Mendizaletasunak eraman zuen Fermin Ezkieta Ezkabako gotorlekuaren ingurura, eta han preso izan zituztenen istorioak erabat harrapatu zuen. 2013. urtean, Los fugados del Fuerte de Ezkaba argitaratu zuen Pamielarekin, eta, orain, lan horren seigarren edizioa kaleratu du, orain arte argitaratu gabeko hainbat daturekin. Egileak zehaztu du, bertzeak bertze, 8.000 herritar hartu zituztela preso Ezkaban, 1934. urteko azaroan espetxe gisa erabiltzen hasi zirenetik 1945eko irailean itxi zuten arte.
Ezkieta Ferrolen (Galizia) aritu da artxiboak arakatzen. «1938ko ihesaldiaren garaiko gobernu militarreko 200 kutxa aurkitu ditut han; eta, gainera, Nafarroako Artxibo Nagusian, Madrildik bidalitako presoen inguruko 3.000 txosten baino gehiago». Bartzelonan ere egon da Ezkieta, eta hango artxibo batean aurkitu du, hain zuzen, Benito Paredes, 1938ko ihesaldian parte hartu zuten presoetako bat: «Ihes egin eta gero, Aviles [Asturias, Espainia] bere sorterrira itzultzeko gai izan zen. Hiru hilabete eman zituen han; azkenean, militarrek harrapatu, eta hil egin zuten».
Aranzadiko kideak, Esteribarren, Ezkabatik ihes egindako presoetako biren gorpuzkiak hobitik ateratzen. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ezkietak zortzi ihesaldi saio dokumentatu ditu bere liburuan. 1938koa izan da nagusia, zortziehun presok parte hartu baitzuten. Egileak zehaztu du gotorlekua espetxe gisa erabiltzen hasi bezain pronto gertatu zela lehendabiziko ihesaldi saioa: «Herritar batek lehen presoak ekarri zituen ibilgailutik salto egin zuen, gotorlekura sartu aurretik», kontatu du Ezkietak. Erantsi du preso anarkistak ere bitan saiatu zirela Ezkabatik ihes egiten. «CNTko 28 presok parte hartu zuten, eta gehienak fusilatu zituzten».
Memoriaren toki
Ezkietak garbi erran du Ezkabako gotorlekuko bizi baldintza gogorrak atzean uzteko gogoak piztu zituela ihesaldi saioak. «Baldintzak latzak ziren. 1938ko ihesaldiaren aurretik, 248 preso hil ziren Ezkaban; ihesaldian, berriz, 220: 206 inguruko herrietako mendietan, eta bertze hamalau, Iruñeko Ziudadelan. Gotorlekuan gelditzeak ez zuen bizirik segitu ahal izatea bermatzen», esplikatu du.
Ezkietak uste du zaila dela 1938ko ihesaldiari buruz orain arte ezagutzen ez diren datu gehiago aurkitzea. Nabarmendu du herrigintzatik eta erakundeetatik gotorlekuan zer gertatu zen azaltzeko eta orain arteko isiltasuna apurtzeko egin diren urratsak «hagitz inportanteak» izan direla, eta erantsi du «ezinbertzekoa» dela Ezkabako gotorlekuari buruzko memoria gazteen artean zabaltzea. «Ezkabaz ari garenean, ez gara bakarrik iraganaz ari. Gaurkotasun handiko auziez ari gara».
Pena du, Ezkaba memoriaren toki gisa izendatzeko urratsa egin arren, gotorlekua bisitatzeko «muga handiak» badirela oraindik ere. «Memoriaren toki gisa, ezinbertzekoa da herritarrek gotorlekuan sartu ahal izatea, eta han zer gertatu zen ezagutzea», berretsi du.
