“Zintzo izan behar duzu, eta argi utzi zer kontatu nahi duzun”

“Zintzo izan behar duzu, eta argi utzi zer kontatu nahi duzun”

Iñaki Alforja zinemagileak egin du Nafarroako Gobernuak pandemiari buruz abiatutako artxiboa ixteko bideoa. Hamaika dokumental zuzendu ditu, eta bertze anitzetan parte hartu. Jakin-minak mugitu du beti.

Edurne Elizondo

Motxila 21, El vuelo de las líbelulas eta Bolante baten historia dira Iñaki Alforjak (Iruñea, 1967) ondutako dokumentaletako batzuk. Ezagutzen ez dituen gaiak jorratzea maite du, eta “ezustekoak” hartzeko prest da beti. Nafarroako Gobernuak eskatuta, pandemiaren artxiboa ixteko bideoa egin berri du.

Nafarroako Artxibo Garaikidearentzat egin duzu azken lana, No somos islas, pandemiari buruz.

Pandemiari buruzko artxibo bat da, baina pandemia amaitu aurretik egina. Sumatzen da oraindik osasun langileen nekea; sumatzen da zahar etxeetako egoiliarren beldurra. 60 pertsonaren testigantzak jaso ditugu, euren konfinamenduaren berri emateko.

Zein da konfinamenduaren irudia, zuretzat?

Nik bi gauza ikusi ditut garbi: batetik, pandemiak gure gizartearen argazki bat eman digula, onerako eta txarrerako.

Nolakoa da argazki hori?

Argiak eta itzalak ditu. Osasun langileak funtsezkoak zirela errepikatzen genuen, txalotzen genituen egunero, eta, orain, grebara jo dute zenbait tokitan. Behar dituzten baliabide guztiak izan beharko lituzkete, baina ez da hori errealitatea. Uste dut gizartearen hipokrisia gelditu dela agerian.

Bi gauza aipatu dituzu; zein da bertzea?

Ohartu garela ontzi berean gaudela denok. Egia da batzuek lehen mailako gelak dituztela, eta bertze batzuek zamategian egon behar dutela. Baina ontzi berean gaude; elkarren beharra dugula ohartu gara, eta denon artean bilatu behar dugula konponbidea.

Pandemiari buruzko artxiboa, El vuelo de las libélulas eta Bolante baten historia dira zure azken lanetako batzuk. Zeri erreparatzen diozu jorratu nahi duzun gaia aukeratzeko?

Ohartu naiz, batetik, ezagutzen ez ditudan gaiei egiten diedala so. Akaso, ez da biderik seguruena, baina jakin-minak eraman nau hori egitera. Ezagutzeko eta enpatizatzeko beharra sentitzen dut. Bertzetik, konturatu naiz nire lanak, anitzetan, kolektiboen ingurukoak direla: Motxila 21 taldeari buruzkoa, adibidez; musika talde horretako kideen erdiak Downen sindromea duten pertsonak dira ; El vuelo de las libélulas lanean, berriz, bederatzi emakumek osatutako talde bat dago; ezberdinak dira, baina ahizpatasunak batzen ditu, eta igeriketa sinkronizatua egiteko talde bat osatu dute.

Ezagutzen ez duzun horri buruz lan egiteak ezusteak eman izan dizkizu?

Denok ditugu aurreiritziak, eta, horregatik, ezagutzen ez duzun horretara hurbiltzen zarenean, ezustekoak hartzeko prest egon behar duzu. Motxila 21 taldeari buruzko lana egin nuenean gertatu zitzaidan: nire inguruan ez dut Downen sindromea duen inor, eta aurreiritziz beteta hurbildu nintzen haiengana, nola hitz egin edo nola tratatu jakin gabe. Hasieratik nire lepotik barre egin zuten; ohartu nintzen nire aurreiritziek ez zutela deus balio.

Bertzeen aurreiritziak ere apurtu nahi dituzu?

Nire lanek ez dute helburu pedagogiko garbi bat, baina uste dut nik sentitu dudan jakin-min bera izan dezaketela bertze anitzek ere. Hori bilatzen dut.

Jakin-min hori ez da amaitzen lana bukatzen duzunean, ezta?

Ni erabat murgiltzen naiz nire lanetan, eta nire helburua izaten da harreman bat sortzea prozesu horretan ezagutu ditudanekin. Motxila 21 taldeko bi kide ezkondu ziren udan, adibidez, eta gonbidatu ninduten. Maite dut harreman horri eustea, eta uste dut lotuta dagoela zintzotasunarekin; zintzo izan behar duzu, eta argi utzi zer kontatu nahi duzun, eta kontuan hartu protagonistek noraino nahi duten ailegatu; akordio bat lortu behar da.

Gai ezberdinak jorratu dituzu; batzuetan zailagoa izan da zuk kontatu nahi duzun horri eustea?

Bolante baten historia, adibidez, lan delikatu bat izan da.

Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra-ri buruzko lan bat da hori. 1980an desagertu zen.

Naparraren senideei hasieratik erran nien zer nahi nuen: nahi nuela auzi politikoaz hitz egin, gertatu zenaz, desagertzeaz, Batallon Vasco Españoli buruz, eta, batez ere, 40 urtez senidea bilatzen aritu den familiari buruz. Zer zalantza eta kontraesan izan dituen, zer esperientzia… horrek bilakatzen ditu istorioak unibertsal. Bolante baten historia lanarekin, azkenean, hagitz gauza polita gertatu zitzaigun.

Zer gertatu zen?

Naparraren senideei lehendabiziko bertsioa erakutsi genienean, anaiak erran zidan gehiago atera nahi zuela, zituen kezkak eta beldurrak argiago erakutsi. Anaiaren bila jarraitu nahi zuela, baina Eneko Etxeberria ere izan nahi zuela. Niretzat opari bat izan zen hori, konfiantza erakutsi baitzidan. Eroso sentitu zen bere istorioa kontatzeko.

Zer izan behar du istorio batek dokumental bilakatzeko?

Uste dut azal kontu bat dela; eta pentsatzea zuk zerbait eman dezakezula; zuk egin nahi duzun gogoetarekin bat egiten duela istorio horrek. El vuelo de las libélulas lanari dagokionez, adibidez, haien arteko ahizpatasuna nabarmena da, eta niretzat nire arrebak omentzeko modu bat izan da. Zazpi ditut, hagitz ezberdinak, baina harreman hagitz estua dute haien artean. Segur aski, haiek gabe ez nuke lan hau egin izanen.

Zenbait lanetan egin diezu so emakumeei.

Arrebei esker, berriz ere. Kristalezko sabaiez edo sanferminetako sexu gehiegikeriez hitz egin izan dute etxean, eta uste dut horrek nolabait sentsibilizatu nauela. Eritasunaz ere mintzatu izan dira. Bularreko minbiziak jota hil zen nire arrebetako bat. Irakaspen eta esperientzia anitz partekatu dituzte nirekin. Opari bat izan da hori niretzat.

Natxo Leuzarekin aritu zara lanean, Ukrainan, emakumeak erdigunean jartzeko, berriz ere.

Emakume errefuxiatuen inguruko lana egiten ari da. Gizonek herrian gelditu behar dute, gizonak ikusten ditugu irudietan, baina emakumeen bizkar da etxekoen zaintza.

Nafarroa toki ona da dokumentalak egiteko?

Nik uste dut badela dokumentalak egiteko sentsibilitate bat; hemengoak dira, adibidez, Arena eta Kanaki etxeak, eta erreferentziazkoak dira. Natxo Leuzaren lanak daude, Marina Lameiro eta Maddi Barberrenak ere bai, bertzeak bertze. Badago sentsibilitate bat errealitatea kontatzeko modu horrekin.

Gobernuak eman nahi izan dio bultzada zinemagintzari.

Arazoa da jarduera ekonomikotzat hartu dutela zinemagintza, eta hori ez da bidea. Kulturak berez du balioa.