Alfredo Murillo eta Patxi Aldunate Cabeza de Artista dira. Izen horrekin sinatzen dituzte elkarrekin sortutako artelanak: ‘20 20’ fanzinea da azkena. Hogei idazlek eta hogei artista plastikok 2020ari buruz egindako gogoetak jaso dituzte, 20x20ko argitalpen batean.
Edurne Elizondo
Jule Costa artista nafarrak ur jauzi baten bidez irudikatu du koronabirusaren pandemiak egunerokoan ezarritako “zurruntasuna”. Ur-lasterrak denak eramaten ditu bide berean, “etorkizun ilun” baterantz, baina jokaleku horretan ere, bada zeri heldu: ur gainean ageri den enborra da ezezaguna den inguru horretan gauzak sortzeko aukeraren isla. “Ur jauzitik eroriko gara denak, baina elkarrekin gara, eta horrek lasaitzen ahal gaitu. Enborretik ere atera baitaitezke hostoak”.
Costak hitz horien bidez azaldu du Alfredo Murillok eta Patxi Aldunatek —Cabeza de Artista osatzen du bikoteak— koordinatutako fanzinerako egindako obra. 20 20 izenburupean, hogei idazlek eta hogei artista plastikok 2020. urteari buruz egindako gogoetak jaso dituzte lan horretan, 20×20 zentimetroko argitalpena osatuz. Murillok artista plastikoen zerrendan egin du bere ekarpena; Aldunatek, berriz, idazleenean.
Berrogei egileek 2020. urtearen ingurukoak hartu dituzte ardatz. “Askatasuna eman diegu nahi zutena egiteko”, azaldu du Murillok. “2020an pandemiak eztanda egin arren, jende askorentzat joan den urtea ez da pandemiaren urtea izan”, erantsi du Aldunatek. Cabeza de Artistarentzat, hain zuzen, 2020a urte “aberasgarri eta interesgarria” izan da artearen esparruan: osasun krisia lehertu baino lehen, Jabier Villarrealen omenez Eibarren (Gipuzkoa) egindako erakusketan parte hartu zuen bikoteak; Altsasuko Iortian eta Iruñeko Ziudadelan ere erakutsi zituzten Cabeza de Artista gisa sortutako lanak, eta, urte amaieran, Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuak proposatuta, orain argitaratutako 20 20 fanzinea prestatzen hasi ziren, Landarte programaren barruan.
“Ni naiz Cabeza de Artistaren bihotza, eta Alfredo [Murillo], berriz, burua”, erran du Patxi Aldunatek, maskarak ezkutatutako irribarre batekin. Pandemiak kulturaren esparruan eragin duen astindua ahaztu gabe —artista anitz “kale gorrian” gelditu direla oroitu du Murillok—, umorez eta ilusioz ere jantzi nahi izan dute bi artistek beren azken proiektua. “Argitalpen osoan sumatzen da pandemiaren eragina, baina parte hartzaileek gogoeta eta ekarpen ezberdin asko egin dituzte, eta horiek zabaltzea da kontua”, nabarmendu du Murillok. Iragan urteak gogoetarako eman duen aukera baliagarri bilakatu nahi izan dute.
200 ale salgai, hiru euroan
Cabeza de Artistak 20 20 fanzinearen berrehun ale argitaratu ditu, eta hiru euroan jarri ditu salgai, Iruñeko Katakrak liburu dendan eta Iturrama margo dendan. “1990eko hamarkadan egiten genituen fanzineak Toki Lezan eta Zurizan saltzen genituen; taberna horietan ere utzi nahi genituen, baina itxita daude”, erran dute, triste samar.
Gazte garaiko fanzineak osatzen zituzten modura, hitzak eta irudiak jaso dituzte Murillok eta Aldunatek argitalpen berrian. Artista plastikoen artean, eta Jule Costarekin batera, Murillo bera, Jose Miguel Corral, Maria Jimenez Moreno eta Santos Iñurrieta daude, bertzeak bertze. Idazleen zerrendan, berriz, Aldunaterekin eta Iruñeko Caldereria auzoan margoketa bat egin zuen egile anonimoarekin batera, Itzine Aldunatek, Iban Garrok, Max Nitrofoxkak, Sara Guerrak eta Julen Zelaieta Iriartek parte hartu dute, bertzeak bertze.
“Parte hartzaile gehienak dira nafarrak, baina badira gipuzkoarrak, arabarrak eta bizkaitarrak ere”, azaldu dute Murillok eta Aldunatek.
Zelaieta Iriartek, adibidez, Nafarroako Bertsozale Elkartearen bidez jaso zuen Patxi Aldunateren gonbita, fanzinean parte hartzeko. “Fanzine bat zer zen ere ez nekien”, onartu du bertsolari beratarrak, baina gustura aritu da, eta, Pandemia baten kronika ttikia izenburupean jaso ditu koronabirusaren inguruko bere hausnarketak eta bizipenak. “Bertsotan dena errana dagoenez, segidillaren doinua aukeratu dut azaltzeko, bertzeak bertze, muga bat jarri digutela”, azaldu du Zelaieta Iriartek.
Bertsolaria fanzinea jasotzeko zain da orain; Costak badu berea, eta “oso kontent” dago emaitzarekin. Balio handia eman dio, batez ere, artista batzuen eta bertzeen arteko elkarlanari. Nork bere ekarpena egin arren, lan guztiak batera emateak ekartzen du “egoera beste modu batera begiratzeko aukera”. Horixe nabarmendu du Costak, eta onartu du pandemiak eragin egin diola egunerokoan, bai eta bere lan artistikoan ere. “Altsasun egindako erakusketa batean ere, gairik ez ziguten eman, baina obra guztien atzean sumatzen zen pandemia; ez dakit barruko zama kentzeko modu bat den, edo bidea argiago ikusteko saio bat”, erran du.
Uharteko Arte Garaikideko Zentroko arduradunetako bat da Nerea de Diego, eta artista da 20 20 fanzinean parte hartu dutenetako bertze bat. Nabarmena da Uharteko zentroak eta Cabeza de Artistak duten harremana, eta, ondorioz, ia berez sortu da elkarlana. Murillok eta Aldunatek elkarrekin ondutako lehendabiziko erakusketa Uharteko zentroaren eskutik egin zuten. Bi buru erraldoi sortu zituzten okasio hartan. Bikote artistikoa bere bideko “unerik onenean” dela garbi du Aldunatek, eta zalantzarik gabe nabarmendu du. Gehiago ere erran du: “Alfredorekin batera aritzen naizenean, erabat seguru aritzen naiz. Badakit bete-betean asmatu dugula. Bakarrik nagoenean, zalantza gehiago izaten ditut”. Buruak eta bihotzak, edozein modutan, elkarrekin egiten dute aurrera. Eta 20 21 fanzinea pentsatzeari ekin dio jada Cabeza de Artistak.