0-3 zikloko hezitzaileek iragarri dute grebara joko dutela Nafarroako Gobernuak beren aldarrikapenei jaramonik egiten ez badie

0-3 zikloko hezitzaileek iragarri dute grebara joko dutela Nafarroako Gobernuak beren aldarrikapenei jaramonik egiten ez badie

Lan gatazkak ez du etenik Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren menpeko haur eskoletan. Gaur, laugarrenez, lanuzte partzialak egin dituzte 0-3 zikloko haur eskola publikoetan, baina protesta koska bat harago eramateko prest dira langileak: Hezkuntzako mahai sektorialean gehiengoa duten sindikatuek iragarri dutenez, «grebara» joko dute aurki, Nafarroako Gobernuaren jokabidea aldatzen ez bada.

«Funtzio Publikoko eta Hezkuntzako departamentuek ez dute negoziatu nahi. Elkarrizketarako borondaterik ez dagoenez, langileek lanuzte egunekin jarraitzen dute, eta grebara joko dute beren aldarrikapenei erantzunik ematen ez bazaie», adierazi dute LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek, ohar batean.

Gaurkoa laugarren lanuztea izan dute haur eskola publikoetan, eta sindikatuek «oso positibotzat» jo dute mobilizazioak izan duen erantzuna: langile guztien %90 eta %95 artekoa. «Kopuru horrek erakusten du kolektibo baten batasuna eta konpromisoa, premiazko konponbideak behar dituen egoera baten aurrean isilik ez jarraitzea erabaki baitu».

«Gimenok ez daki zer dioen»

Bestalde, Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenoren jokabidea txarretsi dute: «Edo ez daki zer dioen edo nahita ari da gezurretan». Sindikatuen iritziz, Hezkuntza Departamentuak ez dio sektoreari benetako hobekuntzarik ekarri: «Aitzitik, zereginak eta erantzukizunak pilatzen ari dira, lan karga gero eta handiagoa da, eta lan baldintzek ez dute hobera egin». Soldatetan ere ez dituzte sumatu kontseilariak iragarritako hobekuntzak: «Aipatu zizkigun soldata igoera ez da egiazkoa, langileen nominetan ez baita aldaketarik izan».

Promesez eta hitzaldiez harago, urratsak galdegin dituzte: «Egitateak, baliabideak eta benetako konpromisoak behar ditugu. Haur hezkuntzak ezin dio eutsi profesionalen bokazioari eta ahaleginari esker soilik». Izan ere, hezkuntzako sindikatuen irudiko, hobekuntza horiek ez dira soilik izanen langileen mesedetan, «zerbitzuaren eta hezkuntza kalitatearen mesedetan» ere izanen dira.

Hori lortzeko bidean, mobilizazioei eutsiko diete hezitzaileek: «Astearteroko lanuzteek segida izanen dute, eta erantzunik ez badago, mobilizazioen intentsitatea areagotuko da. Langileek ahotsa altxatzen eta borrokan jarraituko dute».