Ibaietan eta urtegietan arduraz jokatzeko eskatu dute adituek

Ekainean hiru pertsona zendu dira itota Nafarroan; egun berean hil ziren bi, Irati ibaian bat eta Aragoi ibaian bertzea. Gurutze Gorriak erran du prebentzioa dela funtsezkoena.

Edurne Elizondo

“Arduraz joka dezatela”. Horixe eskatu die Gurutze Gorriko erizain eta lehen sorospeneko trebatzaile Maria Jose Beriainek herrialdeko ibaietan eta urtegietan bainatzen diren herritarrei. Beriainek ibaietan eta urtegietan dauden arriskuez ohartarazi du, baina garbi erran du “arrisku nagusia” dela zentzuz ez jokatzea. Ekainean hiru pertsona hil dira itota Nafarroan. Haietako bi egun berean zendu ziren, ekainaren 25ean: bat Irunberrin ito zen, Irati ibaian; eta bertzea, Melidan, Aragoi ibaian. Ekainaren 6an, gainera, 20 urteko gazte bat hil zen Allozko urtegian itota.

2022an, pertsona bakar bat zendu zen Nafarroan itota. Kasedan gertatu zen ezbeharra, iazko uztailean. 26 urteko gazte bat Aragoi ibaian ito zen. Lagunekin zegoen, baina konturatu zirenerako, gaztea hilik zen. Istripua gertatu zen tokira joan ziren sendagileek ezin izan zuten suspertu.

Ekaineko hiru ezbeharrak ez dira izan aurtengo lehendabizikoak. Otsailean, 50 urteko Iruñeko bizilagun bat aurkitu zuten hilik Arga ibaian, Iruñeko Aranzadiko igerilekuetatik hurbil. Poliziak egindako ikerketaren arabera, istripua goizaldean gertatu zen. Lagunak agurtu eta gero, etxera bidean zen 50 urteko gizona; erori, eta kolpe bat hartu omen zuen buruan, eta ibaiak eraman zuen haren gorpua. Suhiltzaileek aurkitu zuten biharamunean.

2008tik, hiru Allozen

Ekainean gertatu zen lehen ezbeharra, Allozko urtegian. 20 urteko gazte bat zendu zen itota, ekainaren 6an. Lagun batekin joan zen urtegira igeri egitera. Biharamunean aurkitu zuten haren gorpua. Zizur Nagusiko bizilaguna zen. Azken hamabost urteotan, hiru pertsona zendu dira Allozen: 2008ko uztailean, 33 urteko gizon bat ito zen urtegi horretan; 2021eko abuztuan, berriz, 27 urteko gazte bat ito zen. Ekainaren 6koa izan da hirugarren ezbeharra.

Istripu anitz kontuz ez ibiltzearen ondorio direla nabarmendu du Maria Jose Beriainek. “Ibaietan sorosleak egotea izanen litzateke egokiena, baina, noski, hori ezinezkoa da. Beraz, saia gaitezen zentzuz jokatzen eta dauden

Bi pertsona Arga ibaian bainatzen, Uharten. Iñigo Uriz / Foku.

arriskuak ez gutxiesten”.

Ibaietan, hain zuzen, ur lasterrak dira arriskuetako bat. Ekainaren 25eko Irunberriko istripua Irati ibaiaren ur lasterrak eragin zuen. 68 urteko gizon bat ito zen ibai hartan. Familiarekin zen Irunberriko arroilan. 16:30 aldera jazo zen ezbeharra; suhiltzaileek 19:00 aldera aurkitu zuten haren gorpua, istripua gertatu zen tokitik nahiko gertu, eta bi metro sakon ur azpian.

Melidan ere, Aragoi ibaiaren ur lasterrak eraman zuen itota hil zen 27 urteko gizona. Gorpua aurkitu zuten suhiltzaileak saiatu ziren hura suspertzen, baina ez zuten lortu. Hilik zen ordurako.

Arduraz jokatzea eta prebentzioa izatea “funtsezkotzat” jo du Beriainek, eta ezbehar bat gertatzen denean nola jokatu jakitea ere bai “hagitz garrantzitsua” dela nabarmendu du. “Ibaira edo urtegira bainatzera joaten dena ez dadila bakarrik joan. Inportantea da zerbait gertatuz gero lagundu edo laguntza eskatuko duen norbait hurbil egotea”, azaldu du Gurutze Gorriko erizainak.

112ra deitzea da egin beharreko lehendabiziko urratsa. “Istripua izan duena artatzen duenak nola jokatu ez badaki, 112ko profesionalek erranen diote zer egin”. Berianek aitortu du, halere, lehen sorospenari buruz deus ez dakienarentzat zaila izan daitekeela. “Eskoletan jada hasi dira lehen laguntzari buruzko jarraibideak azaltzen, baina beharrezkoa da jende gehiagorengana heltzea, gero eta herritar gehiago trebatzea”.

Datu bat azaldu du erizainak: ospitaleetatik kanpo gertatzen diren bost geldialdi kardiorrespiratoriotik hiru etxean gertatzen dira. “Etxekoek zer egin jakitea, beraz, garrantzitsua da”. Asteon, Corellako 70 urteko gizon bat zendu da herriko igerilekuan, ustez bihotzekoak jota.

Suhiltzaileen kezka

Nafarroako suhiltzaileek ere ohartarazi dute ibaietan bainatzeak izan ditzakeen arriskuez, eta, Gurutze Gorriko Maria Jose Beriainek bezala, “zentzuz eta arduraz” jokatzera deitu dituzte herritarrak. Bete beharreko lehen neurria igeri egiten jakitea dela nabarmendu dute suhiltzaileek. Ibaiak “biziak” direla oroitu dute, haien morfologia aldatu egiten dela: “Kontuz ibili beti”.