E. Elizondo
Berako maiatzaren 20ko euri erauntsia tren konbektibo deritzon ekaitz mota bat izan zela azaldu du Aemeteko Nafarroako ordezkari Peio Oriak (Iruñea, 1982).
Zer gertatu zen Beran?
Beran, Aranon, Goizuetan gertatu zena ekaitz mota bat izan zen; meteorologook tren konbektibo esaten diogu.
Zer da, zehazki?
Izen hori du ekaitz horren egiturak bagoi asko dituen tren bat gogoratzen digulako: ekaitz bat sortzen da toki jakin batean, eta ur kopuru handi bat botatzen du; lehen ekaitz hori pasatuta, beste bat dator eta gauza bera egiten du, toki berean, tren bateko bagoien antzera.
Eta zergatik da konbektiboa?
Hitz horrek erreferentzia egiten dio atmosferan gertatzen den zerbaiti: aire mugimendu bertikala oso eraginkorra denean gertatzen da. Ez da Nafarroan fenomeno hori gertatzen den lehen aldia.
Halako indarrez?
Hori da kontua: halako fenomenoak muturrekoak dira, eta gero eta maizago eta gero eta indar handiagoz ari dira gertatzen. Hori da joera.
Beran metro koadroko 120 litro ur inguru bota zituen; ondoko herrietan, anitzez ere gutxiago.
Bai. Ekaitza eremu jakin batean sortu zelako. Nafarroan, Bidasotik Leitzaranera; bereziki, Bera, Lesaka, Arano eta Añarbeko urtegiaren arteko lerroan.
Zerk eragiten ditu gisa horretako fenomenoak?
Kontua da orain itsasoaren tenperatura oso altua dela, oro har, ez bakarrik Bizkaiko golkoan edo Mediterraneoan: Atlantiko osoan gauza bera gertatzen da. Tenperatura altua denean, ekaitz zurrunbiloen energia handiagoa da. Faktore horrek gisa horretako fenomenoak bultzatzen edo errazten ditu. Klima ereduek esaten digute fenomeno horien banaketa aldatzen ari dela, eta gero eta maizago eta era intentsoagoan gertatuko direla. Beran gertatu zena ikertzen jarraitu behar dugu, hala ere, gisa horretako gertaera puntualak zuzenean klima aldaketarekin lotzea ez baita erraza.
Zaila da aurrez jakitea gisa horretako ekaitzak zehazki non eta noiz sortuko diren?
Oso zaila da jakitea zenbat euri botako duen, eta zehazki non botako duen. Teknologiak hobera egin du, baina mugak ditu. Eredu fisikoek ezin dute gehiago egin, eta orain adimen artifizialaren bidez saiatzen ari gara. Landu beharreko bide bat da. Erronka nagusietako bat da gisa honetako fenomenoei aurrea hartu ahal izatea. Klima aldaketara egokitzea beharrezkoa da.