“Antolatu beharra desagertu ez den seinale da Auzotegi”

“Antolatu beharra desagertu ez den seinale da Auzotegi”

Iruñeko Txantrea auzoko Auzotegi kultur etxe autogestionatuak 40 urte baino gehiagoko bidea du egina. Hausnarketa prozesu bat hasi zuten duela bizpahiru urte, eta gunea indarberritua da orain.

Uxue Rey Gorraiz

Herritarrek eraikina hartu zutenetik, ezin konta ahala istorio, bizipen, egitasmo eta borroka grina igaro dira Iruñeko Txantrea auzoko Auzotegitik. 1980ko hamarkadatik aitzina, auzokideei eskainitako gune autogestionatua da. Azken urteotan, guneko kideak egitasmoa biziberritzeko prozesu betean murgilduak izan dira, eta taldean ondutako ideiak gorpuzteari ekin diote orain. Sergio Barrenetxea Auzotegiko kidearen (Iruñea, 1989) esanetan, ez dute indarrik falta, ezta gogorik ere.

Berrogei urte baino gehiagoko bizialdia egina du Auzotegik. Bada zer.

Bai. Lehenik eta behin, hemendik belaunaldi pila bat pasatu diren seinale da. Gainera, bizirik segitzeak argi erakusten du Auzotegik oraindik ere funtzionatzen segitzen duela, oraindik ere badela auzoko eragileen eta herri mugimenduen erreferente. Azken batean, Txantrean beti egon den mugimenduaren isla da.

Frankismoaren hondarretara egin behar da atzera Auzotegiren jaiotza ikusteko. Nolakoak izan ziren lehenbiziko urratsak?

Diktaduraren bukaera-bukaeran sortu zen, eta, hain zuzen ere, esan genezake Auzotegi dela Euskal Herriko gune autogestionatu zaharrenetariko bat. Auzo langile bat du jaioterri, eta, beraz, behar asko ziren orduan. Agerikoa zen antolatzeko zegoen premia, eta azpiegitura bat ia ezinbestekoa zen horretarako. Askatasun politikoa aldarrikatzeko ere bai. Txantrean aurkitu zuten horretarako txokoa, gaur egungo toki berean, Etxarri Aranatz kalean. Auzotegi hasiera-hasieratik izan da hemen, nahiz eta egitasmoak, jakina, bilakaera bat izan duen.

Ordutik hona, zein izan da aldaketarik nabarmenena?

Asko dira, baina, esate baterako, bitxia eta deigarria da pentsatzea hemen mezak ematen zirela, euskaraz. Gaur egun, hori imajinaezina litzateke, guztiz lekuz kanpokoa. Guneak garapena izan du, argiki. Era berean, hasieran hemen ez zen ikastarorik egiten. Hori guztiz desberdina da orain: ikastaroak, kulturalak batez ere, Auzotegiren oinarri-oinarrian daude; kultur-etxe izaera du, inongo dudarik gabe.

Auzotegi Txantrean jaiotako egitasmo eta proiektu askoren habia izan da. Zer sortu da pareta horien artean, adibidez?

Askotariko eragileek izan dute beren bilera lekua eta jarduteko tokia hemen. Adibidez, auzoko jai batzordeak hemen du bere etxea, eta musika talde askok hemen egin dituzte beren entseguak. Beste gauza bat ere badut gogoan: bizirik segitzen ez badu ere, Auzotegin sortu zen garai batean martxan izan zen auzoko irrati proiektu bat.

Atzera begirakoa egiteko eta datorren pausoei buruz hausnartzeko garaia zela pentsatu zenuten orain bizpahiru urte, eta prozesu bat jarri zenuten abian.

Orduko talde eragileak batzordera deitu zuen, batik bat bi premia ikusten zituelako: batetik, gunea fisikoki berritu beharra, hainbeste urteren ondoren egoera kaskarrean zegoelako; bestetik, ikusi zuten itxura fisikoaz haragoko berrikuntza batzuk ere ezinbestekoak zirela. Diagnostiko horrek, gainera, talde eragilearen barruan gertatutako belaunaldi salto batekin egin zuen bat.

Zer aldaketa egin duzue?

Berrogei urte hauetako ondarea jaso dugu, baina beste proiektu batzuk jarri ditugu martxan, dugunetik abiatuta. Adibidez, erabaki dugu gaur egun martxan ditugun ikastaroei eutsiko diegula, eta, ahal adina, eskaintza hori osatuko dugu. Kultur alorraz gain, formakuntza ere gehituko dugu.

Zer formakuntza klase?

Esate baterako, komunikazioarekin loturiko ikastaro bat abiatuko dugu, baita joste lantegi bat ere.

Ostegun gorriak izeneko egitasmoa aurkeztu zenuten udaren aurretik. Zer eskaintzen dute?

Beren jarduera tokia Auzotegin duten egitasmoek beste pertsona batzuei ateak zabaltzeko egunak dira. Hilabetean behin, ostegun batean, jarduera irekiak antolatuko dira, nahi duen ororentzat. Orain arte, gurean izan ditugu, esaterako, bollerei buruzko hitzaldi bat, historialari baten hizketaldi bat, eta emakumeek kartzelan bizi duten egoerari buruzko solasaldi bat. Laster izanen ditugu hitzordu gehiago.

Ez da abiarazi berri den proiektu bakarra: Jakitoki ere berrikuntzen zerrendan dago. Zer da?

Janari biltegi komunitario bat da. Pandemian sortutako zaintza sarearekin batera jarri genuen martxan, orain urtebete eskas. Egia esan, pandemia baino are lehenago ohartu ginen auzoan zegoen behar batez: Txantrean familia mordoa dago egunero elikatzeko aukerarik ez duena. Asko daude horrela, eta beste hainbeste itzalean egonen dira egoera berean, guk jakin gabe. Horregatik jarri genuen hau martxan, horiei elikagaiak eskuragarri jartzeko. Proiektu autogestionatua da, Auzotegi bezalaxe, eta, beraz, ez dago ez elizaren menpe, ezta beste edozein laguntza zerbitzuren menpe ere. Zerbitzuaren onuradunek zuzenean har dezakete parte.

Zergatik behar du Txantreak Auzotegi bezalako gune bat?

Sorrera nolakoa zen ikusita, erraz uler daiteke zergatik. Antolatzeko premia baten harira jaio zen Auzotegi, eta hori ez da aldatu. Antolatzeko premia desagertu ez den seinale da Auzotegik auzoan jarraitzea.