“Gure sakonera sartu nahi dugunean, hesiak eraikitzen ditugu”

“Gure sakonera sartu nahi dugunean, hesiak eraikitzen ditugu”

Norberak bere barrenean dituen ahuleziak eta ilunak makillatu beharrik ez dagoela aldarrikatzen du Salvadorrek egunerokoan. Ezinbestean, hala egiten du kantuetan ere; natural. Kontzertua emanen du bihar, Altsasun.

Uxue Rey Gorraiz

Hainbat bideri segika ari da Olatz Salvador (Donostia, 1990) musikaria pausoak ematen. Zorua edozein izanik ere, baina, agertokikoak ematen dio bizi gehien, aitortu duenez. BERRIAk antolaturik, emanaldia eginen du, bihar, Altsasuko Iortia kulturgunean.

Kasik hamar hilabete joan dira Aho uhal diskoa kaleratu zenetik. Zer eman dizu lan horrek?

Gauza pila eman dizkit. Adibidez, aukera izan dugu 40 kontzertutik gora emateko, eta hori, gaur egungoa bezalako egoera batean, ia utopikoa da. Gainera, oso pribilegiatua sentitzen naiz kanpora ateratzeko aukera ere izan dugulako. Eta, bestalde, ezin ahaztu, oraindik ere hainbat plaza ditugula zain; larunbat honetan, Altsasukoa.

Poza eta gogobetetasuna ekarri dizu diskoak. Halere, inoiz aitortu duzu lana ontzeko prozesua gogorra egin zitzaizula. Nola oroitzen duzu bidea?

Horrelako zerbaitek diziplina handia eskatzen du, jendearen pertzepzioa askotan desberdina den arren. Batzuetan, jendeak uste du argitasun momentuak izaten direla, bat-batekoak, eta horrekin dena egina dagoela. Nik aldarrikatu nahi dut lan handia dagoela horrelako prozesuen atzetik. Beti ez daukazu energiarik, denborarik, ezta animorik ere sorkuntzari eskaintzeko. Bizitzak harrapatu egiten zaitu, eta, aldi berean, oso exijentea da hamabi abestiko lan bat egitea, baita nekagarria ere. Zer esanik ez konfinamendu betean, ziurgabetasunak hartuta. Ni neu oso arraro sentitzen nintzen, bestalde, ez nuelako hain gordin idatzi nahi, nahiago nuelako hain ilun ez agertu. Beldur nion kanpokoari.

Ordea, hain zuzen ere, ahuldadeei buruz mintzo zara kantuetan, hutsuneez eta ilunez.

Barrukoari begiratu, eta, dagoena halakoa baldin bada, abestietan ere horrela agertzea iruditzen zait naturalena. Kontua da gizartean gailentzen den ideiak dioela ondo egon behar duzula, eta ondo egotea indartsu egotea dela. Askotan, gugan sakonago sartu nahi dugunean, hesiak eraikitzen ditugu; bai norberari, bai besteei. Norbaitek zer moduz zauden galdetzen dizunean, ez dugu erantzuna gehiegi pentsatzen. Berehala erantzuten dugu: “Ondo”.

Nekagarria zaizu indartsu plantak egitea, beraz?

Nekagarria eta ezinezkoa. Politika dela ere esango nuke, eragiten digun zerbait baita. Pertsonala politikoa da, eta, beraz, norberaren alderik ahulena edo hauskorrena erakustea ere bada munduan egoteko era bat. Komunitate sentsazioa indartzen duela uste dut, eta iruditzen zait zaintza aldarrikatzeko ere balio dezakeela.

Diskoak hainbat kolaborazio ditu. Zertan dira aberasgarri?

Sentitzen dut abestiak, soilik nireak izateari utzi, eta pasatzen direla jende gehiagorenak ere izatera. Horrek beti dakar aberastasuna. Kolaborazioak emango dizkio beste ikuspuntu bat, beste ideia batzuk. Batzuetan, beste hitz batzuk, beste soinu batzuk.

Rozalenekin egina da Ahots hari kantua, eta, hain justu, iragan astean argitaratu zenuten bideoklipa. Zer moduzkoa izan da kantua irudiz janztea?

Oso polita izan da. Mariak bueltan ezer espero gabe hartu du denbora kantua grabatzeaz gainera bideoa egiteko. Ikusi dut haren eskuzabaltasuna, errespetua, eta elkartasuna. Are gehiago, horrek erakusten du baduela konpromisoa berea bezain sona handirik ez daukaten proiektuekiko ere. Hari esker, oihartzun handixeagoa izan dut, esaterako, Hego Amerikan, baita Espainian ere. Zerutik erori den zerbait dirudi, baina Mariari esker gertatu da.

Kantu horren harira, hizkuntzarekiko begirunea ere azaldu izan du Rozalenek. Pozten zaitu euskarazko musikarekiko aitortza ikusteak? Behar zen?

Bazen garaia horrelakoetarako. Batzuetan, Berri Txarrak hartzen dugu eredu gisa, eta pentsatzen dugu euskara mundu osora iristen dela. Beste askok, berriz, galdetzen dizute euskaraz aritzea ez ote den oztopo zure ibilbidean. Gero, zorionez, babes mezuak jasotzeak ikusarazten dizu oztopo horiek nahiko absurdoak direla.

Galdetu dizute inoiz ea zergatik sortzen duzun euskaraz?

Bai. Eta ez musikan bakarrik. Sare sozialetan eta antzekoetan ere euskaraz aritzen naiz, eta, horietan, ez dago nola asmatu. Euskaraz idazten baduzu, jendeak esaten dizu komunikazioa zailtzen duzula; gaztelaniaz eginez gero, euskaldunek idazten dizute. Askotan, zaila da hizkuntzaren estres horretan bizitzea. Lan handiagoa eskatzen du. Halere, beti sentitzen dut merezi duela hizkuntzen arteko zubiak eraikitzea

Euskara lagun, Finlandian izan zinen irailean, Bite Basque Beat jaialdian. Zer moduzkoa izan zen esperientzia?

Niri sekulako lezioa eman zidaten; Helsinkira iritsi, eta tokikoak bertakoak euskaraz aritu zitzaizkigun. Surrealismo moduko horretan, buelta asko eman nizkion buruari. Pentsatu nuen nola den posible han euskararekiko halako jarrera izatea, eta hemen hain egoera desberdinak ikusi behar izatea. Nolako oztopoak ditugun, gorrototik hain hurbil. Kanpoan, Finlandian, euskara hain interesgarri zitzaiela ikusteak berretsi egin zizkidan euskaraz sortzeko eta aritzeko grinak.

Yoko Ona bideo podcastean ari zara, Lore Nekane Billelabeitirekin eta Ainhoa Vitoriarekin. Zein da saioaren muina?

Izenak Yoko Ono artistarekin du harremana, hura inguratzen zuen hater mugimenduagatik. Hari leporatu zioten The Beatles taldea desegin izana. Beti behar dugu errudun bat, eta jakina da Evak sagarra jan zuenetik emakumeek daukagula guztiaren errua. Guk, horri buelta eman, eta espazio seguru bat sortu dugu, galdetzen ez dizkiguten horiei buruz lasai hitz egiteko. Pozik gaude. Badirudi badugula aditzen gaituen jendea; hori da gure hauspoa. Hater batzuk ere ikusi ditugu dagoeneko, baina, tira, segun nork eta nola kritikatzen zaituen, hori ere bada zerbait ongi egiten ari zaren seinale.

Segurtasun neurriak tarteko, urte zaila izan da kulturarentzat. Ari zarete argia ikusten jadanik?

Mugei dagokienez, nire kontzertu gehienak antzokietan izaten dira, eta, hor, oraindik ere beharrezkoa da maskara erabiltzea. Hor da egungo egoera surrealistaren beste adibide bat: dantza aretoetan ez da behar horrelakorik; antzokietan, bai. Beti ez da jokatu osasun arrazoiei erreparatuta.

Zer asmo duzu orain?

Kontzertuekin jarraitu nahi nuke. Hori da bizia ematen didana, eta ez emozionalki bakarrik; bizirik irauteko behar den sostengu ekonomikoa ere hortik datorkigu. Skakeitanekin ere emango ditugu kontzertuak. Izan ere, lana kaleratu berritan iritsi zen pandemia, eta horrek nahiko umezurtz utzi gintuen. Badira beste proiektu batzuk ere. Tartean, proiektu jaioberri bat, kulturgile batekin.