“Askok bakardadean bizi dute hiesa, isilik, erreakzioen beldur”

“Askok bakardadean bizi dute hiesa, isilik, erreakzioen beldur”

Hiesaren Kontrako Nazioarteko Eguna da abenduaren lehena, eta aurten dira 40 urte GIB birusa identifikatu zela. Hari aurre egiteko bidean, baina, pauso irmoak falta dira oraindik, Burgi Rey ekintzailearen esanetan.

Uxue Rey Gorraiz

Aurreiritziz eta estigmaz kutsatutako birus bat da GIBa; baita, ondorioz, hiesa ere. Aski arantzatsua da hari kontra egiteko bidea, baina, halere, piztua segitzen du borrokak. Hain justu, eman beharreko pausoei bultzadak eman nahian egiten du lan Nafarroako Hiesaren Kontrako Herritarren Batzordeak. Lucia Burgi Rey (Iruñea, 1991) da koordinatzailea. Hiesaren Nazioarteko Egunaren atarian, egoera aztertu du.

Izurritea joana ez delarik iritsi da Hiesaren Kontrako Nazioarteko Eguna. Pandemiak izan du eraginik hiesaren aurkako bidean?

Bai. COVID-19ak guztia hartu du, zer esanik ez osasun sisteman. Gure kasuan, zorionez, ez du kalte zuzenik ekarri GIBak jota daudenek jasotzen duten artara. Hau da, lehendik tratamenduan zirenek ez dute aparteko problemarik izan harekin segitzeko. Ahalegin handia egin dugu hori bermatzeko. Izan ere, batik bat egoera irregularrean dauden herritarrentzat, bereziki zaila izan zitekeen izurrite betean beren sendagaiak hartzeko etxetik ateratzea. Edonola ere, COVID-19ak GIB probetan izan du eragin handiena, testak egiteari utzi zitzaiolako. Orain ari gara ondorioak sumatzen, pandemiaondoko-edo deritzon honetan.

Zer ari zarete nabaritzen?

2019an eta 2020an, aurreko urteetan baino GIB kasu gutxiago atzeman ziren Nafarroan. Argi dago itxialdiren eraginez nabarmen gutxitu zirela sexu harremanak, baina, horregatik baino gehiago, oso proba gutxi egin zirelako detektatu ziren GIB kasu gutxiago. Orain, berriz, kutsatu kopurua handitzen ari da. Ez horrenbeste GIB kasuei dagokienez, baina gorakada oso nabarmena da, oro har, sexu bidezko gaixotasunetan. Horrek argi bistarazten du gauza bat: jendea arriskua duten sexu harremanak ari da izaten; prebentzio neurririk gabeak, alegia.

Lau hamarkada joan dira GIBa identifikatu zenetik. COVID-19aren kasuan ez bezala, ordea, ez dago hiesarentzako txertorik. Zer irizten diozue horri?

COVID-19aren pandemian ikusi dugu erakundeek emandako erantzuna lasterra izan dela, izan dutela kontrolari eusteko gaitasuna. Hori ikusita, galderak datozkigu burura. Adibidez, zer interes politiko dago GIBarekin halako ahaleginik egin nahi ez izateko?

Aurkitu duzue erantzunik?

Estigma eta bazterkeria dago horren atzean. Talde zaurgarriekin lotzen ditugu GIBa eta hiesa, eta ez sexu jokabide arriskutsuekin; azken horiei buruz hitz egin beharko genuke, eta, hala, agian irekiko genuke begirada, eta interesa izanen da COVID-19aren aurrean erakutsitakoa bezalakoa.

Egin da urratsik azkenaldian?

Ontzat jotzen ditugu sexu osasunean emandako pauso batzuk, eta, horrez gain, tratamenduetan ere aurrera ari gara. Egia da ez dagoela txertorik, baina behintzat baditugu prebentziorako pilulak. Arriskua dakarten sexu harremanen aurretik hartzekoak dira, babes gisan.

Norentzat dira?

Protokolo batzuk daude. Gaur egun, adibidez, gizonezkoekin sexu harremanak dituzten gizonak diren eta irizpide jakin batzuk betetzen dituztenek har ditzakete; besteak beste, baldintzetako bat da urtean bikotekide sexualen kopuru jakin batetik gora edukitzea, preserbatiborik gabe betiere. Sexu langileei ere ematen zaie aukera. Dena dela, gaur egun, lanean ari gara tratamendu hau hartu ahal izateko baldintzak hain hertsiak izan ez daitezen.

Nori zabaltzeko aukera?

Emakumeei. Batzuetan, indarkeriak hartutako harremanetan bizi gara, zeinetan ez dugun izaten botererik sexu harremanei eragiten dieten kontuetan negoziatzeko eta erabakitzeko. Emakumezkoetan, GIB kasuen %98 harreman heterosexual egonkorretan azaltzen dira. Bada zer pentsatua.

Elkartearen bidez, laguntza emozionala ematen diezue herritarrei. Zergatik da beharrezkoa?

GIBa zama sozial eta emozional handiko birus bat da. Sozialki, oraindik ez gara gai izan haren inguruko estigma eraisteko, ezta diskriminazioa gainditzeko ere. Osasunean, ukaezinak dira azken 40 urteotan emandako aurrerapausoak. Ez, ordea, pentsaeran. Gogorra da diagnostiko positiboa jasotzea. Batez ere, gaitza bakardadean bizi beharra.

Askok bizi dute bakardadean?

Zalantzarik gabe, bazterketa handia delako oraindik ere. Datuek ere agerian uzten dute hori: gaur egun, GIBa duten 1.098 pertsona bizi dira Nafarroan, eta, hala eta guztiz ere, inor gutxik ezagutzen du gaitza duen norbait, teorian. Izan ere, sinetsita nago guztiok ezagutzen dugula norbait; hori diote estatistikek. Kontua da jendeak bakardadean bizi duela gaixotasuna, isilpean, ez diela ingurukoei kontatzen, erreakzioen beldur. Pentsa: guk eskaintzen ditugun zerbitzuen erabiltzaile batzuen kasuan, geu gara gaixorik direla dakigun bakarrak. Gurekin bakarrik ausartu dira pausoa ematen. Hori oso larria da.

Zer aurreiritzi daude oraindik?

Hiesa gizonezko homosexualekin lotu ohi dugu, edo sexu langileekin, edo baita xiringa bidez drogak kontsumitzen dituztenekin ere. Pentsamolde horrek auzia urruntasunez bizitzera garamatza gehienetan, eta estereotipo eta aurreiritzi mordoa indartzera.

Diagnostikoa garaiz egitea, gako da gaitzari aurre egiteko?

Bai. Birusaren detekzioa goiztiarra izatea berebizikoa da, bi arrazoi nagusigatik: batetik, birusa duenak sintomarik ez izateko, hiesarekin gaixo izatea eragotz baitaiteke; bestetik, birusa ahalik lasterren atzematea ezinbestekoa da, noski, beste pertsona batzuk kutsatu ez daitezen.

Oro har, erdiesten da diagnostikoa berantiarra ez izatea?

2015etik 2019ra erregistratutako kasuen artean, %21 diagnostiko berantiarrak izan ziren. Hau da, kasu horien guztien bostetik batean GIBak osasun ondorio nabarmenak ekarri zizkion kutsaturiko pertsonari; sintomak zituzten, hies kasuak ziren, alegia. Datua aski txarra da. Urrun da ditugun helburuetatik.

Zer helburu duzue zehazturik?

NBE Nazio Batuen Erakundeak zehaztutakoak ditugu erreferentzia gisan. Zehazki, erakundeak estrategia bat du aurkeztua, 2025ari begira: 95-95-95. Bestela esanda, lortu nahi da GIBa dutenen %95ek diagnostikoa edukitzea, hau da, birusak jota daudela jakin dezatela. Hala, nahi dugu birusa dutela dakitenen %95 tratamenduan egotea, eta, gainera, tratamenduan direnen %95ek lortzea birusaren zama detektaezina izatea, eta, beraz, birusa kutsatu ezin izatea.

Asteazkenean duzue eguna. Zer duzue antolaturik?

Bi ildori segika arituko gara. Goizez, ekitaldiak ditugu instituzioekin. Aprobetxatuko dugu gure aldarriak aurkezteko. Arratsaldez, gure izaera herrikoiari eta aktibistari eutsi nahi diogu. Elkarretaratzea eginen dugu Iruñeko Baluarte pareko plazan, 19:00etan.