“Nola hil nahi dugun esaten ikasi behar dugu”

“Nola hil nahi dugun esaten ikasi behar dugu”

Organo emaileen 3.000. agiria jaso du Jose Roldanek, Transplanteak Koordinatzeko Nafarroako Bulegoaren arduradunak. Jasotako saria transplanteen inguruan hitz egiteko baliatu nahi du.

Itsaso Jauregi

Deiak eta mezuak erantzuten ditu etengabe Jose Roldan (Iruñea, 1971) Transplanteak Koordinatzeko Nafarroako Bulegoko arduradunak: nola izan organo emaile? Zer egin daiteke laguntzeko? Bulegoak, joan den urtean ireki zutenetik, gizartea informatzea izan du helburu. Bulegoko arduraduna izateaz gain, Roldan ospitaleko koordinatzailea ere bada, eta, egindako lanarengatik, organo emaileen 3.000. agiriarekin saritu dute.

Non dago zure bi lanbideen arteko muga?

Erkidegoko koordinatzailearen eta ospitaleko koordinatzailearen eginkizunak nahasten dira. Ospitaleko koordinatzaileok organo emailearen familiarekin hitz egiten dugu. Erkidegoko koordinatzailearen lana bulegoan egiten da, baina bulegoa ospitaletik gertu jarri dugu. Emaileak ospitaleetan egoten dira, ez bulegoetan.

Ospitalearekin harremana izatea ezinbestekoa da?

Bai. Koordinatzaile autonomikoaren lanpostua hartu nuenean jarri nuen baldintzetako bat izan zen ez nuela utzi nahi niri benetan gustatzen zaidan lana. Lokatzean jarraitu nahi nuela, alegia.

Organo emaileen 3.000. agiria jaso duzu. Garrantzitsua izan da zuretzat saria jasotzea?

Bai. Koordinatzailea naizenez, agiria jaso nuen ordezkatzen ditudan profesionalen izenean. Pozik nago bozgorailu izan delako.

Gutxi hitz egiten da organoen transplantearen inguruan?

Gero eta gehiago hitz egiten da, baina ez da nahikoa. Ikastetxeetara joaten gara hitzaldiak ematera. Umeek ikasi behar dute organoak, hezur muina eta odola ematea garrantzitsua dela. Txikitatik hori jasotzen badute, etorkizunean normaltzat hartuko dute hiltzerakoan organoak ematea.

Heriotzaren gaia tabu bat da?

Bai. Heriotza naturala da. Beldur txikiagoa izan beharko genioke, eta heriotzaz hitz egiten ikasi. Ez dakigu noiz hilko garen, baina nola hil nahi dugun esaten ikasi behar dugu. Jendeak aurretiazko borondatean islatzen du kezka hori.

Organo emailearen agiria izatea, hori ziurtatzeko metodoa da?

Jendeak organo emailearen agiria egin dezake, baina, gehienetan, zerbait sinbolikoa da. Noski, guk nahi dugu jendeak organo emailearen agiria izatea, baina baita ingurukoei organo emaileak direla esatea ere.

Nafarroan organo emaile asko daudela esan ohi da. Mitoa ala errealitatea?

Gizarte eskuzabala da Nafarroakoa, baina ez beste komunitateak baino askoz eskuzabalagoa. Profesional bikainak daude emaitza horien atzean. Gero, erabiltzaileak osasun sisteman duen konfiantza ere esanguratsua da. Hiltzear dagoen seme edo alaba baten familiari haren organoak eman nahi dituen galdetzerakoan, ez du deus ulertzen. Normala da, ospitaleko itxarongelan baitaude eta maite duten senidea hiltzear baitago. Baina, gehienetan, baietz esaten dute. Zergatik? Zutaz fidatzen direlako.

Konfiantza hori arriskuan dagoela esango zenuke?

Bai. Pandemiaren eta lehen mailako arretan egon diren arazoen ondorioz, gizarteak galdu egin du osasun sisteman zuen konfiantza. Lanean jarraitu behar dugu konfiantza horri eusteko.

Nafarroan, 36 paziente daude organo transplante baten esperoan. Nola murriztu itxaron zerrenda?

Lehen transplantatzea ezinezkoa zen jendea itxaron zerrendan sartu dugu, eta horregatik igo da urte batetik bestera. Itxaron zerrendarik ez egotea nahiko genuke, baina ia ezinezkoa da; hala ere, bidean bikaintasuna bila dezakegu. Itxaron zerrenda luzatu egingo da urte batzuetan, beste batzuetan jaitsi, baina oreka mantendu nahi dugu.

Zein da zure lanbidearen zailtasun nagusia?

Begi hutsez, familia batekin hitz egiteak eta organoak eskatzeak zailena dirudi. Baina nik gozatzen dut jendearen gizatasunarekin. Batzuetan desatsegina da, ez zaigulako gustatzen berri txarrak ematea, baina lagundu dezakezula jakitea da dagoen gauzarik politena. Bulegoaren alor burokratikoa da zailena niretzat.

Emaile bat aurkitzea lorpen pertsonaltzat daukazu?

Organo bat behar duen pazienteak aurrera eginen duela ikusten dugunean, lorpen pertsonala da guretzat. Organoak biltzeko eta emateko gaude hemen, gure lana da, baina paziente bat laguntzeko emailea aurkitzeak laguntzen digu aurrera egiten.

Osasun langileentzat ere bada onuragarria transplantatzea?

Bai. Organoak ematea onuragarria da hiru aldeentzat. Hasteko, pertsona baten bizitza salbatzen da. Gero, emailearen familientzat lagungarria da, hil berri den senidearen organoak behar dituenari ematean nolabaiteko kontsolamendua aurkitzen dutelako. Pazienteei ere laguntzen die gaixotasuna pixka bat hobeto kudeatzen, badakitelako beste bat lagundu ahal izango dutela. Azkenik, osasun langileentzat ere onuragarria da; izan ere, paziente batekin luze egoten zarenean, eta zoritxarrez hiltzen denean, organo emailea dela ikusterakoan zure lanak zerbaiterako balio izan duela ikusten duzu.