Zapaldu guztiak aterpetzeko etxea

Ipes elkarteak feminismo ‘queer’-ari buruzko saio bat egin du Iruñean. Gracia Trujillo, Nerea Barjola eta Irantzu Varela aritu dira. Zapalkuntza ardatz oro kontuan hartuko dituen feminismo baten alde egin dute, eta gogor salatu dituzte sektore batzuen «gorroto mezuak» trans pertsonen aurka.

Edurne Elizondo

Lepo bete da aretoa, mahai ingurua hasi baino ordu erdi lehenago, eta lurrean eseri behar izan dute anitzek. Jakin-min handia piztu du Ipes elkarteak feminismo queer-ari buruz Iruñean antolatutako saioak, eta bukaerako txalo zaparradak agerian utzi du entzuleek eskertu dutela hizlariek egindako ekarpena. Gracia Trujillok, Nerea Barjolak eta Irantzu Varelak hartu dute hitza, Trujilloren El feminismo queer es para todo el mundo liburua abiapuntu hartuta.

Ipes elkarteko Amaia Zufiak gidatu du mahai ingurua; hark egindako galderen bidez, hizlariek erdigunean jarri dituzte mugimendu feministaren barruko egungo eztabaidagaietako zenbait, eta erdigunean jarri dute, batez ere, ezin pasa daitezkeen marra gorriak badaudela gaur egungo mugimendu feministaren barruko zenbait sektorek astindutako eztabaidetan: “Ezin dugu gorroto mezurik onartu; oinarrizko giza eskubideak ezin dira eztabaidatu”, nabarmendu dute hirurek.

Amaia Zufia, Gracia Trujillo, Nerea Barjola eta Irantzu Varela.

Trans pertsonen aurkakoak dira Trujillok, Barjolak eta Varelak salatutako gorroto mezu horiek. Feminismoaren subjektuari buruzko ikuspuntu esentzialistak defendatzen dituzten sektoreetatik datoz mezu horiek, eta sektore horien inguruan zer jarrera hartu jorratzeko egin du Ipesek, bertzeak bertze, Iruñeko saioa. Queer feminismoa proposatu dute hizlariek aurrera egiteko tresna gisa, zapalkuntza ardatz guztiak kontuan hartzen dituen begirada duelako, eta ahalegina egiten duelako inor kanpoan ez uzteko. Horretarako, pribilegioak berrikusi eta bertzeen gorputzak zeharkatzen dituzten zapalkuntzen aurrean elkartasunez aritu beharra nabarmendu dute Trijillok, Barjolak eta Varelak.

DIAGNOSIA

“Gaur egun, feminista eta antirrazista dira jendea karrikan mobilizatzeko gaitasunik handiena duten mugimenduak; mugimendu horiek ari dira faxismoari eusteko lanik handiena egiten”. Horixe erran du Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasle eta Soziologiako doktore Gracia Trujillok. Ikerlaria da, bai eta ekintzaile transfeminista ere, eta akademiaren eta karrikaren arteko lotura aldarrikatu du, hain zuzen ere.

Mugimendu feministak duen indarra aipatu du, aurrera egindako urratsak “uste baino gehiago” direla azpimarratu nahi izan baitu. “Anitz lortu dugu eskubideen eta askatasunen esparruan, eta horrek ekarri du, hain zuzen, eskuin muturraren erreakzioa”. Erantsi du eskuin mutur horrekin “bat egin” duela pertsona transen aurkako gorroto mezuak zabaltzen ari den feminismoaren sektoreak: “Hori hagitz larria da”.

Trujillorekin bat egin du Nerea Barjolak, feminismoak aurrera egindako urratsei buruz. Barjola berdintasun teknikaria da, eta EHUko doktore Feminismoetan eta Generoan. Aurrera egindako urrats horiek queer teoriarekin lotu ditu Barjolak, hain justu: “Aurrera egindako urratsen indarra uler daiteke kontuan hartuta mugimendu feministak barneratuta dituela jada queer teoriaren oinarri gehiena

1980ko eta 1990eko hamarkadetako errealitatea ekarri du gogora, garai hartako batzar feminista gehienak desagertuz joan direla nabarmentzeko: “Desagertu ziren, ez zirelako gai izan queer teoriak egindako ekarpena jasotzeko; eta ez zituztelako bere egin ere intersekzionalitatearen ikuspuntua eta militantzia antirrazista. Euren pribilegioak ikusteko eta onartzeko gai ere ez ziren izan”.

Euskal Herriko transfeminismoaren esparruan Medeak taldeak egindako lana aipatu nahi izan du Barjolak, bereziki. “Feminismo klasikoak ez ninduen ordezkatzen, baina transfeminismoak adiskidetu ninduen berriz ere mugimenduarekin”. Queer teoriaren eta trasnfeminismoaren eskutik, “gorputza” jartzen duen feminismo horren ikuspuntua da Barjolak egun karrikan ikusten duena.

Gorputzaren haria jarri du Barjolak erdigunean, eta tira egin dio Irantzu Varelak. Kazetaria da, eta ekintzaile feminista, Faktoria Lilako koordinatzailea, bertzeak bertze. “Queer feminismoa, feminismo intersekzionala, feminismo antirrazista… nahi duzuen abizena jartzen ahal diogu, baina hori da gorputza jartzea merezi duen espazio bakarra”, erran du.

TRESNAK

“Kolektiboak irekitzea; bertze zapalkuntzaren batek zeharkatutako horiek errateko dutenari so egitea; begirada intersekzional bat garatzea”. Horri guztiari eman nahi dio balioa Gracia Trujillok, baina garbi erran du ez dela oraingo gauza; queer teoria ez baita oraingo kontu bat. “1990eko hamarkadan, Madrilgo lesbiana zuriok mahai gainean jarri nahi genuen migratzaileen auzia, gure auzoetako ijitoena. Gure jarduera queer-a zen, elkartasunaren bidez”, azaldu du Trujillok.

Begirada intersekzional horrek ekarri zuen gorputz, sexualitate eta identitate disidenteen inguruko auzia erdigunean jarri nahi izatea. “Begirada horrek ekarri digu feminismo zabalago eta inklusiboago bat”, erantsi du Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasleak.

Inor kanpoan ez uzteko ahalegin horretan, “ezberdintasuna” aldarrikatzeko beharra aipatu du Trujillok. Queer feminismoak binarismoari egiten dio kritika, eta tresna hori giltzarritzat jo du ezberdintasunak aldarrikatzeko bidean.

Gorputz disidenteek sufritzen duten indarkeria salatu du Trujillok, eta errealitate hori nabarmendu du identitatearen eta ezaugarri materialen arteko “dikotomia faltsua” aipatzen dutenei aurre egiteko. “Identitatearen auzia bazter utzi nahi duten horiek ez al dute trans pertsonek etxebizitzaren edo lanaren esparruan dituzten zailtasunen berri? Euren izena aldatzeko eskubidea aldarrika dezakete, eta sufritzen dituzten indarkerien aurka egin. Dena doa batera”.

SUBJEKTUA

Mugimendu feministaren subjektuaren auziari heldu dio Gracia Trujilok El feminismo queer es para todo el mundo liburuan. Orriotan adierazi du egun feminismoaren sektore bat ari dela ahalegintzen subjektu hori zehazten emakume kategoriaren ikuspuntu esentzialista batetik abiatuz; emakume kategoria hori sexu biologikoarekin lotzen duen ikuspuntu batetik abiatuz, alegia.

Ikuspuntu esentzialista hori egun agendan dagoela erran du Nerea Barjolak, baina ez dela oraingoa. Eta bere esperientzia kontatu du hori azaltzeko: “Monique Wittig irakurri nuenean, nire egin nuen erraten zuena: lesbianak ez garela emakumeak, alegia. Mugimendu feministako ekintzailea nintzen, kide bollerak banituen, baina gu ez ginen subjektu nagusia. Emakume kategoria horrek niri ekarri dit kanpo gelditzea”.

“Ni kokatzen naiz nire bollera izate horretan, ulertzen baitut emakumearena dela kategoria politiko bat pentsamendu heterosexualari lotua, eta heterosexualitatea ulertuta erregimen politiko, ekonomiko eta sozial baten modura”, azaldu du Barjolak.

Kontua da sistema horrek “emakumetzat” daukala Barjola, eta, ondorioz, emakume izateagatik sufritzen ahal dituen indarkeria matxistek eta sexu indarkeriek zuzenean eragiten diotela: “Erregimen matxista horren indarkeria sufritzen dute gorputz ez-binarioek eta heteroarautik at dauden gorputzek ere, eta, horregatik, beldurgarria iruditzen zait batzuek pentsatzea horrek feminismoarekin zerikusirik ez duela”.

Irantzu Varelak ideia horri heldu dio, eta garbi erran du feminismoak tresnak eman dizkiola gorpuzten ez dituen zapalkuntzak ere identifikatzeko eta aintzat hartzeko: “Gizon zuri, zisheterosexuala, burgesa… Hori da subjektu hegemonikoa, zehazten dituen arauetatik at garenok zapaltzen gaituena. Subjektu horrek zehazten du, beraz, borrokatzen den subjektu politikoa zein den”.

Zapalkuntza ardatz guztiak kontuan hartzeak zapaltzaile ere bazarela ohartzea ekartzen du, Varelaren hitzetan, eta hori “ezinbertzekotzat” jo du: “Garbi izan behar dugu anitzek egun ditugun pribilegioak galduko ditugula, boterea eta baliabideak galduko ditugula. Feministok ezin dugu bakarrik guk gorpuzten dugun zapalkuntzaren aurka borroka egin. Bertze gorputzak babesteko prest ere egon behar dugu”.

GENEALOGIAK

Queer teoriak, transen borrokak… Egungo gauza balira bezala hitz egiten dute gorroto mezuak zabaltzen dituztenek. Emakumeak ezabatzen ari garela diote, baina haiek dira azken hamarkadetako genealogia erradikalak ezabatzen ari direnak”. Horixe salatu du Gracia Trujillok, eta erradikal hitza ere aldarrikatu eta bere egin nahi izan du, gaur egun feminismo erradikala pertsona transen aurkako ikuspuntu batekin lotzen dutenei erantzuteko.

Queer teoriek karrika dutela oinarri erantsi du Trujillok, eta esparru horretatik egin diotela euren ekarpena mugimendu feministari. “2009an kide transak jo eta ke aritu ziren Granadako [Espainia] jardunaldi feministetan, beren lana eta beren kontakizuna erdigunean jartzen. Aspalditik ari dira aldarrikatzen so egin behar diegula, eta berdin ari dira kide arrazializatuak eta migratzaileak, bertzeak bertze. Transen aurkako mezuak zabaltzen dituztenek kontakizun horiek guztiak ezabatu nahi dituzte”, erran du.

Nerea Barjolak “funtsezkotzat” jo du “ezagutza sortzeko medioak” lortzea. “Garaia da kontran aritzeari uzteko, eta gure kontakizuna legitimatzeko”.

ZUBIAK

“Hemen ez dago inolako eztabaidarik. Nahiko nuke nik eztabaidarako aukera bat izatea, baina hemen borroka bat dago, batzuek euren botereari eutsi bertzerik ez dutelako egin nahi. Kontua da karrikan dagoen oinarrizko mugimendu feminista autonomo bat ezin dela kontrolatu”. Gracia Trijillok garbi du transen eskubideak ukatzen dituztenekin hitz egiterik ere ez dagoela. “Solastatzea ez da aukera bat bertzeak gorroto mezuak zabaltzen dituenean”.

Trujillorekin bat egin du Nerea Barjolak: “Denon oinarrizko eskubideak onartzen ez direnean, ez dago zubiak eraikitzerik; hori marra gorri bat da. Transen oinarrizko eskubideak ukatzen dituztenak ez dira gure aliatuak”.

“Oinarrizko identitateak ari dira zalantzan jartzen. Ezjakintasuna, kasu honetan, erabaki politiko bat da. Transen eskubideak ukatzen dituzten horiek erabaki dute talde elitista bat bilakatzea; ez dituzte euren pribilegioak galdu nahi”, erantsi du Varelak. Gehiago erran du: “Nahi dutenekin egiten dituzte haiek euren zubiak”. Eskuin muturrarekin, alegia, eskuin muturreko talde horiekin espazioa partekatu baitute feminismotik transak baztertzen dituzten horiek, hizlariek salatu dutenez.

“Horiekin ez dugu deus hitz egiteko. Benetako eztabaidarako prest direnekin bai, eta horiek anitz dira; queer feminismoa dugu elkarrekin aritzeko”, berretsi du Trujillok.