Gaur abiatuko da Nafarroako Komikiaren XIII. Azoka. Komikilarien lan prozesu osoa erakutsiko dute, eta egile berriei plaza eskaini. Zailtasun ekonomikoak salatu dituzte.
Itsaso Jauregi
Komikigintza bultzatzea: hori da Nafarroako Komikiaren XIII. Azokaren helburu nagusia. Aurten ere, komikilariak gonbidatuko dituzte beren sorkuntza prozesua azaltzeko eta beren obrak aurkezteko. Gaur hasiko da ekitaldia, hiru udalerritan, eta tailerrak eta arte erakusketak eskainiko dituzte, urriaren 2ra arte. Javier Perez ekitaldiaren zuzendari artistikoak (Iruñea, 1982) esan du programazio “zabalena” sortzen saiatu direla: “Askotariko edukia eskaini nahi dugu, zalearengana iristeaz gain publiko mota guztietara zabaltzeko”.
Zirriborrotik argitalpenera dagoen prozesua aurkeztuko dute Iruñeko, Azagrako eta Lizarrako erakusketetan, komikia publikoarengana hurbiltzeko asmoz. “Uste dut garrantzitsua dela jendeak sorkuntza prozesua ezagutzea. Bakarrik bukaerako lana ikusiz gero, komiki bat egitea oso zaila dela dirudi, baina zirriborroei esker komiki bat sortzea posible dela ikusten da”, esan du Perezek. Bere bozetoak ekarriko dituen artistetako bat Patxi Huarte Zaldieroa da (Faltzes, 1966). Huartek hitzaldi bat emango du komikilarien egunerokoaren inguruan, eta, horretarako, bere azkeneko lanaren zirriborroak eramango ditu. Arranotxu, euskal gerlari mitikoa izeneko komikia izango da haren aurkezpenaren oinarria, Ikastolen Elkarteak joan den urtean argitaratutako liburua. “Azokan ez zuten sekula umeentzako deus ere egin, eta, nik Arranotxuren liburua atera dudanez, nirekin harremanetan jarri ziren”, azaldu du artistak.
Eguneroko erronka
Adin guztietarako ekintzak izango dituzte, beraz, komikiaren azokan. “Artista finkatuentzako tailerrak ditugu, etorkizunean komikigintzan lan egin nahi dutenentzat, baina baita hasiberriak direnentzat ere”, esan du zuzendari artistikoak. Marraztea txikitatik egiten den jarduera bat dela dio Perezek, eta hori mantentzea “ezinbestekoa” dela: “Marraztea da sentimenduak adierazteko modurik errazena eta azkarrena. Ez da baliabide gehiegi behar, eta edonork marraztu dezake bere etxean”. Zaldieroa da horren froga, koaderno zahar batean egiten baititu marrazkiak: lehenengo arkatzez, eta gero lumaz. “Nire prozesua da marraztea besterik ez, ideia bat sortzen den arte”, adierazi du komikilariak.
Baina ideia hori aurrera eramateko, luma bat baino gehiago behar da. Finantzaketa lortzea da komikilarien erronka nagusia. “Gure komikiak produzitzeagatik kobratu behar dugu artistek, ez gero saltzen ditugunean bakarrik”, esan du Zaldieroak. Lanari eskaintzen dioten denbora ez dator bat jasotzen dituzten diru sarrerekin, eta, horregatik, hainbat proiektu baztertuta geratzen dira. Horren ondorioz, lan baldintzak hobetzeko aldarrikapenek komikien binetetan leku bat aurkitu dute azken urteetan, marrazkilarien eta gidoilarien egoera ohiko gai bilakatuz. “Komikilarien aldarrikapenak gero eta gehiago agertzen dira erakusketetan, eta gehiago hitz egiten da langileen baldintzen inguruan. Espero dut gehiago hitz egitea horretaz”, esan du Huartek. Komikilariek beren obretan islatu dituzte binetetatik kanpo egindako aldarrikapenak.
Nafarroako Komikiaren Azokan ere finantzaketa lortzeko arazoak izan dituzte. Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren laguntza jaso dute aurten, beste erakunde batzuena ez ezik, baina laguntzak lortzea “zaila” dela azaldu du Javier Perezek: “Guk ekitaldi publiko bat egiten dugu guztiontzat, eta, horretarako, erakundeen parte hartzea behar dugu. Zoritxarrez, urtero borrokatu behar gara haien babesa lortzeko”.
Plataformaren bila
Finantzaketa lortzeko zailtasunak izan arren, azoka aurrera eramatea lortu dute. Gainera, laugarren aldiz Zart izeneko komiki kolektiboa argitaratuko dute, publikoari dohainik eskaintzeko. Bertan, batez ere, artista lokalek parte hartzen dute, edo aurretik beren lanak argitaratu ez dituzten komikilariek. “Uste dugu garrantzitsua dela talentu lokala ezagutarazteko, eta artista berriei eta erretiratuei beren lana argitaratzeko aukera emateko”, adierazi du Perezek.
Artista lokalei laguntza eta babesa eskaintzea da fanzinearen helburua; marrazkilari berriei plataforma bat eskaintzea, alegia. “Plataforma hauek, fanzine hauek, aukera eskaintzen dute artista berriek beren lanak argitaratzeko; nonbait hasteko aukera”, esan du Perezek. Nafarroako Komiki Azoka artista askoren lehenengo plataforma izan da, aurreko urteetan publiko gisa egondakoak artista gisa itzuli baitira. “Gure lana baliagarria dela ikusten dugu horrelakoetan”.
Publikoan artista berriak aurkitzeko asmoz egingo dute Nafarroako Komikiaren XIII. Azoka. Zaldieroak bere lanak prest ditu, etorkizuneko komikilariak ezagutzeko gogoz: “Polita da autoreekin egotea eta esaten dutenetik ikastea”.