UPN: «Gobernu sozialista honek inoiz ez luke Itoizko urtegia eraikiko»

Kanpaina honetan, UPN-PP koalizioak azpiegitura handiei erreparatu nahi die. Javier Esparza Senatuko zerrendaburuaren hitzetan, «Bilduren eskutik doan gobernu sozialista honek inoiz ez luke Itoizko urtegia eraikiko». Bere esanetan, Nafarroak azpiegitura plan bat hitzartu beharra du Espainiako Gobernuarekin, «epeak eta aurrekontua zehaztuta». 

Itoizko urtegira egin dute bisita eskuineko koalizioko hautagaiek. Bertan, Esparzak azpiegitura handiei egin die errepasoa. Lehen fasea handitzeko lanak amaitzeko hamar urte behar izan dira, eta finantzaketa arazoak tarteko, Erriberara ura iristeko Nafarroako Ubidearen bigarren fasea geldirik izan da. Esparzaren ustez, bigarren fasearen proiektua «desblokeatu» beharra dago. «Obrak lizitatu behar dira behingoz».

AHT bultzatzeko beharra ere azpimarratu du Esparzak, Nafarroako ibilbidearen tarte guztietan. «Madrilekin lotzeko orduan, azkenak gara, eta ez dugu onartuko orain Nafarroarekin zekenak izatea. Espainian eraikitako abiadura tren sare osoaren %1,6 ordaindu du Nafarroak», argudiatu du Nafarroak urtero Hitzarmen Ekonomikoko ekarpenaren bidez ordaintzen duen ehunekoari erreferentzia eginez.