Hamazazpi arte erakusketa izango dira aurten Baztan-Bidasoan. Inguruko artisten margolanak ikusteko aukera egongo da, baita tailerretan parte hartzekoa ere.
Itsaso Jauregi
Baztan-Bidasoa kolorez bete da berriz ere. Eskualdeko artisten pintzelak dantzan daude, eta urte osoan margotutako mihiseak haien estudioetan zintzilikatu dituzte. Aurten, hamazazpi arte erakusketa antolatu dituzte, hainbat margolarik eta eskultorek antolatutakoak. Horretaz gain, artistek beren kolore paletak prestatu dituzte, udako tailerrak eskaintzeko prest.
Asteburuero Jokin Armanek (Bejar, Espainia, 1943) bere astoa hartu, eta mendira igotzen da. Bertan, pintzelarekin jasotzen ditu basoen koloreak. Txikitatik izan du pintatzeko grina, eta gaztetan garatu zuen eskulturarekiko maitasuna. Orain, erakusketa bat aurkeztu du Beran, bere emazte eta artista Trini Mikelarenarekin batera. “Trinik erakusketako hiru horma bete ditu bere margolanekin, eta nik, bi. Gero, gela batean nire eskulturak jarri ditut. Oso gai desberdinak dira, erakusketa eklektikoa izatea nahi genuelako”, esan du Armanek.
Arte erakusketa ikustera etortzen direnak “liluratuta” geratzen direla uste du Armanek, eta gehiago ikusteko gogoarekin geratzen direla: “Duela gutxi turista batzuk etorri ziren, txundituta geratu ziren, eta galdetu ziguten zergatik ez genuen sarrerarik kobratzen. Gu pobreak gara, eta ez dugu sarrerarik kobratzen, jendeak obra ikustea nahi dugulako”. Armanen eta Mikelarenaren obraz gain, beste artisten margolanak ere eskuratu dituzte erakusketan jartzeko; Javier Sagarzazu, Javier Arizabalo eta Helena Elbusto dira, besteak beste, obra horien sinatzaileak.
Urtero bezala, Diana Iniestak (Sabadell, Herrialde Katalanak, 1971) Erratzuko bere estudioko ateak irekiko ditu udan. Erakusketa Allegro vivace deitzen da, eta 28 margolanek osatzen dute. Loreak izan dira Iniestaren musak, bere ikasle batek tailerrera eramaten zizkionak, eta Baztango uda eta udaberria islatzea zuen helburu: “Erakusketa alaiagoa, intimoagoa eta biziagoa da. Obrak naturalki margotu ditut eta horrek eskua pixka bat arintzea eskatzen du margotzeko orduan”, azaldu du Iniestak. Baztango natura jasotzeko pintzelkada handiak erabili ditu artistak.
Beti adi
Iniestak errealitatean mantentzen du begirada koadroetako subjektuak aurkitzeko; beti du koaderno bat eskura, interesatzen zaiona apuntatzeko. Erakusketako koadro batean ama bat eta haren semea agertzen dira metroan. Iniestak une horren argazkia atera zuen, eta Erratzuko tailerrera eraman zuen, mihisean islatzeko: “Argazki hori jasotzeak tailerrera iritsi eta margotzeko materiala eman zidan. Opari txikiak dira, baina horiek jasotzeko adi egon behar duzu etengabe”, adierazi du artistak.
Haren arabera, azken urtean margotzeko gogo “amaiezina” sentitu du, eta horren iturria beste artisten lanak ikustea izan da: “Aniztasunak aberasten gaitu. Zenbat eta margolari gehiago egon, hobeto, horrek artea indartzen duelako, eta nire inspirazioa sustatu”. Hala ere, inspirazioaren mitoa apurtu nahi du Iniestak, margotzeko gogoak ez direlako hutsetik sortzen, aurretik egindako lanetik baizik: “Inspirazioa ez da existitzen. Iraunkortasuna eta lana daude, besterik ez”.
Beste artistekin elkartzeko beharra ere azpimarratu du Armanek, ofizioaren inguruan hitz egiteko eta etorkizuna aztertzeko. Aurten, adibidez, adin guztietako laurogei eskultore elkartu dira Armanen estudioan, eta euren kezkak lankideekin partekatu dituzte. “Eskultoreak gutxitan elkartzen gara, baina oso interesgarria da noizean behin bilera bat antolatzea. Aurten gazte asko etorri dira —neska asko, batez ere—, eta zoragarria izan da”.
Armanek ez ditu eskultura eskolak eskainiko aurten, ez dituelako margotzeko dituen ideiak “agortu” nahi, baina Iniestak tailerrak antolatu ditu abuztuaren 12tik 15era eta irailaren 2tik 5era. “Denok elkarrekin margotzen dugu. Elkarrekin margotuz gero, bakoitzaren nortasuna ikusten duzu mihisean. Ikasleek koadroan islatzen dute euren sentimenduak, eta mundua nola ikusten duten. Oso interesgarria da, eta oso aberasgarria”, esan du Iniestak.
Allegro vivace erakusketako ateak ireki berri ditu hark, baina hurrengo erakusketaren zirriborroak egin ditu jada. “Saihetsezina da. Hurrengo erakusketarako margotzen ari naiz jada. Hurrengoan kolore orbanekin hainbat gai islatzea da nire asmoa. Baina poliki-poliki; pintzelak beti ditut eskura”.