“Desgaitasunak azaleratzeko, gizartea eraldatu nahi dugu”

“Desgaitasunak azaleratzeko, gizartea eraldatu nahi dugu”

Desgaitasunen bat dutenei arreta emateko eta haien eskubideak bermatzeko legea onartu berri du Nafarroako Parlamentuak. Joxean Crespo Aspaceko kideak prozesuan parte hartu du, erakunde horren izenean.

Olaia L. Garaialde

Garun paralisia daukatenekin lan egiten du Aspace elkarteak, eta erakunde horretako langilea da Joxean Crespo (Burlata, 1974). Aspaceren Iruñeko egoitzan egin nahi izan du elkarrizketa; hain zuzen, hiriburuko leku asko oraindik ere ez direlako egokiak gurpil aulkiarekin mugitzeko. Nafarroako Parlamentuak lege bat onartu berri du desgaitasunen bat dutenei arreta emateko eta haien eskubideak bermatzeko, eta Crespok legea prestatzeko prozesuan parte hartu du, Aspaceren izenean. “Desgaitasunaren munduan, aspalditik geunden onartu dutenaren gisako lege baten zain, eta bete dadin adi egonen gara”, nabarmendu du.

Nafarroako Parlamentuak onartu berri du desgaitasunaren legea. Nola hartu duzu berria?

Kontent gara, lehendabiziko aldiz desgaituok legearen sortze prozesuan parte hartu ahal izan dugulako. Gobernuak legeak egin ditzake, baina nork ezagutzen du desgaitasuna? Desgaituok eta familiek.

Hasieratik parte hartu duzu prozesuan. Nolakoa izan da?

Azken urtean, astean behin egin ditugu bilerak, eta batzuetan, astean bitan. Elkarteok, kolektibook eta desgaituok parte hartu dugu bilera horietan, eta bakoitzaren eskakizunak jarri ditugu mahai gainean. Desgaitasunaren mundua oso zabala da, desgaitasun mota asko baitaude.

Desgaitasun horietako batzuk ez dira askorik antzematen gizartean?

Bai, esate baterako desgaitasun organikoa edo psikikoa ez dira kolpe batez antzematen. Badaude gizartearen begietan oso ezkutatuta dauden desgaitasunak, ez direlako ikusten eta ez delako haietaz hitz egiten. Badirudi ikusten dena soilik existitzen dela, baina ikusten ez diren gauza asko existitzen dira. Horrekin ez dut esan nahi norbait desgaitua dela jakin behar duzunik; desgaituak ez du zertan esan ez badu nahi, baina jakin behar duzu nola jokatu. Hortaz, desgaitasunak azaleratzeko, gizartea eraldatu nahi dugu, denon artean.

Ikusarazteko eta irisgarritasuna lortzeko bostehun proposamen baino gehiago egin dituzue parte hartu duzuen elkarteek. Denak onartu dituzte?

Ia gehienak; azkenean, desgaituak gizartearen parte gara, eta kontuan hartu behar gaituzte. Gainerako herritarrak bezalakoak gara, eta, denek bezala, guk ere badugu zer esan. Gizartean integratuta egon nahi dugu, gure eskubide eta betebeharrekin, baina, hori erdiesteko, inplikazioa behar da.

Nola eragingo dio onartu duten legeak laneratzearen auziari?

Desgaitasunen bat dugunez, ez digute aukerarik ematen ohiko lan merkatuan. Gizarteari ulertarazi behar diogu ohiko lan merkatuan lan egin dezakegula guk ere, eta ez genukeela halabeharrez enplegu zentro espezializatuetan lan egin beharko. Legeari esker, enpresek diru laguntzak jasoko dituzte desgaitasunen bat duten langileak kontratatzeko eta lan merkatura sartu ahal izateko.

Horrez gain, instituzionalizazioa salatu, eta autonomiarako eskubidea aldarrikatu duzue. Zein da proposamena?

Helburua da egoitza batean bizitzera behartuak ez egotea, eta ghettorik ez sortzea. Egoitzak oso ongi daude, eta oso funtzio ona betetzen dute, baina ez ditugu desgaitu guztiak egoitzetan sartuko, agian denek ez baitute hori nahi. Badago jendea pisu batean bizi nahi duena, eta laguntzarekin egin dezakeena. Adibidez, nire kasua izan daiteke: bakarrik bizi naiteke, baina beste pertsona baten laguntzarekin. Elkarrekin bizi nahi duten bikoteak ere badaude, baina, hori egin ahal izateko, laguntza apur bat behar dute. Hori besterik ez.

Hezkuntzan ere badago bereizteko joera?

Haurren artean ikusi dut, gehienbat, bereizketa hori. Haurrek zailtasun handiak dituzte eskola normalizatuetara joateko, ez dizkietelako espazioak eta erritmoak egokitzen. Askotan, erritmoak desberdinak dira, baina horregatik ez genuke pertsona bat eskola normalizatu batera joateko aukerarik gabe utzi behar.

Eskola espezializatuak daude, eta norberak erabaki dezake nora eraman seme-alabak; kontua da askotan haurrak eskola espezializatuetara eramaten dituztela, normalizatuetan ez dagoelako behar adina baliabiderik.

Informazioa irisgarri izateko ere baliabide gutxi daude, oraindik ere?

Bai. Gorrek ez daukate keinu hizkuntza dakien interpreterik zinemara joateko edota medikuak artatzeko. Toki askotan, braillea jarri beharko lukete, itsuek jakiteko non barrena dabiltzan. Medikuareneko eta administrazioko gutun asko oso hizkera konplexuan idatzita daude, eta batzuek ez dute ulertzen; horretarako, sinplifikatu egin behar dituzte.

Horrez gain, legeak sexu eskubidea ere hartuko du kontuan. Nola?

Alde batera uzten gaituzte, tabu bat dagoelako. Uste dute ez dugula desirarik eta ez dugula maitatzen, baina, besteek bezala, desira senti dezakegu, eta maitatu ere bai. Guk ere maitatzeko, sexu harremanak izateko eta laztantzeko eskubidea daukagu. Horrek esan nahi du sexu heziketa desgaitasunak kontuan hartuta landu behar dugula: sexualitatea zer den azaldu, baiezkoa eta ezezkoa zer diren, adostasunari buruz hitz egin, eta, gainerako gauzekin bezala, bakoitzaren erritmoak kontuan hartu esparru horretan ere.

Beraz, behin legea onartuta, indarrean jarri behar da.

Desgaitasunaren munduan, aspalditik geunden Nafarroako Parlamentuak onartu duenaren gisako lege baten zain, eta bete dadin adi egonen gara, inongo zalantzarik gabe. Lehenbailehen indarrean jartzea nahi dugu, eta legea garatu eta bete dezatela. Oraindik ere, gauza asko ditugu hobetzeko, eta urratsez urrats eginen dugu aurrera, hain zuzen ere.

Zer dago aurkitzen ohi dituzuen zailtasunen atzean?

Ezjakintasuna eta beldurra daude, batez ere.

Orain arte, elkarteek erantzun diete erakundeek erantzun gabe utzitako beharrei?

Bai, dudarik gabe. Oso garrantzitsua da elkarteak egotea, indarra egiten dutelako. Familiek elkarteengana jotzen zuten, elkarte horiek zirelako herritarrak lagundu edo gidatzen zituzten bakarrak. Nafarroako Gobernuak eta erakunde publikoek ez zekiten zer egin ere; orain, espero dugu legearekin egoera hori aldatzen hastea, behintzat.