“Artea erabili behar dugu kontzientziak astintzeko”

Madrildik Errioxara, eta handik Iruñera. Antzinako pinturen zaharberritzailea da Lucia Cervantes, bai eta hori baino anitzez gehiago ere: tatuatzailea, eskulangilea… Hitz batean, artista.

Edurne Elizondo

Iruñeko Jazar espazioan du Lucia Cervantesek (Madrild, 1976) Area 13 izeneko bere tatuaje estudioa. Duela bost urte etorri zen Nafarroara, eta geroztik ari da lan horretan. Orain, gainera, Huye, hombre, huye liburua oinarri duen komikia prestatzen ari da.

Nolakoa izan da tatuatzaile bilakatu aurreko zure bidea?

Nik beti izan dut artea buruan. Beti aritu naiz zerbait marrazten, margotzen edo sortzen. Antzinako pinturen zaharberritzailea naiz formakuntzaz, eta urte luzez aritu nintzen lan horretan. Madrilen aritu nintzen lehendabizi, eta Kolonbiara joan nintzen gero. Bide hori bazter utzi nuen haurdun gelditu nintzenean.

Zergatik?

19 eta 16 urteko bi seme dituen guraso bakarra naiz. Lehendabizikoa izan eta gero, Errioxara [Espainia] mugitu ginen, beti izan dudalako garbi landa eremua dela umeak hazteko tokirik aproposena. Errioxan bizi, baina Euskal Herriko hamaika azokatan aritu nintzen lanean, haurrak txikiak zirenean. Txapinak egiten nituen eskuz; oraindik ere egiten ditut. Azokak maite nituen, aukera nuelako haurrekin mugitzeko.

Errioxatik etorri zinen Iruñera?

Bai. Errioxan landa eskola batera joan ziren semeak. Zaharrenak instituturako bidea hartu zuenean, hiri batera mugitzea erabaki genuen. Hori zen gure asmoa, hasieratik, eta, semearekin batera, Iruñea aukeratu nuen.

Zergatik Iruñea?

Herri handi baten antza duen hiri bat da; ederra da, gainera. Hemen ez genuen inor ezagutzen, eta, egiari zor, onartu behar dut hasiera gogor samarra izan zela. Baina orain hagitz gustura gaude. Seme gazteena Errioxako eskolako ikasketak amaitu eta gero etorri zen. Biak ari dira hemen ikasten orain. Joan gara jendea ezagutuz, eta kontent gara.

Iruñean hasi zara tatuatzaile lanetan.

Etorri baino pixka bat lehenago hasi nintzen. Iruñean nire tatuaje estudioa dut Jazar espazioan, eta kolaboratzen dut bertze hainbat estudiorekin ere. Bartzelonan aritu izan naiz, bai eta Madrilen ere. Tatuatzeaz gain, ilustrazioak ere egiten ditut.

Emakume tatuatzaileak gero eta ikusgarriago bilakatzen ari zarete?

Tatuajeena beti izan da hagitz mundu maskulinoa. Emakumeok ez genuen tokirik mundu horretan, eta aritzen zirenak ikusezinak ziren. Zorionez, gauzak aldatzen ari dira, eta, azken urteotan, indarra hartu dugu.

Eta zerk bultzatu zaituzte horretara?

Emakumeok bat egin dugu. Ohartu gara garrantzitsua dela elkarri laguntzea, eta hori egin dugu. Sare moduko bat osatu dugu. Horrek eman digu ahalduntzeko aukera. Nire estudiora, adibidez, emakumeak baino ez dira etorri kolaborazioak egitera. Uste dut gero eta balio handiagoa ematen zaiola gure lanari, eta horrek anitz pozten nau.

Ezaugarri berezirik badu?

Baietz uste dut. Iruditzen zait lehengo moldeak hautsi ditugula, eta loreak, emakumeak, bihotzak, ilustrazioak sartu ditugu tatuajeen munduan. Hasieran, beldurra ematen zidan. Uste nuen inork ez zuela nahiko nik egindako marrazki bat tatuaje baterako. Kritiken beldur nintzen, baina alderantzizkoa gertatu da. Harrera hagitz ona izan dut.

Zein da zure estiloa?

Uste dut komikien edo haurrentzako ilustrazioen antza dutela nire tatuajeek. Halere, ez dut batere gustuko esparru jakin batean sailkatzea, eta, ondorioz, beti ari naiz bide berriak jorratzen. Nahi dudana egiten dut, finean, sentitzen dudana, aurretik zehaztutako molderik izan gabe.

Animalien marrazki anitz dituzu, adibidez.

Bai. Animaliak maite ditut, eta hori islatzen da nire lanetan. Orain, hain zuzen, arratoiak ari naiz marrazten, esku artean dudan proiektu berriari esker.

Zer proiektu da?

Komiki bat prestatzen ari naiz, Madrilgo El Imperdible argitaletxearekin, eta arratoiak dira protagonista. Jose Tarriok argitaletxe horrekin idatzitako Huye, hombre, huye liburua du oinarri komikiak. Argitaletxe horrekin lan egitea gustuko dut, anitz jorratzen duelako trans historia, transfeminismoa, anarkismoa eta abar. Irabaziak, gainera, borroka sozialetara bideratzen dituzte.

Zure lanak konpromiso sozial bat izatea garrantzitsua da zuretzat?

Bai, artea ez dut bertzela ulertzen. Arteak ez badu helburu hartzen gizartea eraldatzea, bere zentzu nagusia galtzen du. Artea erabili behar dugu kontzientziak astintzeko, eta azaltzeko gure egunerokoan bertze modu batera erran ezin dezakegun hori.

Sortzeko aske sentitzen zara?

Artearena ez da bide erraza. 44 urte ditut, eta, orain, arteari esker bizi naizela erran dezaket. Lana ez dut falta; jasotzen ari naiz egindako lanaren uzta, baina ez da beti horrela izan. Garai zailak izan ditut, deus saldu gabe, bertzeen onarpena jaso gabe, zalantzaz beteta. Baina aurrera egin dut. Ez dut etsi, eta sentitzen nuena egin dut. Hori izan da gakoa.

Orain tatuatzaile lana da zure lehentasuna?

Gehien gustatzen zaidana da, bai. Hori egin nahi dut. Ikasten jarraitu nahi dut. Tatuatzeko lanak mugitzen dit barrena. Erritual zoragarria da tatuaje bat egitea, eta ardura handia, aldi berean.