“Borondatea dago egiteko, ikusteko eta kontratatzeko”

“Borondatea dago egiteko, ikusteko eta kontratatzeko”

Nafarroako arte eszenikoetako zenbait taldek Esna elkartea aurkeztu dute. Sektorean egiten diren kontratazioak erregulatzea eta lana duintzea dute helburu. Ana Maestrojuan da lehendakaria.

Uxue Rey Gorraiz

Hutsuneak baliabidez eta jarraibidez betetzea, urratsak irmoagoak izan daitezen, dardarti ibili beharrik gabe. Hala deskriba liteke Esnak, Nafarroako eszena enpresen elkarteak, arte eszenikoen sektorean erdietsi nahi duena. Sektorean egiten diren kontratazioetan baldintza egokiak bermatzea du helburu, batik bat. Ana Maestrojuan dramaturgo eta antzerki zuzendaria (Iruñea, 1976) da lehendakaria. Baikor da; izan ere, aitortu duenez, uste du elkartea izan daitekeela arte eszenikoetan lan egiten duten askok behar duten sostengua.

Elkarteak berriki ikusi du argia, baina ez du bidea orain hasi; 2019an sortu zenuten. Nolakoak izan ziren hastapenak?

Elkartea sortu genuenerako, denbora generaman oharturik zenbait gabezia zeudela antzerkigintzari loturiko enpresetan; gabezia horiek, oro har, irizpide faltarekin zuten ikustekoa, baita baliabideen kudeaketa desegokiekin ere. Ordurako, enpresa gehienak lehendik zeuden beste elkarte batzuetako kide ziren. Guk geuk ere harreman estua genuen elkarte horiekin, eta, izatez, alde artistikoari dagokionez, gauza asko genituen komunean. Kontua da konturatu ginela kontratazioei eta lanari buruzko zenbait konturi buruz ez genuela ikuspuntu berbera. Iruditzen zitzaigun gai horiek ez zirela jorratzen behar adinako zorroztasunez. Enpresa ikuspegian gehiago sakontzea falta zen, alegia.Badakigu hitz horrek, enpresa hitzak, askori gaizki ematen diela belarrira, baina, egiazki, horrela ere erreparatu behar zaio gureari. Enpresa bat izateak betebehar batzuk dakartza, baina baita eskubide batzuk ere. Horiei erne begiratu behar zaie.

Zer dakar irizpide gabeziak?

Gai korapilatsua da, eta gauza ugari daude argiki zehaztu gabe. Gizarte Segurantzan izen emateekin berekin, asko dira korapiloak, baita artisten ordainsariekin, esaterako. Gainera, bat egin genuen taldeek argi ikusi genuen gutxieneko batzuk bermatu ez ezik gehienezko batzuk lortzeko ahalegina ere egin behar zela.

Zeinek behar luke lehentasuna?

Arte eszenikoetako lan bat sortu nahi duzunean, ongi pentsatu beharra duzu ea gai zaren kontratazioak behar bezala egiteko. Ea beharrezko den bermeaz kontrata ditzakezun aktoreak, teknikoak, zuzendariak, banatzaileak; den-denak. Batzuetan, esaten digute: “Zuek, ahalko duzue, baina guk, ezin dugu”. Tira, lagun diezaiogun elkarri, eta duindu dezagun sektorea, beti izan dadin posible. Gero eta talde edo enpresa gehiagok norabide berean arraun egin, orduan eta errazago izanen da.

Gaur egun, sei taldek osatzen dute elkartea. Gehiagok bat egitea espero duzue?

Bai. Izatez, irizpideak berraztertzen ari gara, malgutu egin nahi baititugu. Besterik gabe, behar dugu enpresa edo proiektu sendoa izatea, eta gure usteekin bat etortzea, behintzat hein handi batean. Zorrotz izan nahi dugu, baina ez baztertzaile.

Bat eginda, indartsuago izanen zarete instituzioei eskeak egiteko ere, ezta?

Eskakizunak ditugu, eta sinetsia nago elkarteak sekulako bozgorailuak direla horietarako. Halere, proposamenak ere eginen ditugu. Administrazioak guztiok xurgatzen gaitu, eta uste dut eskuzabala ere izan behar dela, ahal denean. Kritiko izan behar da, baina baita eraikitzaile ere. Esnak horrelakoa izan nahi du, guztiz.

Bi ikastaro iragarri dituzue jada. Nolakoak izanen dira?

Lehenbizikoa antzerki ekoizpenari buruzkoa izanen da. Uste dugu konpainia gazteei ongi etorriko zaiela. Lagungarri izanen zaie ekonomikoki hondoa ez jotzeko, behintzat hain nabarmen. Egiari zor, hasierako proiektuekin normala da galtzea, baina mina ahalik arinena izan dadin irakatsi nahi diegu. Bestea, berriz, eskura izan ditzakegun laguntzak erakusteko ikastaroa izanen da.

Urte iluna izan da kulturarentzat. Hasi zarete argia ikusten?

Egia esanda, iruditzen zait 2021a 2020a baino are zailagoa izaten ari dela gauza batzuetarako. Irudipena dut gehiago kostatzen dela gauzak aurrera ateratzea. Besteak beste, inbutu moduko bat sortu da sektorean; ulertzekoa ere bada. Azken batean, dena geldi-geldirik egon zen hilabete batzuez, eta, orain, gauzak berriz martxan jarritakoan, gainezka dago guztia. Garai arraroa ari da izaten. Gure energiak ere ez dira berdinak; orokorrean diot. Astun gaude, eta dena geldoago da. Edonola ere, sumatzen dugu borondatea dagoela egiteko, ikusteko eta kontratatzeko.

Oztopoak oztopo, baikor zara.

Dudarik gabe. Azken hilabeteetan jendea gai izan da gogoratzeko zuzeneko arteen ekarpena sekulakoa dela; telebistak ematen ez dizkizun gauzak ematen dizkizute. Etxetik atera, sarrera bat erosi, antzokira joan, eta jendearekin elkartu; sofan geldituz gero, ez dago horrelakorik. Sumatzen da, nolabait, arte eszenikoak boladan daudela, eta esanen nuke zifretan ere agerian gelditzen ari dela hori.

Edukiera mugak direla eta ez direla, sold out-ak aski ohikoak izan dira izurritean. Hala jarraituko duen itxaropena duzue?

Ez da hain ohikoa izanen. Horretan, bada beste faktore bat: pandemian, edukierak mugatuak zirenez, jendeak presaka erosten zituen sarrerak, gabe gelditzeko beldur. Ongi legoke ohitura hori ez desagertzea. Polita da halako irrika ikustea.