Baztango hamabost herrietatik hamalautan Magnesitas de Navarraren Erdizko proiektuari buruzko galdeketa eginen dute, hilaren 20an. Alkateek antolatu dute, Baztango herri lurrak kudeatzeko ordenantzak baliatuta. Magnak udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa aurkeztu du egitasmoa.
Edurne Elizondo
Magna Magnesitas de Navarra enpresak atzera egin behar izan zuen, lehendabizikoz saiatu zenean: herritarren oposiziok aldarazi zituen enpresaren asmoak, eta, 2008an, bazter utzi zuen Baztango Erdizko inguruan meategi bat egiteko proiektua. Itzuli egin da, baina, eta estrategia aldatuta: udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa tramitatzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari, Baztango erakundeen eta herritarren gainetik. Gogor kritikatu dute baztandarrek erabaki hori: urriaren 12an, manifestazioa egin zuten Elizondon; eta azaroaren 20an, berriz, galdeketak eginen dituzte Baztango hamabost herrietatik hamalautan —Almandoz da kontsultara deitu ez duen bakarra—. Ibarreko zinpeko alkateek antolatu dituzte, Baztango herri lurrak kudeatzeko ordenantzen hemezortzigarren artikulua baliatuta.
“Haserre gaude alkateok; baztandarron erakundeak laugarren mailakotzat hartu dituzte, eta gure gainetik pasatu nahi dute, herritarron hitza eta eskumenak bazter utzi”, salatu du Iruritako alkate Pello Iriartek. “Larritzat” jo du egoera, eta onartu du Nafarroako Gobernuak Magnaren proiektua udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa tramitatzen badu, “deus gutxi” egin ahal izanen dutela: “Auzitara jotzea izanen da aukera bakarra”.
Erdiz Bizirik plataformako Jon Elizetxek garbi erran du auzitara joko dutela, behar izanez gero: “Meategiaren kontra gaude; gainera, proiektua legez kanpokoa da”, salatu du Elizetxek. Izan ere, Nafarroa2000 sarearen barruan dago Erdiz; Aldude mendian dago Erdizko ingurua, eta Aldude, 2005etik, zaintza bereziko eremu bat ere bada.
2008an Erdizko proiektua bazter utzi eta gero, Magnak Zilbetira jo zuen, eta herri horretako pagadian saiatu zen harrobi bat egiten. 2015ean, epaileen ezezkoa jaso zuten enpresako arduradunek. Zilbetiko pagadia salbatu zuen sententzia oroitu du Elizetxek, hain zuzen, Erdizko proiektuari aurre egiteko baliagarria izan daitekeela uste duelako. “Sententzia horrek garbi erran zuen eremu babestu baten zati bat hondatzen bada, horrek eremu guztiari eragiten diola. Erdiz Alduden dago, eremu babestu bat da, eta horregatik erraten dugu proiektu hau legez kanpokoa dela”, erran du egitasmoaren aurkako plataformako kideak.
Interesa duen inbertsioa
Magnak uztailaren 29an erregistratu zuen Erdizko meategia udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa tramitatzeko eskaera. Ez hori bakarrik: enpresak eskatu du, gainera, proiektu hori Nafarroarentzat interesa duen inbertsiotzat jotzea. Nafarroako Parlamentuak bat egin du eskaera horrekin; parlamentuko osoko bilkurak urriaren 7an jorratu zuen auzi hori, PSNk aurkeztutako mozio baten bidez, eta onartu zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea Erdizko meategia interesa duen inbertsiotzat jotzeko. PSNk, Navarra Sumak eta Geroa Baik bozkatu zuten horren alde.
Parlamentuko ordezkariek Magnaren Eugiko meategira bisita egin zuten, joan den ekainean; enpresako arduradunek Erdizko proiektuaren berri eman zieten parlamentariei, egun hartan. Magnako arduradunen arabera, hogei urtez ustiatu ahal izanen dute meategia, eta, horri esker, enpresak eutsi ahal izanen die egun dituen lanpostuei. Enpresak azaldu du, bertzalde, meategiak hartuko duen eremua lehengoratzeko plan bat badutela, eta bere jarduerak ez diola Natura2000 sareko kontserbaziorako “giltzarri diren elementuei modu ageri batean eraginen”. Magnak defendatu du proiektua udalerriz gaindiko plan gisa aurkeztu izana, “lurraldea egituratzeko” balioko duelako, bertzeak bertze.
Baztanen, baina, ez dira enpresaren hitzaz fiatzen. Alkateek nabarmendu dute herritarrek errateko dutena entzun behar dela, eta horretarako antolatu dutela galdeketa. Galdera zehatza eginen diete azaroaren 20an: Erdizko herri lurren okupazioa Magnaren esku uztea baimendu nahi ote duten ala ez. “Herri lurren defentsa” dago jokoan, Iruritako alkate Pello Iriarteren hitzetan.
Herrialdetik kanpo
Erdizko proiektua “lehen urrats bat” izanen ote den beldur da Iriarte. “Ez da Erdiz bakarrik; ez da Artesiaga bakarrik ere. Ustiatu nahi duten beta doa Okorotik Saioaraino. Behin burua sartuz gero, dena hartuko dute, eta hondamendia eragin”, ohartarazi du.
Elizetxek bat egin du Iriarterekin, eta Erdiz Saioaraino jarraitzeko “sarbidea” izan daitekeela salatu du. Proiektuaren helburua lurra multinazional bati “oparitzea” dela nabarmendu du Erdiz Bizirik plataformako kideak.
Nafarroako enpresa bat da Magna, baina multinazional baten barruan dago. Herrialdetik at ere garatu ditu zenbait proiektu; bertzeak bertze, Borobian (Soria, Espainia). 250 biztanleko herri bat da, eta 2000koa da han meategi bat egiteko lehen asmoa. Borobiako herritarrek ezezko borobila eman zioten proiektuari, eta bazter gelditu zen. 2005ean, baina, Magnak ikerketa egiteko eskubideak erosi zituen, eta 2009an meategia martxan jartzeko baimena lortu zuen. 2015ean hasi ziren ustiatzen. Magnak konpromisoa hartu zuen lantegiak sortuko zituen hamabost lanpostuak herriko jendearekin betetzeko, baina lanean ari diren hamabost pertsonatik bi baino ez dira Borobiakoak. Orain Magnak Borobiako meategia handitu nahi du, eta herritarrek asmo horren kontra egin dute. Ebroko Ur Konfederazioak ere zalantzan jarri du enpresaren lan egiteko modua: 2017an, 6.000 euroren isuna ezarri zion Manubles ibaia kutsatzeagatik.
Baztanen, herritarrek Erdizi buruz euren iritzia emateko aukera izanen dute, hilaren 20an. Alkateek eman diete hitza.
KRONOLOGIA
Hogei urteko bidea egin du jada Baztanen Magnaren Er-dizko inguruan meategi bat eraikitzeko proiektuak. Ondo-koak dira urrats nagusiak:
2001. 2001. urtekoak dira Magna enpresak Baztanen egin nahi duen meategiari bu- ruzko lehen berriak. Urte har- tan, zundaketak egiteko bai- mena lortu zuen enpresak. 2002. Magnak zundaketa gehiago egiteko baimena es- katu zuen, baina Baztango Ba- tzar Nagusiak ukatu egin zion. Erdiz Bizirik plataforma sortu zuten herritarrek.
2005. Nafarroako Gobernuak zaintza bereziko eremu izen-datu zuen Aldude mendia. Ho-rren barruan dago Erdiz.
2008. Herritarren oposizioa kontuan hartuta, 2008ko urtarrilean, Magnak erran zuen uko egiten ziola proiektuari.
2015. Epaileek bertan behera utzi zuten Magnak Zilbetin egin nahi zuen harrobia. Erdizko proiektua baztertu eta gero jo zuen enpresak Zilbetira.
2019. Magnak Erdizko meategi proiektua mahai gainean jarri zuen berriz. Estrategia aldatuta, udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa aurkeztu du. Erantzunaren zain da.
«Arraildura ekar dezake Natura2000 sarean Erdizkoa baimentzeak»
Joseba Otondo (Baztango alkatea)
E. Elizondo
Magnaren Erdizko proiektua salatu du Baztango alkate Joseba Otondok (Elizondo, 1977); salatu du administrazioak oztopoak jarri dituela galdeketak egiteko.
Baztango Udala ere saiatu zen galdeketa egiten.
Baztango Udala eta Baztango Batzar Nagusia modu adostuan saiatu izan dira galdeketak antolatzen. Herri lurretaz ari gara, eta eskumena batzar nagusiak du. Batzar nagusia eta udala, beraz, saiatu ziren auzia galdeketa baten bidez bideratzen, bertze gauza anitzen artean Erdiz baztandar guztien ondasun bat delako. Natura2000 sarean dago, eta zaintza bereziko eremua da, gainera. Uste dugu, beraz, baztandarrek erabaki behar dutela.
Zergatik ezin izan duzue egin?
Lehen saiakera bat egin genuen, toki esparruko galdeketen herrialdeko legea baliatuz. Espainiako Ministroen Kontseiluari zegokion baimentzea, baina ez zuen egin. Bertze ekinbide bat abiatu genuen, ondorioz, parte hartze eskubidean oinarrituta: berrespenezkoa ez den kontsultaren bidea. Hori Baztanen erabili genuen 2016an Aroztegiari buruz galdetzeko. Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak, baina, galdeketa hori gelditzeko agindua eman zuen.
Zein da debeku horien arrazoia?
Agintekeria eta inposizioa ikusten ditugu debeku horien atzean. Tokiko erakundeen eskumenen gainetik pasatu nahi dute. Uste dugu garbi dutela Erdizkoaren gisako proiektu handiek tokikoen aldeko erantzunik ez dutela, eta horregatik geldiaraz daitezkeela. Guk hasieratik erran dugu auzia bideratu behar dela demokrazian sakonduz, eta herritarrei hitza emanez. Zenbaitentzat, baina, bide hori arriskutsua da, eta herritarren erantzunaren beldur dira.
Ez dute herritarren ezezkoa paper batean jasotzea nahi?
Hori iruditzen zaigu. Proiektua legezkoa izan daiteke, baina herritarren ezezkoa badago mahai gainean, zilegitasunik gabeko proiektu bat izanen litzateke. Ez dakit zilegitasunak zenbateraino baldintzatzen ahal duen gisa honetako proiektu bat, baina orban horrekin geldituko litzateke.
Proiektua udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa tramitatu nahi izatearen arrazoia ere hori da?
Lasterbide bat hartu nahi izan dute, tokiko erakundeen eta herritarren gainetik. Hori onartezina dela iruditzen zaigu. Munduko bertze zenbait tokitan ere ikusten ari gara, proiektu handiak agintekeriaz inposatzen dituzte, tokiko komunitateen nahiaren gainetik. Sistema kapitalista horretan oinarritzen da, harrapaketa horretan. Mendebaldeko herritarrak, bistan da, horretaz ez gara oroitzen gure inguruan kontsumitzeko aski ondasun dugularik, baina horrelako gaiak gurera etortzen direnean, bertze toki horietan gertatzen direnak gurean bizi ditugu. Tokiko komunitateek beren geroaz erabaki nahi dute.
Eta enpresak hori eragotzi?
Magna Roullier multinazionalaren adar bat da; Roullierrek Saint-Malon du egoitza, Bretainian. Han erabakitzen dute, eta, erabaki horien ondorioz, hemen gure ondasunak erauzten ahal dizkigute. Mozkinak Sain-Malora ailegatuko dira. Eta guretzat geldituko da zulo handi bat.
Legez, eremu babestu bat da Erdizkoa. Ez du balio babes horrek?
Ez du ematen; eta orain, gainera, ikusten ari gara Europan zer mugimendu gertatzen ari diren: sakrifikatzeko modukotzat jotako urruneko geografiak gurera etortzen ari dira. Uste genuen Natura2000 sarea babes nahikoa zela, baina ez du ematen. Orain, adibidez, Nafarroako Parlamentuak adierazi du Erdizko proiektua Nafarroarentzat intereseko inbertsio izendatu beharko luketela. Landa eremuko tokiak nahi dituzte sakrifikatu orain.
Erdiz baino gehiago dago jokoan?
Bai. Erdizkoa baimentzeak sekulako arraildura eraginen luke Natura2000 sarean.