“Bizitzak ez luke zentzurik amaituko dela jakin gabe”

“Bizitzak ez luke zentzurik amaituko dela jakin gabe”

Heriotza, dolua, oroimina, maitasuna eta beste landu ditu Oier Zuñiga artistak ‘Eresia’ obran. Urte hasieran taularatu zuen aurrenekoz, eta, dozenaka emanaldiren ondotik, etxe ondoan ariko da orain. Gaur, Tafallan; urrian, Iruñean.

Uxue Rey Gorraiz

“Heriotzak ez du lekurik gurean”. Kritiko, aurkitutako gabeziak agerikoak direla sinetsirik mintzo da heriotzaz Oier Zuñiga (Iruñea, 1986). Orain dela bost urte zendu zen haren ama, eta ondorio garbia atera du: norbait hil ondoko errituak ez dira aski. Hausnarketa horretatik abiatuta sortu zuen, hain zuzen, Eresia. Lurra arin bekizu, ama ikuskizuna. Sorterrian arituko da urriaren 19an, Nafarroako Antzerki Eskolan. Eta aurretik ere badu saiorik: Tafallako Kulturgunean izanen da gaur, 20:00etan.

Zer doinu du zure eresiak?

Doinu goxoa du, baina badakigu bizitzako gauza goxoek batzuetan badutela beren alde mindua ere. Orban bat edo zauri bat ukitzen dugunean bezala, azkura eman dezake, min pixka bat.

Lurra arin bekizu, ama dio izenburuak. Zure amaz ari zara, zeure bizipenetatik. Hala izanik, erabili duzu iragazkirik hori taularatzeko, edo, kontrara, bizi izandakoa gordin daramazu oholtzara?

Uste dut gauza gordin asko daudela. Izan ere, nire kasuan, sorkuntza askotan baliatzen dut inguratzen nauen hori ulertzen saiatzeko, heldulekuak topatzeko; kaosari eta bizitzari berari heltzeko. Horregatik, iruditzen zait iragazki gehiegi jarri izan banitu neure burua engainatzea litzatekeela eta, horrez gain, pieza ez litzatekeela zintzoa landu nahi dudan horrekin. Dituen iragazkiak formari lotuak dira betiere: estetikoak. Dena dela, hori baino gehiago, ikuskizunak duena beste zerbait da: irakite fase bat.

Zer esan nahi du horrek?

Nire salda guztia bota dut, nire osagai guztiak, baina ez nireak bakarrik. Ekipo bat dut ondoan, eta norberak bere sentipenak eta bizipenak gehitu ditu saldan.

Izan ere, oholtza gainean ez zaude bakarrik: Eneko Gil eta Belen Cruz dituzu bidelagun. Nola osatzen da salda sei eskutara?

Haiek oso eskuzabalak izan dira; ez oholtza gainean egoten direnak bakarrik, ekipoa askoz zabalagoa baita. Edonola ere, Eneko eta Belen deitu nituenean, ezagutzen nituen haien lanak, baina ez ginen elkarrekin lanean arituak, eta lantalde batean hain gauza pertsonalak eta intimoak partekatzea aise izan zitekeen katastrofe bat. Mimo handiz egin dugu lan, eta oso lantalde orekatua eta polita osatu dugu. Ez diot nik bakarrik: uste dut taulan ere nabaritzen dela, eta publikoak ere hori esan digu sarritan. Haien ekarpenak oso bereziak izan dira, bizipenetatik eginak batzuk, eta beldurretatik eginak beste hainbat.

Zerk sortutako beldurretatik?

Denoi ez zaigu ama edo gertuko senide bat hil, baina badugu beldur hori. Bizitzaren B aldea da. Bizitzak ez luke zentzurik amaituko dela jakingo ez bagenu. Denek dugu amildegiaren ertzean egotearen sentsazio hori.

Norbait hil ondoko erritu gisara aurkeztu izan duzu Eresia. Aski egiten ez direla uste duzulako?

Heriotzak geroz eta leku gutxiago du gure artean; ebidentzia bat da. Agian, duela urte batzuk Euskal Herriko jendartean betetzen zuen funtzio bat komunitatean, trinkotzen zuen komunitatea, baina gaur egun ez da horrela. Orain, azeleratuta bizi gara, eta errituak transakzio hutsak dira, tramite huts bat, 48 bat ordukoa askotan.

Egin egiten dira, baina. Errausketak, hiletak, beilatokiko egonaldiak… horiek erakusten dituzu ikuskizunean?

Ez, oso bestelakoak dira. Nik hasieratik aldendu nahi izan nuen horietatik, Eliza katolikoaren errituekin edo erritu pragmatikoekin lotuta daudenetatik. Izan ere, piezaren helburua sinbolo propioak sortzea da, hain justu.

Oraindik dolurik izan ez duenari ere berdin iris dakioke antzezlanean azaltzen dena?

Bai, ze, izan modu agerikoagoan edo ezkutuagokoan, denok baitugu heriotza presente. Badakigu inoiz izango garela doluan norbaitengatik. Horregatik, uste dut denek errokonozitzen ahal ditugula ikuskizunean azaltzen direnak.

Bada ikusleari piztu nahi zenioketen galderarik?

Bada bat oso ebidentea: jendarte honetan, nahikoa leku ematen diogu heriotzari? Baina beste bat ere badago: ni hiltzean, zer gustatuko litzaidake gertatzea?

Obra sentimenduez mintzo da: oroimina, arrangura, poza, maitasuna… Kontzeptu abstraktuak dira. Antzeztean, premiazkoa da lausoak zehatz bihurtzea?

Nire ustez, bai. Ez dakit posible litzatekeen pieza eszeniko bat egitea soilik ideia abstraktuekin arituz. Ideia horiek kode batzuen bidez azaldu behar dira. Dena dela, ikuskizuneko parte batzuk abstraktuagoak dira; beste batzuk, zehatzagoak.

Zer baliabide baliatu dituzu?

Hitza, adibidez. Erabaki estetiko bat izan zitekeen hitzik gabeko teatro lan bat egitea, baina iruditzen zitzaigun haien erabilerak oso helduleku interesgarriak emango zizkigula. Helduleku horiek norberak bere modura interpretatuko ditu gero. Hori da teatroaren magia; artearena.

Diziplina anitzeko obra bat ondu duzu: antzerkia, kantua eta dantza. Nola harilkaturik?

Ez da ohiko dramaturgia bat, zeinetan egun batean hasten diren gauzak, arazo bat dagoen, eta soluzio bat gero. Ez dakigu zein denboratan mugitzen garen, ez dakigu non gauden.

Agertokikoak zuek zarete, ala pertsonaiak?

Gu geu gara: Oier, Eneko eta Belen. Horrela behar du. Erritu bat izatea nahi genuenez, ezin zen egon transposiziorik.

Arte Ederrak ikasitakoa zara. Sumatzen da ikuskizunean?

Agian ez hala egiten saiatu naizelako, baina egia da arte plastikoetatik ateratako baliabideek asko lagundu didatela. Materialek garrantzi handia dute, irudiek…

Zer du pinturan galtzeak?

Errealitate paralelo batean murgiltzeko aukera, non bakarrik formek eta koloreek osatzen duten hizkuntza. Horrek konektatzen zaitu alde subjektiboenarekin, eta ez hainbeste arrazionalarekin; galtzea da aditza.

Arte eszenikoetan eta arte plastikoetan zabiltza. Iruditzen zaizu administrazioak bata mimatzen duela bestea baino gehiago?

Ez dut uste. Baina hau eztabaida interesgarria da. Iruditzen zait kultur sorkuntza eta kultur ekosistema merkatu ikuspegitik neurtzen ditugula, eta, paradigma hori aldatzen ez dugun bitartean, eztabaida antzu batean egongo gara. Kultur ekosistema sendo bat izatea baliagarri da jendarte baten ongizatean eragiteko, egoera emozionala eta intelektuala eraldatzeko. Horrela ulertu behar genuke, eta horrela zaindu.

Eresia-ren ondotik, zer?

Eresia-k oraindik ere badu bidea aurretik. Dena dela, sortzaileok beti ditugu gauzak buruan, karpeta bat ordenagailuan, oharrak koaderno batean… Dena ongi badoa, 2023ko udazkenean nahi nuke plazaratu.