Hiria ebaki, berregiteko

Hiria ebaki, berregiteko

Tacto Sutil Collage Taldeak Iruñeko Gazteriaren Etxean zintzilikatu ditu hiriaren inguruan egindako lanak. Iruñeko Zabalguneko Zabalsanche elkarteak eskatuta egin dute erakusketa.

Edurne Elizondo

Aizturrak, itsasgarria eta aldizkari zaharrak. Ebaki, berregiteko; ebaki, ideia jakin baten inguruko gogoetak artelan bilakatzeko. Hori egiten dute Iruñeko Tacto Sutil Collage Taldeko kideek. Hiriburuko Gazteriaren Etxean zintzilikatu dituzte haien azken lanak. Iruñeko Zabalguneko Zabalsanche auzo elkarteak proposatuta, hiria hartu dute obra horiek osatzeko hausnarketarako gai.

Duela bi urte sortu zuten Tacto Sutil Collage Taldea, hiriburuan; hogei kide inguru ditu, eta haietako hamabik bi astean behin egiten dute bat, Nafarroako Argazkigintza eta Zinemagintza Elkarteak Iruñeko Arrosadia auzoan duen egoitzan. “Nork bere gauzak egiten ditu, edo ideia jakin bat proposatu, eta haren inguruan egiten du nork bere gogoeta; elkarlanean ere aritzen gara, collage kolektiboak sortzeko”, azaldu du taldeko kide Aitzol de Carlosek.

Hura izan da taldea sustatu dutenetako bat, eta, kontatu duenez, collageak egiten zituen artista baten omenez hautatu dute kolektiboaren izena: “Nicolas Lekuona [Ordizia (Gipuzkoa), 1913-Fruiz (Bizkaia), 1937] ekarri nahi izan dugu gogora Tacto Sutil izenarekin; XX. mendeko abangoardiako kidea izan zen. Lekuonak ia elkar ukitzen zuten irudiak erabiltzen zituen bere obretan, eta horri deitzen zion ukipen sotil“.

Collage kolektiboa

Zabalsanche auzo elkarteak collage taldeko kideei egindako proposamenari esker, Arrosadiko egoitzatik atera, eta karrika bilakatu dute artistek euren lantoki; aizturrak, itsasgarria eta aldizkari zaharrak Iruñeko Askatasun plazara atera zituzten, joan den martxoaren 25ean, eta parte hartu nahi izan zuten herritarrekin elkarlanean, erakusketara eraman duten collageetako bat sortu zuten.

“Hagitz esperientzia polita da; haurrak, adibidez, berehala animatzen dira parte hartzera. Hori da kontua, jendea inplikatzea, eta denon artean sortzea lan bat”, kontatu du Tacto Sutil Collage Taldeko kide Raul Olorizek. Hasieratik dago taldean, eta orain arte egindako bidearekin “hagitz kontent” dagoela nabarmendu du.

Olorizek azaldu du, Zabalsanchek bezala, Iruñeko bertze elkarte edo erakunde batzuek ere egin izan dizkietela proposamenak; gai jakin batzuen inguruan gogoeta egitea eskatu dietela, alegia, hausnarketa horiek artelan bihurtzeko. “Zabaldirekin, adibidez, gerraren auzia landu genuen. Nork bere lanak garatu zituen, abiapuntu hori hartuta. Hagitz esperientzia aberasgarriak dira”, erantsi du.

Natxo Zenborain artistaren proiektu batean ere parte hartu dute Tacto Sutil Collage Taldeko kideek, eta elkarlan horren emaitza dira Epizentro izenburuko bi collage borobil eta kolektibo, hain zuzen.

Lan analogikoa

Zabalsanchek erdigunean jarritako hiriari buruzko bere lanekin “bide berriak” probatu ditu Raul Olorizek, eta, aldizkari zaharretako irudiekin batera, argizariak erabili ditu bere obrak osatzeko. Mezu nagusi bat zabaldu nahi izan du bere collageen bidez: oraina ez dela nahiko lukeena. “Gizakiok aldatu behar dugu, gizartea eraldatzeko, gizarte justuago bat lortzeko”.

Tacto Sutil taldeko artistek “collage analogikoak” egiten dituzte; hau da, papera moztu eta itsatsi egiten dute. Artistek egindako argazkiak ere erabiltzen dituzte, halere. Iñaki Cabodevilla taldeko kidea da, eta mundu analogikoaren eta digitalaren artean mugitzen da, hain justu; diseinatzaile grafikoa da, eta collage digitalak ere egiten ditu. “Bakoitzak badu berea”, erran du.

Aizturrak hartzea gustuko du Ana Araujok. Gustatzen zaio irudiak mozteko eta paperaren gainean jartzeko unea. “Puzzle bat osatzeko prozesuaren antzekoa da”. Hiriari buruzko gogoetak haurtzarora eraman du Araujo: “Zabalguneko bizilaguna naiz; azken urteotako lanek erabat itxuraldatu dute auzoa; nire haurtzaroko esentziaren arrastorik jada ez dago”, salatu du.

Amestutako hiriak; hiriaren inguruko utopiak eta distopiak; hiri horiek eta bertze anitz jarri ditu Tacto Sutil Collage Taldeak erdigunean, bere lanen bidez. De Carlos, Oloriz, Cabodevilla eta Araujorekin batera, Blas Camposek, Arantxa Jabatok, Ana Castrok eta Carmen Zorokianek ere parte hartu dute erakusketan.

Argazkiak: Iñigo Uriz / Foku.