“Gure iraganari zintzo begiratzeko ariketa bat falta da oraindik”

“Gure iraganari zintzo begiratzeko ariketa bat falta da oraindik”

Gerra garaian Altsasun gertatuei eta senide batzuek egindako urratsei segika aritu da Alberto Barandiaran urteetan. Orain, argitara atera ditu luzez ezkutuan izanak. ‘Gurea falangista zen’ kronika liburua idatzi du.

Uxue Rey Gorraiz

Bidean sentitutako zalantzak eta buruhausteak disimulatzen tematu gabe mintzo da Alberto Barandiaran kazetari eta idazlea (Altsasu, 1964), azken liburua idazteko urteetan eginiko prozesuaz. Onartu ditu barrenean bueltaka izandako kezkak; dioenez, familiak senti zezakeenak izutzen zuen gehien. Hala eta guztiz ere, badira Barandiaranek erabateko ziurtasunez defendatzen dituen zenbait kontu: “Hobe da jakitea, ez jakitea baino”, dio, irmo. Hain zuzen, galderei erantzunak bilatu beharraren grinak bultzatuta, kronika liburu bat idatzi du berriki: Gurea falangista zen. Sorterrian 36ko gerraren bueltan gertatuak ikertu, eta, bestela bezala, familiaz hurbileko dituen bi pertsonaren bizitzetan jarri du fokua kazetariak, ustekabe eta guzi. “Egiak min ematen du”, aitortu du.

Orain atera da argitara liburua. Ordea, noiztik zenuen ideia buruan kozinatzen?

Mundu txikia liburua idatzi nuen duela urte batzuk. Hainbat ipuin bildu nituen barruan, Altsasu inguruan girotuak, eta haurtzaroko kontu asko zeuden tartean. Ipuinetako batean, bereziki maite dudan batean, 36ko gerraren bueltan nire familiaren inguruan izandako pasarte batzuek eragindako zirrara eta oihartzuna azaltzen dira. Hain zuzen ere, orain, liburu hau atera dudanean, konturatu naiz gai hori uste baino lehenagotik nuela hor, beste modu batean emanda egon arren.

Gertakari batek eman zizun azken bultzada azkenean.

Bai. Nik banekien emaztearen etxean bazegoela haren osaba batek gerran zegoela idatzitako eguneroko bat. Oso gazte joan zen gerrara, 18 urte oraindik egin gabe zituela, eta handik hilabete batzuetara hil zen. Halako batean, orain zortzi urte inguru, hura idatzi zuenaren alaba txikiak eman egin zidan egunerokoa, eta esan zidan: “Hemen duzu hau; egin ezazu nahi duzuna”. Banekien zer nahi zuen, ongi baitzekien idazten dudala. Horren ondoren etorri zen gainerako guztia.

Bi pertsonaia nagusiak, Fernandez Arregi eta Amillano Baztan, gertuko dituzu; senide. Zer moduzkoa da begiak zure etxeari berari zuzentzea?

Oso berezia da. Dena den, nik beste modu batera abiatu nuen prozesua. Kazetari soil eta objektibo bat izan nahi nuen hasieran. Liburuko protagonista izango zena ez zen nire zuzeneko familiakoa, emaztearen osaba oso urrun bat baizik, eta, beraz, posible zen kanpotik begiratzea. Ordea, zenbat eta gehiago ikertu, orduan eta gauza gehiago hasi ziren ateratzen nire aitonari buruz, batean eta bestean. Hasieran, ez zitzaidan iruditzen horrek nire liburuaren norabidea aldatu behar zuenik, baina nire lagun Iñigo Astizek esandako batek asmoa aldatu zidan.

Zer esan zizun, bada?

“Alberto, uste dut aitonarena ezkutatzen ari zarela. Zu zeu ere konturatu zara aitonaren horiek badirela zerbait”, esan zidan. Begiak ireki zizkidan, eta, hala, aitona bihurtu zen liburuko protagonista, eta dena aldatu: erreportaje huts bat izateari utzi, eta memoria ariketa bat izan zen, norbere iraganari begiratzeko ariketa bat.

Liburua argitaraturik, idatzitakoek utzi diote “etxeko kontu” izateari. Hala biluzteak eragin du bertigorik zuregan?

Bertigoa baino gehiago, kezka. Galdera asko sortu zaizkit buruan, eta horietako bat hau izan da: nor naiz ni familiak isildu nahi izan duenari buruz aritzeko? Zer eskubide daukat nik protagonistek isildu nahi izan dutena oihukatzeko? Eta, ez hori bakarrik, idatzita uzteko? Sortu zaizkit zalantzak, mina eragin zezakeelako. Hala ere, dudarik ez nuen idatzi behar nuela, eta argitaratu. Badaukadalako historialari izatearen sena, kazetari izatearena.

Hain zuzen, kazetari batek galderen erantzunak bilatu nola, galdera batek piztu zuen zure prozesua ere: nola liteke 17 urteko gazteak falangistekin gerrara joatea erabaki izana? Zuk idatziak leituta, irakurleak aurkituko du erantzunik?

Bi pertsonaia nagusien erabakien arteko lotura egitera iritsi naiz ni, nolabait. Zergatik erabakitzen du 17 urteko batek gerrara joatea? Eta aitonak zergatik egin zituen egindakoak bost seme-alaba izanda? Konbentzituta nago beldurra dagoela atzean, galtzaileen tokian egoteko beldurra. Polarizazioa sekulakoa zen, bi aldeetako jendea hiltzen zen, eta, gainera, segun eta non jaioa zinen, nolako familia zenuen, jakina zen arriskua handiagoa zela. Iruditzen zait bi pertsonaien bizitzek asko zutela beldur horretatik. “Edo zuek edo gu”; horrelako zerbait izango zuten buruan.

Kontu batzuk nahiko ezkutuan izan direla ikusita, iragana edertzeko joera dagoela uste duzu? Amnesia selektiborik bada?

Nik sentsazio bat nuen aspaldi: konturatzen naiz azken urteotan gerrari buruz hitz egindako gehiena errepublikanoen kontrako errepresioaren edo eskuindarren eta karlisten demasei buruzkoa dela. Ezinbestekoa da horiei buruz hitz egitea eta idaztea, baina, era berean, iruditu zait Nafarroan errepresio mota horretan parte hartu zuten senideen memoria ez garela ondo islatzen ari. Ez dugu landu, ez dugu ikertu. Beharrezko ikusten dut horri buruz hausnartzea. Falta zen eta oraindik falta da iraganari zintzo begiratzeko ariketa bat. Gainera, gu ez gara gure aitona-amonek egin zutenaren zordun. Eta, harrotu ere, neurri batean baizik ezin gara harrotu haiek egin zutenaz.

Zaila izan da dokumentazio lana?

Ez dut izan traba handirik, baina denbora dezente behar izan dut. Hasieran ez nuen arrastorik ere liburua nondik nora joango zen. Besterik gabe, Luis Fernandez Arregi gaztearen familia giroa nolakoa izango zen ikertzen jarri nuen indarra. Gero, Altsasuko institutuan hainbat urtez ikasleei proposatu zaien ariketa batetik ateratakoak ere baliatu ditut. Urteetan, aitona-amonei galdetu diete ea nola bizi izan zituzten gerra eta gerraondoa. Gainera, lagungarri izan ditut Jose Maria Jimeno Juriok 1974tik 1978ra eginiko grabazioak. Oraindik bizirik zirenei egindako elkarrizketak daude hor. Gerra kontseiluen dokumentazioa ere izan dut eskura.

Egiak batzuetan dakarren mina aipatu duzu. Fikzioa izan zitekeen ihesbide? Izan zitekeen buruhausteak saihesteko tresna?

Ez beti, baina batzuetan ez dakit fikzioa gauza batzuetatik eskapatzeko modua ez ote den. Niri erreportaje moduan ematea atera zait orain, uste baitut kasu honetan ongi ematen diola. Kazetari gisa abiatu nintzen bidean, eta hala egitea erabaki dut. Fikzioa egin izan banu, agian izan zitekeen ihes egiteko modu bat, eta ez nuen horretarako asmorik. Barruraino sartu nahi nuen, horrek zernahi ondorio ekarrita ere.