Tximeleta Nafarroako autokarabana erabiltzaileen elkarteko kideek turismo mota horren aldeko neurriak eskatu dituzte Nafarroako Parlamentuan. 2011n sortu zuten taldea; 130 bazkide ditu jada.
Edurne Elizondo
Toki bat. Horixe eskatu dute Tximeleta Nafarroako autokarabana erabiltzaileen elkarteko kideek, Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian: toki bat Nafarroako Gobernuaren agendan; toki bat Nafarroako Turismo Kontseiluan, eta toki bat beren ibilgailuentzat.
Azken bospasei urteotan nabarmen egin du gora autokarabana erabiltzaileen kopuruak Nafarroan. Gero eta gehiago dira turismo mota horren aldeko apustua egin duten herritarrak, eta koronabirusaren pandemiak ekarri duen jokalekuak mesede baino ez dio egin hautu horri: “Seguru bidaiatzeko aukera ematen du autokarabanak”.
Tximeleta elkarteko idazkari Patxi Izkuerenak dira hitz horiek. “Kontent” azaldu da parlamentuan agerraldia egin eta gero, eta nabarmendu du taldeek, behintzat, jarduera horren gorakada onartu behar izan dutela. Haren ustez, horrek ekartzen du neurriak hartzeko beharra: neurriak, turismo mota horren inguruan egungo legeek dituzten “hutsuneak betetzeko”, eta erabiltzaileek turismoaren inguruko jardueretan beren iritzia emateko aukera izan dezaten; eta, neurriak, halaber, turismo mota hori bultzatzeko, autokarabanentzat eremu berriak sortuz eta daudenak sustatuz.
Izkuek garbi du herritarren bidaiatzeko ohiturak “gora” egin izanak eta bidaia horiek “askatasunez” egiteko nahiak azaltzen dutela gero eta autokarabana erabiltzaile gehiago izatea. Haientzat “erreferente” izan nahi du Tximeleta elkarteak. 2011. urtean sortu zuten. “Hogei erabiltzailek jarri zuten martxan, elkartzeko eta esperientziak partekatzeko asmoz, eta egun, jada, 130 bazkide inguru gara”.
Herrialdean, autokarabanentzako 30 eremu inguru badira, baina “eskasak” dira haien inguruko datuak, herrialdeko turismoaren inguruko informazio iturri ofizialetan. “Nafarroako Gobernuak duen turismo webgunean sartzen den erabiltzaileak deus gutxi jakin ahal izanen du eremu horien inguruan”, erran du Izkuek. Egoera hori aldatu nahi dute, eta gobernuko arduradunei eskatu diete elkarteak duen informazioa balia dezatela.
Kanpalekuan eta handik at
Toki bateko edo bertzeko turismoa sustatzeko ere balio dezakete autokarabanentzako eremuek, Tximeletako kideek parlamentuan defendatu dutenez. Hautu horren ordezkari izateko lortu nahi dute toki bat Nafarroako Turismo Kontseiluan. “Premiazkoa” da, haien ustez, egun dauden hutsuneak betetzea.
Izan ere, turismoaren legeak eta autokarabanen inguruko dekretuak eragiten diete ibilgailu horien erabiltzaileei. “Bietan, kanpalekuak baino ez dira aipatzen”. Kanpalekuetatik kanpo, baina, autokarabanek badute espazio bat: batetik, ibilgailu horientzat herriz herri dauden eremuak; eta, bertzetik, karrika bera. Kontua da, udalez udal aldatzen dela egoera, autokarabanentzako lege zehatzik ez dagoelako.
Egun falta den arau orokor eta bateratzailea nahi du Tximeleta elkarteak, autokarabanen bidezko turismoari “bere lekua” emanen diona. 2020an ere, autokarabanen salmentak Nafarroan “%3 gora” egin zuela nabarmendu du Patxi Izkuek. Erosteko orduan, 35.000-50.000 euro artekoa da autokarabanen prezioa. Alokatzea da bertze aukera, baina hori ere ez da merkea: 100-120 euro egunean, hain zuzen ere. “Askatasunez” bidaiatzeko ordaindu behar den prezioa da, Izkueren hitzetan. Nafarroako Parlamentuan egon eta gero, Nafarroako Gobernuko turismo arduradunekin biltzea dute helburu Tximeleta elkarteko kideek. Nahi duten tokiaren alde segituko dute.
Datua
10.000
ZENBAT AUTOKARABANA ERABILTZAILE DAUDEN
Nafarroan, 10.000 autokarabana erabiltzaile inguru daude. Kontuan hartu behar da autokarabana bakar batek zenbait erabiltzaile dituela. Bikoteek eta seme-alabak dituzten familiek erabiltzen dituzte, batez ere.