Herriko txoriei behatzeko irudiak

Herriko txoriei behatzeko irudiak

Xabier Elizalde Gazteak Lizarrako Los Llanos parkeko hegaztien inguruko erakusketa jarri du herri horretako kultur etxean, igandera bitarte. Hirurogei espezie inguru identifikatu ditu Los Llanosen. Hurbileko fauna ezagutzera deitu ditu herritarrak.

Edurne Elizondo

Ni neu ere harritu naiz!”. Xabier Elizalde Gaztearenak (Iruñea, 1986) dira hitzak; biologoa da, eta, kamera lagun, hegaztiei behatzea maite du. Hala eta guztiz ere, ezustean hartu du Lizarrako Los Llanos parkean identifikatu ahal izan duen espezie kopuruak: urte batean 60 inguru zenbatu ditu. “Ez nuen uste halako parke batean hainbertzeko dibertsitatea aurkituko nuenik”.

Kaskabeltz handi bat Los Llanos parkean. Xabier Elizalde Gaztea.

Elizalde Gaztea duela bost urte hasi zen argazkiak egiten; Los Llanosen egindako irudiak aukeratu ditu Lizarrako kultur etxean jarri duen erakusketa osatzeko. Udalarekin batera antolatu du, eta helburu du, batez ere, herritarrak inguruan dituzten hegaztiak ezagutzera deitzea. “Hiriguneetako parkeetan txori txiki anitz dago, baina oharkabean pasatzen dira herritar gehienentzat. Jendeak ez die so egiten. Erakusketan erraz sumatzen dut nork duen baratzea, horiek bai, horiek gai direlako argazkietako hegaztiak identifikatzeko”, azaldu du Elizalde Gazteak.

32 argazki

Hurbilekoak duen balioa nabarmendu nahi du argazkilariak bere irudien bidez: hurbileko fauna jarri du objektiboaren bertze aldean, Lizarrako txoriak erakusketako protagonista bilakatzeko. Bost urteko denbora tartean ikusitako eta identifikatutako espezie guztien artean, bi dira nagusi, eta erakusketan ere toki nabarmena hartu dute: txantxangorriak eta koartza hauskarak. 32 irudik osatzen dute erakusketa, denera.

Koartza hauskara bat, Los Llanos parkean. Xabier Elizalde Gaztea.

Bi hegaztion izaeran bada alderik, Elizalde Gazteak kontatu duenez: “Txantxangorrien argazkiak egitea erraza da, anitz hurbiltzen direlako. Koartza hauskarak, berriz, kontrakoa egiten du: ihes egiten digu gizakioi, eta kostatu zait erakusketara ekarri ditudan argazkiak egitea”.

Oro har, Los Llanosen gisako hiriguneetako parkeetan “errazagoa” da hegaztien irudiak lortzea, inguru horretan bizi diren txoriak ohitu egin direlako espazioa gizakiekin partekatzera. Gizakiek hartutako espazioetatik at, berriz, argazkilariek ezkutalekuak erabili ohi dituzte irudirik onenak lortu ahal izateko.

Lizarrako parkean egindako argazkiak egiteko, denbora baino ez du lagun izan Elizalde Gazteak, halere: “Kamera sorbaldan hartu eta parkera joatea izan da estrategia bakarra. Anitzetan orduak eman ditut egin nahi nuen irudiaren zain”, aipatu du argazkilariak.

Lizarratik at ere ibili ohi da hegaztiei so: “Bertiz eta Irati maite ditut, adibidez”. Lizarran, kultur etxean ere badute herritarrek txoriei behatzeko aukera, igandera bitarte.