“GIB diagnostikoen %43 dira berantiarrak, oraindik ere”

“GIB diagnostikoen %43 dira berantiarrak, oraindik ere”

Nafarroako GIB eta hies programaren koordinatzailea da Estrella Mikeleiz, otsailetik. Gaitz horren aurka lanean segitzeko beharra jarri du erdigunean, COVID-19aren pandemiaren jokalekuan.

Edurne Elizondo

Farmazian lizentziaduna da Estrella Mikeleiz (Miranda Arga, 1981). Nafarroako Osasun Publikoaren Institutua izan du lantoki azken urteotan, eta, joan den otsailetik, Osasun Departamentuko GIB giza immunoeskasiaren birusa eta hies programaren ardura du bere esku.

Zein da egungo egoera?

Urtean berrogei pertsona ingururi diagnostikatzen diete GIBa.

Kopurua egonkortu da?

Bai, 2000. urtetik hori izan da joera. 2019. urtekoak dira azken datu ofizialak, eta urte horretan, hain zuzen, 43 pertsonari diagnostikatu zieten GIBa.

Oro har, Nafarroan, zenbat pertsonak dute GIBa?

Azken datuen arabera, 1.181 dira. Gaitza kronifikatzen ari da, eta, ondorioz, GIBa dutenen batez besteko adinak gora egin du. Birusa harrapatzeko moduan ere egon dira aldaketak. Hasieran, drogak hartzeko xiringak ziren kutsatzeko bide nagusia; orain, berriz, sexu harremanak: %95 baino gehiago. Gizonen artekoak, nagusiki. Nafarroan GIBarekin bizi diren 1.181 pertsona horietatik %40 inguru kutsatu ziren drogen kontsumoaren ondorioz.

Tratamenduak ere aldatu dira?

Bai, izugarri. Diagnostikoa duela 30 urte jaso zutenek, esate baterako, pilula anitz hartu behar izaten zituzten egunean; egun, hagitz gutxi. Botikek, gainera, nahi gabeko ondorio gutxiago izaten dute, eta ia ez dute eragiten gaitza dutenen egunerokoan. Kontuan izan behar dugu, halere, diagnostikoa noiz egiten den.

Zer erran nahi duzu?

Oraindik ere, diagnostikoa berantiarra izaten dela kasu anitzetan; diagnostikoen %43 dira berantiarrak, zehazki erranda. Gerta daiteke birusa sintomarik eragin gabe egotea denbora luzez; zenbaitetan, hain zuzen, aldi berean diagnostikatzen dira GIBa eta hiesa.

GIBarekin bizi direla ez dakiten herritar anitz badira, oraindik ere?

Birusa dutenen %16k ez dakite, gure datuen arabera.

Zer egin daiteke?

Prebentzioa jorratzea eta diagnostikoa goiz egitea dira, oraindik ere, oinarri nagusia, nire ustez. Informazioa eman behar dugu, eta egiten dugu, baina, akaso, zehatzagoak izatea da kontua. Egia da GIBdun berrien kopurua egonkortu dela azken urte hauetan, baina gora egin dute sexu transmisiozko infekzioek; nabarmen, gainera.

Zerbaitek huts egin du?

Gazteek informazioa badute. Arazoa ez da hori; arazo bat da, akaso, informazio gehiegi dutela, eta ez direla gai ona eta txarra bereizteko. Garrantzitsua da horri so egitea, GIBa edo sexu transmisiozko infekzioren bat harrapatu dutenen artean nabarmena delako 35 urte baino gutxiagoko herritarren kopurua.

Zenbatekoa, zehazki?

2015 eta 2019. urteen artean GIBa diagnostikatu dietenen artean ia %35 dira 35 urte baino gutxiagokoak.

Sexu heziketak egin du huts?

Informazioa bada, baina ez dut hain garbi zabaltzen dugun informazio hori gazteek behar bezala jasotzen ote duten. Uste dut malgutasunez jokatu behar dugula, eta, akaso, jasotzailearen arabera moldatu beharko ditugu mezua edo mezua zabaltzeko modua, bai eta mezua zabaltzeko bidea ere. Gazteak, adibidez, sare sozialetan mugitzen dira, eta errazago jasotzen dituzte berdinek, bertze gazteek, alegia, zabaltzen dituzten mezuak.

Beldurra galdu dute?

Gazteek ez dute ezagutu garairik gogorrena. Ez dute hasierako beldur hori sentitu. GIBa zer den jakinda ere, egungo tratamenduekin, egoera ez da hasierakoa, eta horrek ekar dezake hainbertze ez kezkatzea. Garbi erran behar dugu, halere, ez dela bakarrik GIBa, sexu transmisiozko infekzioak ere kontuan hartu behar dira, izan ditzaketen ondorioak.

Bazterketa da GIBak izan dezakeen bertze ondorio bat. Nola egin aurre estigmari?

Inork ez du zertan erran GIBduna dela, nahi ez badu. Halere, anitzek nahiko lukete gaiaz hitz egin, baina ez dute egiten, bertzeak bertze, lanaren esparruan izan ditzaketen ondorioen beldur direlako. Nahi duenak izan beharko luke hitz egiteko askatasuna sentitu. Oraindik ere bada gaitza duenak haren erruz ote duen pentsatzen duenik. Gaitzak denok jo gaitzake, denok izan ditzakegu praktika arriskutsuak.

Sare eta Hiesaren Aurkako Batzordearen gisako elkarteak ari dira lanean Nafarroan. Nolakoa da zuen harremana?

Ona. Ezinbertzeko lana egiten dute. Elkarte horiek diruz laguntzen ditugu; badute gu ailegatzen ez garen zenbait esparrutan aritzeko gaitasuna.

Elkarlana ezinbertzekoa da?

Bai. Finean, auziak hamaika aurpegi ditu, eta guztietan egon behar dugu; horretarako, ezinbertzekoa dugu elkarlana. Elkarte horiekin, bai eta Gozamenez programarekin, Gazteriaren Institutuarekin eta gisako bertze hamaika erakunderekin ere. Elkarlan hori sendotzea ezinbertzekoa da.

Hori da zure erronketako bat?

Bai. Garrantzitsua da auziari modu integralean heltzea. Datuek erraten dutena kontuan hartu behar dugula iruditzen zait. Adi egon behar dugu ea sexu transmisiozko infekzioen oraingo gorakadak zer ekarriko duen gerora.