Gizartea astintzeko trazuak

Komiki Boom azoka eginen dute hirugarrenez Antsoainen, otsailaren 7tik 20ra. Komiki soziala dute ardatz sustatzaileek, eta xede hartu dute ilustrazioak gogoeta eragiteko duen indarra aldarrikatzea. Javier de Isusi, Maria de la Fuente eta Susanna Martin egileek parte hartuko dute, bertzeak bertze.

Edurne Elizondo

Gorabeherak izan ditu, baina komikigintzak inoiz ez du galdu bere tokia”. Sergio Biurrunenak dira hitzak. Bakarrik antolatu zuen 2020ko otsailean lehenengo Komiki Boom azoka, Antsoainen; 2021ean, bigarren aldian, Josetxo Aldunate izan zuen lagun, eta hirugarrena antolatzeko, otsailaren 7an hasiko dena, Amaia Nausiak egin du bat taldearekin. Entretenimenduaz harago, komikiek “gogoeta pizteko eta gizartea astintzeko” duten indarra aldarrikatu nahi dute. Otsailaren 7tik 20ra, komiki sozialak hartuko du Antsoain.

“Nafarroan beti egon da zaletasuna, eta beti egon da komikigintzaren alde egin duen jendea”. Pamiela etxeak duela 35 urte egindako apustua oroitarazi du Sergio Biurrunek, eta, garatuz joan den arren, nabarmendu du komikiek beti izan dutela publiko fidel bat. “Zenbaitentzat komikiek ez diote utzi haurrentzako produktu bat izateari”, onartu du Biurrunek, baina erantsi du nobela grafikoen bidetik “egile komikiek” bide berriak ireki dituztela.

Bide berri horien artean, Antsoaingo azokak komiki sozialaren alde egin du. “Talde txiki bat gara, azoka txiki bat prestatzen. Hamaika egiten dira hemen eta hemendik kanpo, eta kutsu sozial horren bidez ari gara gure esparru propioa bilatzen”, azaldu du.

Irakurleekin zuzenean

Antsoaingo Udalak emandako babesa eskertu eta nabarmendu du Komiki Boom azokaren antolatzaileak. Herri horretako Txokogorri gunea erabili ahal izan dute babes horri esker aurreko bi urteotako azokak egiteko; aurten, gainera, Antsoaingo liburutegi publikoak egin du bat proiektuarekin, eta egoitza horretan ere eginen dituzte azokako zenbait ekitaldi.

Antolatzaileek irakurleen bila joan nahi izan dute, gainera, eta Antsoaingo DBHko ikasleekin eginen dituzten topaketak jarri nahi izan dituzte erdigunean. “Komikien bidez, egungo gizartean pil-pilean dauden gaietara hurbildu nahi ditugu gazteok, bai eta gaurkotasunetik at diren auzietara ere”.

Komiki Boom azoka otsailaren 7tik 20ra eginen duten arren, Sergio Biurrunek kontatu du Antsoainen lortu dutela urtean behin egiten den proiektu horretatik harago ere kimikigintzak bere tokia izatea: komiki irakurleen talde bat sortu dute, eta komikientzako sail bat prestatu dute Txokogorriko liburutegian. “Antsoaingo gizarte mugimenduen topaleku da gune hori, eta komikigintza sozialak ere lortu du bere txokoa egitea”.

SUSANNA MARTIN

Ilustratzailea, azokako kartelaren egilea

“Abstrakzioak baliatzen ditu; komikigintzak anitz du poesiatik”

“Ezohiko ate batetik sartu naiz ni komikigintzaren munduan”. Susanna Martinek (Bartzelona, 1976) Historiako ikasketak burutu eta gero erabaki zuen barrenak eskatzen zionari so egitea eta ilustrazio ikasketak hastea. Pintura ere ikasi zuen, eta arlo akademikotik heldu zitzaion bere lehendabiziko komikia egiteko aukera. “Irakasle baten bidez, bularreko minbiziari buruzko obra bat egin nuen”, oroitu du Martinek.

Fanzineen edo lehiaketen bidetik urrun egin zuen Martinek lehen urratsa komikigintzaren arloan, beraz. Astelehenean abiatuko den Komiki Boom azokara, baina, kartelaren bidez ailegatu da, berea baita aurtengo aldia iragartzen duen irudia.

Komiki sozialaren esparruan eroso sentitzen da kataluniarra, eta garbi du tresna eraginkor bat izan daitekeela irakurle anitz zenbait gaitara hurbiltzeko: “Komikiak, finean, aukera ematen du gai anitzi heltzeko modu atseginago batean”.

Komikigintzak poesiarekin duen lotura ere erdigunean jarri nahi izan du ilustratzaileak: “Metaforak baliatzen ditu komikigintzak ere; abstrakzioen bidez aurkezten ditu jorratzen dituen gaiak; uste dut horrek anitz duela poesiatik”, erran du egileak.

Batere poesiarik gabeko arloak ere badira komikigintzaren barruan, halere. Emakume ilustratzaileen lanari buruzko aurreiritziak aipatu ditu Martinek, adibidez. Berriki gertatutako pasadizo bat jarri du egoera horren adibide: “Mahai inguru batean parte hartu nuen bertze hainbat marrazkilarirekin. Denak gizonak ziren, eta elkarri maisu erraten zioten; ni, berriz, mahaiko neska bertzerik ez nintzen”, salatu du.

2013tik, sarea sortzeko eta sendotzeko lanean ari dira Espainiako Estatuko emakume ilustratzaileak, hain zuzen. Elkartea sortu zuten urte horretan, “elkarren erreferente” izateko, eta “aurretik aritu zirenei” aitortza egiteko.

Komiki Boom azokarako egindako kartelean, hain justu, Aroha Trave ilustratzaileari egin dio keinu Martin kataluniarrak, irudietako batean Carne de cañon lana aipatuz.

 

JAVIER DE ISUSI

Ilustratzailea, Euskadi sariduna

“Bakarrik zaude; iraupen lasterketa baten gisakoa da gure lanbidea”

Javier de Isusi ilustratzaileak (Bilbo, 1972) Asylum izeneko komikia ardatz duen erakusketa ekarriko du Antsoaingo Komiki Boom azokara. Errefuxiatuen eta migratzaileen inguruko lan bat da, 2015ean CEAR Euskadi erakundeak eskatuta egindakoa. 2017an eta 2021ean edizio berri bana argitaratu zituzten. De Isusik Espainiako Komiki Saria jaso zuen 2020an, eta Euskadi Saria, berriz, 2021ean.

Javier de Isusi ilustratzailearen ‘Asylum’ laneko irudi bat.

“Sariak bultzada bat dira; bide onean naizela erakusten didate”, erran du egileak. Txikitatik da komiki irakurlea, eta txikitatik marrazten du. Arkitektura ikasketak egitea erabaki zuen, ordea, ilustrazioaren esparruan betean sartu baino lehen. “Garbi nuen ahalegina egin ezean etsita sentituko nintzela bizitza osoan”. Komikigintzaren alde egin zuen, eta lanbide bilakatzea lortu du.

Tarteka sumatu du ilustratzailearen bakardadea, aitortu duenez: “Bakarrik zaude; iraupen lasterketa baten modukoa da gure lana”. Komikigintzak, gainera, hemen ez du bertze zenbait herritan jasotzen duen aitortza, eta horrek “bazterreko” jarduera bilakatzen du anitzetan ilustratzaileen lana.

“Espainian, garai batean, industria bat zegoen komikigintzaren inguruan”, oroitarazi du De Isusik. “Haurrentzako komiki pila zeuden: adibidez, abenturazkoak; industria horrek, baina, porrot egin zuen”, erantsi du.

Orain, “frankotiratzaileak” ditu komikigintzak. “Bokazioz ari garen frankotiratzaileak gara”, azaldu du. Horrek artera eta literaturara hurbiltzen dituela gaineratu du egileak. De Isusiren moduko frankotiratzaileen lanak zerikusi gutxi du super heroiak ardatz zituzten komikiekin. Gizarte gaiak lantzeko tresna bilakatu dituzte komikiak: “Egungo gizartean dena hagitz azkar gertatzen da; komikiak gaiei heltzeko tresna azkarra eta eraginkorra dira; emozioen bidetik egiten dute bat irakurleekin”.

 

MARIA DE LA FUENTE

Ilustratzailea, ‘Gamonal’ lanaren egilea

“Komikiak aukera eman dezake gaia ez zegoen esparruetara eramateko”

Bertze egile anitzen abiapuntu bera izan du Maria De la Fuente ilustratzaileak ere (Burgos, Espainia, 1986): “Txikitatik irakurri ditut komikiak, eta txikitatik maite izan dut marraztea”, kontatu du. Kostatu egin zitzaion sinestea, halere, zaletasun hori bere lanbide bilakatzeko aukera izanen zuela. “Zaragozara joan nintzen ilustrazioa ikastera, eta gradu amaierako lana errezeta liburu bat izan zen. Argitaratzea lortu nuen”, ekarri du gogora.

Maria de la Fuente ilustratzailearen ‘Gamonal’ lanaren azala.

Memoriaren bidetik ondutako bere lehendabiziko nobela grafikoa ekarriko du Antsoaingo Komiki Boom azokara: Sergio Izquierdo idazlearekin egindako Gamonal. El eco de un mismo recuerdo izenburuko lana, hain zuzen, Burgosko izen bereko auzoko 2014ko errebolten ingurukoa.

“Sergio Izquierdorena izan zen hasierako ideia; marrazkiak egitea proposatu zidan, eta baietz erran nion”, azaldu du De la Fuentek. Gamonal auzoan egin nahi zituzten obrek piztu zuten 2014ko protesten garra. “Langile klaseko auzo bat da; azkar hazi zen, eta azpiegiturak eskasak dira. Gobernuak dirutza gastatu nahi zuela ikusita, nahikoa zutela erran zuten, azkenean, bizilagunek”.

2014ko gertakariez harago doa Gamonal lana, halere: “Deus ez da hutsetik sortzen, eta denboran atzera egin dugu, auzokideen ezinegonaren jatorria aztertzeko; aurretik ere mugitu zirenen memoria berreskuratzeko”.

Maria de la Fuentek bere lehendabiziko nobela grafikoaren bidez aldarrikatu nahi izan du komikigintza ez dela bakarrik haurrentzako kontua, eta nabarmendu komikigintzak “irakurle esparru zabala” erakartzen ahal duela. “Gamonali buruz anitz idatzi da; komiki bat saiakera bat baino atseginagoa da, eta aukera eman dezake gaia ez zegoen esparruetara eramateko”. Gamonal lehena izan da, baina ez da azkena izanen. Proiektu berrietan murgildua da jada egilea.

 

Egitaraua

Otsailaren 7tik 20ra eginen dute Antsoaingo Komiki Boom azoka, hirugarrenez.
Otsailaren 7a. Aurkezpena, 19:00etan, Txokogorrin.

Otsailaren 9a. Gamonal lanaren aurkezpena, Sergio Izquierdo eta Maria de la Fuente egileekin, 19:00etan, Txokogorrin.

Otsailaren 10a. Javier de Isusiren Asylum erakusketaren aurkezpena, 19:00etan, liburutegian.

Otsailaren 11. Javier Perez de Zabalzaren Alcatraz. De la A a la Z komikiaren aurkezpena. 19:00etan, Txokogorrin.

Otsailaren 12a. Josep filma, 19:00etan, antzokian.

Otsailaren 14a. Agustin Ferrer Casas, 19:00etan, Txokogorrin. Otsailaren 16a. Pedro Osesekin, Apaches en París erakusketaren aurkezpena, 19:00etan, Txokogorrin.

Otsailaren 17a. Mikel Begoña eta Iñaket, 19:00etan, Txokogorrin.

Otsailaren 18a. Alex Telloren eta Julen Ribasen Sutagar lanaren aurkezpena.

Otsailaren 19a. Elastikoak serigrafiatzeko tailerra, 19:00etan, Harrobi gazteriaren etxean.