Unx jaialdia antolatu dute lehenengo aldiz, irailaren 16an

Unx jaialdia antolatu dute lehenengo aldiz, irailaren 16an

Musika, ardoa eta jendegabetzeari aurre egitea izango dira ekitaldiaren protagonistak. San Martin Unxen elkartuko dira irailaren 16an, kultura sustatzeko eta herria biziberritzeko.

Itsaso Jauregi

San Martin Unx herriko kaleak musikaz beteko dira irailaren 16an. Hainbat artistaren doinuek beteko dute herria Unx jaialdiaren lehendabiziko edizioan: Muerdo, las Ninyas del Corro, Califato DJ-a, La Inquisición, Raimundo el Canastero, Katanga Dub, Sutan Ortzi, Dj Reimy y Marabiyak, Dj Señora, Göo! eta Errege sound system dira jaialdian parte hartuko duten musikariak. Unx Jaialdiaren sarrerak Unxfestival.com webgunean eros daitezke.

Oholtzaren gainetik musika eta kultura sustatzeaz gain, jaialdia herria biziberritzeko baliagarria izango dela esan du Javier Leoz San Martin Unxeko alkateak (San Martin Unx, 1967): “Herri txiki batean ditugun tresnak erabili nahi ditugu jendegabetzeari aurre egiteko”. Musika, ardoa eta herria biziberritzeko asmoa izango dira protagonista nagusiak. San Martin Unxeko musika eszena gertutik jarraitu du betidanik Pablo Jaime Unx jaialdiko marketin zuzendariak (Iruñea, 1995), eta, bertako talentua ikusita, jaialdi bat antolatzen hasi zen bere lankideekin batera: “Duela hainbat urte jaio zen ideia, baina duela bost hilabete hasi ginen lanean. Helburua proiektu kultural bat sortzea zen, musika, ardoa eta jendegabetzea oinarri gisa izanik”.

Festibala irailaren 16ko egunsentiarekin hasi eta 17ko egunsentiarekin amaituko da. Unx jaialdia artisten hitzaldiekin hasiko da: musikariek kulturari buruz hitz egingo dute, eta horrek landa eremua berpizteko izan dezakeen eragina aztertu. Ondoren, ibilbide bat antolatu dute herriko hainbat ostatutako ardoak dastatzeko; gidariek upategi bakoitzaren historia eta ardoa egiteko prozesua azalduko dute, bisitariei kopa bat ardo eskaintzeaz gain. Musika eskaria 18:00etan hasiko da. Hainbat estilotako artistak oholtzara igoko dira goizeko laurak arte.

Musika kartela osatzerakoan eklektikoa hitza zuen buruan Jaimek: “Kartelak energia handia izatea nahi genuen, askotarikoa izatea. Horregatik rap, punk, runba eta musika elektronikoa elkartu ditugu, denetarik izateko”. Festibala antolatzerako orduan elkarrizketa zuzena izan du Jaimek herritarrekin, haien iritziak jasotzeko eta proposamenak kontuan hartzeko.

Herritarrekin izandako elkarrizketa hori izan da prozesuaren atalik “politena” alkatearentzat: “Jendeak ilusioz parte hartu du, ikusi dutelako herriak ekimen polit, berritzaile eta indartsuak eskaintzen dituela”. Festibalaren lehendabiziko edizioa izanik, oraindik “hobekuntzak” egin behar direla esan du Jaimek; adibidez, hurrengo edizioan tokiko musika talde gehiago gonbidatzea izango dute helburu. Baina,momentuz, pozik hartu ditu Jaimek herritarren gomendioak: “Epe luzeko jaialdi jasangarria izatea nahi dugu, eta horretarako herritarren babesa lortu nahi genuen”.

Eskaintza kultural “interesgarriak” izatea kanpotarrak erakartzeko modu bat izan daitekeela azaldu du Leozek, herri eta bertako upeltegiak ikusi eta musika entzun ondoren, bisitariren batek San Martin Unxen geratzeko erabakia har dezakeelako.

Kaleak biziberritu

Epe luzera, herriko etxeak bete nahi ditu San Martin Unxeko alkateak: jende berria herrira erakarri eta kaleak adin guztietako pertsonekin bete. Herria biziberritzeko bidean Unx jaialdia urrats bat izan daitekeela uste du Leozek: “Azken urteetan herriaren biztanleria jaitsi egin da: ia 2.000 herritar izatetik 400 izatera igaro gara. Jaialdia jendegabetzeari aurre egiteko erabili nahi dugu”.

Iruñea, Tafalla edo Tutera ez diren lekuetan kultura bultzatzea “ezinbestekoa” dela esan du alkateak: “Askotan jendea ez da herrietara joaten, ez dagoelako kultura eskaintzarik; asteburuetan ez dagoelako ekitaldirik. Herriko bizitza eta kultur eszena sustatu nahi dugu”. Unx jaialdiaren lehendabiziko edizioa da aurtengoa, eta ez da azkenekoa izango, alkatearen ustez: “Lehen edizioa da, eta ikusi nahi dugu nola ateratzen den, zer hobetu dezakegun eta nola egin aurrera, jaialdiak urteak iraun ditzan”.

Argazkia: Unx jaialdia.