Creena Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko kide Puri Mugirok eta Isabel Santestebanek sortu dute. Haur itsuentzat material «erakargarria eta inklusiboa» egitea hartu dute helburu.
Edurne Elizondo
Izenak ematen du erabilerari buruzko pista: Creena Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko kide Puri Mugirok eta Isabel Santestebanek Punttuka sortu dute, haur itsuek eta ikusmen urria dutenek braillez euskaraz irakurtzen eta idazten ikasteko metodo bat. Brailleak erabiltzen dituen puntuak oinarri hartuta, material “erakargarria eta inklusiboa” sortu dute Mugirok eta Santestebanek. Finean, haur guztientzat balio du, ikusmen arazorik ez dutenentzat ere bai. “Prozesua errazteko material dibertigarria eta atsegina egin nahi izan dugu”, azaldu dute.
Nafarroako hezkuntza sisteman hamar haur itsu daude, eta bertze laurogei inguru ikusmen urrikoak. Haien beharrei erantzutea da Creena zentroko ikusmenari buruzko taldeko kideen lana. Talde horretan ari dira Santesteban eta Mugiro, bertze bi kiderekin batera. Mugiro eta Santesteban pedagogia terapeutikoko
maistrak dira, eta zentroekin eta haurrekin egiten dute lan. Sortu berri duten Punttuka metodoko materiala Etxarri Aranazko eskolan probatu dute jada, eta erantzuna “hagitz ona” izan da. “Kontent” dira sortzaileak, “maitasun handiz” aritu baitira lanean. Sumatzen da xehetasun guztiak kontuan hartzea izan dutela asmo prestatu dituzten materialetan. Eskuz egin dituzte gehienak, haurrentzat baliabiderik onenak sortzeko asmoz.
Irudiak, panpinak, kantak
Mugirok eta Santestebanek hiru urte behar izan dituzte Punttuka sortzeko, euren kabuz egindako lan bat baita; lanorduetatik kanpo egina, neurri handi batean. “Ohartu ginen orain arte haur itsuek eta ikusmen urrikoek erabiltzen zuten materiala zaharkitua zegoela, aspergarria ere bazela. Egungo baliabideak erabili nahi izan ditugu, materiala berritzeko eta erakargarriago bilakatzeko”, erran du Santestebanek.
Batetik, tintaz eta braillez idatzitako hizkiei irudiak erantsi dizkiete; bi eta hiru dimentsiokoak, gainera. Irudi horien bidez, fitxetan jasotako hizkiak, hitzak eta esaldiak “indartu” nahi izan dituzte. Adibide bat aipatu du Mugirok: “Esaldietako bat da Baserrian arratoiak badira. Esaldi horrekin batera, arratoiaren irudi bat jarri dugu fitxan, eta arratoien panpinak ere jaso ditugu, haurrek uki ditzaten”.
“Itsuek eskuekin ikusten dute”, nabarmendu du Santestebanek, eta, horregatik, hain zuzen ere, zer ukitu eskaini nahi izan diete Punttuka metodoko materialaren bidez. “Eskoletan, anitzetan, plastikozko objektuak erabiltzen dira itsuek uki ditzaten; guk ehundura gehiago eskaini nahi izan dizkiegu; hau da, material ezberdinak objektu ezberdinen berri emateko”.
Letren tamaina, iturria eta hizkien arteko tartea ere zaindu dituzte Mugirok eta Santestebanek: “Ohi baino hizki handiagoak erabili ditugu, haien arteko tarte ohi baino zabalagoa utzita, ikusmen urriko haurrei irakurtzeko lana errazteko”, erran du Mugirok.
Bertzetik, teknologia erabili dute bi maistrek euren proiektuan, eta, QR kodeak baliatuta, irakurtzen eta idazten ikasteko prozesua laguntzeko kantak, bertsoak eta poemak erantsi dizkiete fitxei, haurrek entzun ditzaten. Mugiroren lagun eta abesbatza bateko abeslari Pili Catalan aritu da kantuan. “Bertsoak eta doinuak ezagutzen zituen, eta gustura hartu du parte”. Poemak, berriz, Creenan praktikak egin zituen Nerea Telletxeak irakurri ditu. “Irakasleek beren sakelakoaren bidez erraz erabil dezakete material hori; tableta ere erabiltzen ahal dute”, azaldu du Santestebanek. Material hori guztia online jarri dute, haurrek erabil dezaten.
Mugirok eta Santestebanek irakasleek eta ikasleek erabiltzeko sortu dute Punttuka, uki dezaten. “Material bizia da, eta helburua da berrituz joatea etengabe”, nabarmendu dute sortzaileek.