Yolanda Amador: “Salaketa publikoa beharrezkoa da egoera ikusgai jartzeko”

Yolanda Amador: “Salaketa publikoa beharrezkoa da egoera ikusgai jartzeko”

E. Elizondo

Iruñeko Alde Zaharreko La Majari ijito elkarteko kidea da Yolanda Amador (Iruñea, 1966). Ijitoek euren aurkako zenbait eraso “normalizatu” dituztela azaldu du, eta badela dinamika hori apurtzeko garaia.

Ijitoen aurkako bertze eraso bat salatu dute. Anitz dira salatzen ez direnak?

Anitzek uste baino anitzez ere ohikoagoak dira gisa horretako erasoak. Kontua da normalizatu egin dugula, baina ez genituzke horrelako gertaerak normaltzat hartu behar.

Inportantea da salatzea?

Bai, garbi uzteko ez dugula zertan horrelako erasoak jasan. Ezin ditugu ohikotzat jo.

Irailean, abuztuan gertatutako eraso bat salatzeko elkarretaratzea izan zen, Iruñean; orain, bertze bat. Gauzak aldatzen ari dira?

Baietz uste dut. Eta horrek pozten nau. Ez da bidezkoa denda batean sartu, eta langileak gure atzetik ibiltzea denbora guztian. Hori ezin dugu onartu. Bada garaia barneratu dugun arrazakeria mota hori agerian uzteko.

Zuen elkartera jotzen du jendeak halako erasoak salatzera?

Bai. Urtea hasi zenetik, bi salaketa jaso ditugu. Jende gutxik salatzen du, oraindik; gainera, salaketa jartzen denean, gehienetan auzia artxibatu egiten dute. Ondorioz, jendeak nahiago du bide horretan ez sartu. Kontrakoa egin beharko genuke, nire ustez.

Gehiago salatu?

Bai; auzitegietara salaketa gehiago ailegatzen badira, arazo hau kontuan hartzen hasiko dira, akaso. Elkarteko erabiltzaileei salatzeko eskatzen diegu.

Salaketa publikoa ere behar da?

Hori hagitz inportantea da, eta beharrezkoa, herritarren aurrean egoera hau guztia ikusgai jartzeko.

Jendaurrean salatutako bi kasuetan, Poliziak esku hartu zuen. Alarmak jo ez arren, ijitoak identifikatu eta miatu zituzten.

Poliziak ere ijito izateagatik egiten du ijitoen kontra. Hor ere bada lan handia egiteko. Halakoetan, dendarien bertsioa ontzat ematen dute, galdetu gabe. Hori aldatu behar dugu.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku.