«Musika jartzeko toki gutxi dago gaur egun, hagitz gutxi»

«Musika jartzeko toki gutxi dago gaur egun, hagitz gutxi»

Navarra Music Commission bulego publikoak egindako deialdi baten bidez hautatu dituzte Iruñeko ElektrAV jaialdian parte hartuko duten artista nafarrak: Izar5 eta Monica Elektra. Biharko saioan ariko da Monica Elektra (Lizarra, 1977). Eskarmentu handiko DJa da, baina ez du hasierako ilusioa galdu. Eskertu du jaialdian parte hartzeko aukera.

Kontent?

Bai, jaialdi honekin urrats bat aurrera eginen duelako musika elektronikoak herrialdean. Gisa honetako lehen ekinaldia da Nafarroan, eta pozgarria da, duen balioa ematen diolako musika elektronikoari.

Zaila da aurreiritzien kontra aritzea?

Bai, kostatu egiten da; nik uste dut arazo nagusia dela jendeak benetan ez dakiela musika elektronikoa zer den; ez diote atea ireki nahi arlo horri, eta ezagutu baino lehen uzten dute bazter. Saiatu beharko genuela gauza berriak entzuten; musika elektronikoaren barruan estilo ezberdin anitz daude, eta denak ez dira besta egiteko edo dantzatzeko. Kontua da gauza berriak ezagutzeko ahalegina egitea, ohikotik pixka bat aldentzea.

[articles:2121380]

ElektrAV jaialdiak Iruñeko Ziudadelako Armen Aretora eramanen du musika elektronikoa. Inportantea da gisa horretako oholtzetara ailegatzea?

Finean, musika elektronikoaz ari garenean kulturaz ari gara, eta kulturaren esparruetan ere egon behar du.

Zu nola hasi zinen musikaren esparruan?

Hagitz gazte hasi nintzen; batez ere, lagunen lana entzunda. Jakin-mina banuen, eta ikertzen hasi nintzen. Beti izan naiz pertsona hagitz melomanoa, eta musika anitz entzun eta erosi dut. Mundu horretan sakontzen hasi, eta azkenean niri gustatzen zitzaidan musika jartzeko urratsa egin nuen.

Gogoan duzu lehendabiziko aldia?

Bai, noski. Lagun baten urtebetetze bestan izan zen. Hagitz urduri nintzen, baina polita izan zen, lagun arteko saio bat.

«Elektroa da gehien maite dudan estiloa, egia erran, eta urte luzez jorratu dut, gainera. Horixe delako gehien ukitzen nauen estiloa»

Eta handik, hamaika tokira?

Bai; bertze hainbat besta, areto, jaialdi eta dantzalekutan aritu nintzen gero. Toki horiek guztiek eman didate egun dudan esperientzia. Egun, arte aretoak ere izan daitezke gure oholtza, diziplinen arteko solasaldi hagitz interesgarriak sortzen dira.

Elektrorako duzun joera nabarmendu dute jaialdiko arduradunek zure lanari buruz. Hala da?

Bai, hori da gehien maite dudan estiloa, egia erran, eta urte luzez jorratu dut, gainera. Horixe delako gehien ukitzen nauen estiloa. Nire saioetan gustatzen zait nahasian jartzea oinarri oso potenteak eta sentiberatasun handiagoko melodiak.

Zu aspaldi hasi zinen; nola ikusten duzu egungo egoera?

Jende gazte anitz ari da lanean, eta hori inportantea da. Uste dut badela nolabaiteko loraldi bat, eta artista anitz daudela gauza ezberdinak egiten. Bertzalde, baina, musika jartzeko toki gutxi dago, hagitz gutxi. Uste dut ni hasi nintzenean toki eta alternatiba gehiago zeudela. Akaso, belaunaldi kontu bat da, eta musika elektronikoak orain ez du pizten lehen pizten zuen interesa. Ea jaialdiak bultzada bat ematen dion.

Erakundeen babesa inportantea da?

Hemen eginen dugunaren gisako jaialdiak antolatu ahal izateko ezinbertzekoa da erakundeen elkarlana. Bertzela, zaila da gisa horretako proiektuak egitea. Jendea gustura gelditzea espero dut.