, horretarako, kontsumo guneetatik gertu ekoitzi behar dugu argindarra, bertzeak bertze gizakiak jada okupatutako guneak baliatuz”. Ekologistek proposatu dute, adibidez, industrialdeetako eraikinetako teilatuetan jartzea eguzki plakak.

Proiektu gehiago

Nafarroako Gobernuko Enpresaren eta Ekonomiaren Garapenerako kontseilari Manu Aierdik herrialdean energia berriztagarrien esparruan dauden egitasmoen berri eman zuen azaroan. Aipatu zuen 23 parke eoliko eta hamabi fotovoltaiko egiteko proiektuak jaso dituztela departamentuan, eta bertze 35 jasotzeko zain direla. 35 horien artean, hamabost dira fotovoltaikoak; besteak beste, Erreniegan egingo dituzte, eta horien kontra sortu dute Erreniega Salba Dezagun plataforma.

Iruñerrian ere badira parke eoliko gehiago egiteko proiektuak. Sacyr enpresak, zehazki, bost eraiki nahi ditu Iruñerriko iparraldean. “Denera, 56 haize errota jarri nahi dituzte, bakoitza lau megawatteko potentziarekin”, azaldu dute Haize Berriak koordinakunde sortu berriko kideek.

Plataforma horretan bat egin dute Eguesibar, Esteribar, Ezkabarte, Txulapain, Lizoainibar-Arriasgoiti, Odieta eta Olaibarko bizilagunek. Sortu berri duten taldea ezagutarazteko, elkarretaratzeak egin dituzte asteburuan nork bere eskualdean. Nabarmendu dute energia trantsizioak “jasangarria” izan behar duela lurraldearekin eta lurraldean bizi diren herritarrekin.

Hildako miru gorri bat, Tuterako parke eoliko batean. Jose Antonio Martinez.

Herrialdeko parke eolikoek eta fotovoltaikoek ez diete bakarrik lurraldeari eta lurraldean bizi diren herritarrei eragiten; lurralde horretan bizi diren gizakiz bertzeko animaliei ere eragiten diete, Ekologistak Martxan taldeko kideek egindako txostenean jaso dutenez. Haize errotek “milaka” hegazti hiltzen dituztela salatu dute, batetik; bertzetik, argindarra garraiatzeko kableek ere eragiten dutela hegaztien heriotza; eta, hirugarrenik, hegaztiak beren habitatetik kanporatzen dituztela. Arazo hori parke fotovoltaikoek eragiten dute bereziki; are gehiago orain bultzatzen ari diren parke handiek. Estepako lurretan diren hegaztiei eragiten diete, bertzeak bertze, ekologistek ohartarazi dutenez.

Gero eta parke gehiago, eta gero eta handiagoak: hori da Erriberako Ekologistak Martxan taldeak nabarmendu nahi izan duen arazoa. “Aierdik garbi utzi du Nafarroako Gobernuak horren alde egin nahi duela apustu”, erran du Navascuesek. Horregatik argitaratu dute txostena: agerian uzteko gauzak egiteko moduak zer garrantzi duen.

Datua

1.251

POTENTZIA INSTALATU BERRIZTAGARRIA, MW-ETAN

Nafarroan 1.251 megawatteko potentzia instalatu berriztagarria dago gaur egun: 51 parke eoliko daude, 1.089 MW-eko potentziarekin. Bertze 23 egiteko proiektuak badira, eta hamabi foto-zvoltaiko ere bai (1.167 MW-eko potentzia instalatua, denera).