Oso gustuko dut Argako ibai pasealekutik ibiltzea. Jakina da naturarekin harremana izatea beharrezkoa dugula. Nahikoa izaten da zuhaitzen artean bide egitea edota ibaiaren soinuaren laguntasuna aditzea gorputzean halako alaitasun bat hedatzen dela sentitzen hasteko. Horrez gain, bada, pasealekura jaisten naizen bakoitzean, bereziki maite dudan zerbait: Argako faunak ematen dizkidan ezustekoak, dela ur hartu berri duen koartza bat ikustea, dela kastore baten igeri xelebrearen ikuskizunarekin topo egitea. Pladur eta asfalto artean bizi garenontzat miragarriak baitira holakoak…
Aurreko egunean, ordea, oso bestelako ustekabea jaso nuen. Eta ez zidan animalia batek eman, edo bai, nondik begiratzen den. Zubi bat zeharkatzen ari nintzela, giltzarrapo bat ikusi nuen bertan zintzilikaturik. «Hemen ere bai?», pentsatu nuen. Ezagutzen duzue ohitura, ezta? Maitasun errituala da. Bere jatorriari buruzko teoria ezberdinak daude; interesa edukiz gero, erraza da Interneten bat baino gehiago aurkitzea. Esanahiari dagokionez, ez da ikerketa handirik egin behar, metafora argia da: bikotekidearen pribatizazioa, horren ordez maitasunaren betikotasuna (-ren nahia) aipatzen den arren. Izan ere, giltza ez da gordetzen, bota egiten da, inork ez dezala, maitaleek eurek ere ez, sekula sekulorum, jabetza horren aurkako atentaturik egin. Ez al da ederra? Maitasun erromantikoak dituen molde beldurgarri guztien artean, beldurgarriena iruditzen zait niri.
Tenazak hartu eta apurtzeko gogoa eman zidan. Ez nintzen lehena izango. Mundu osoan zehar garbiketa lan horretan dabilen talde asko dago, erakunde publiko kezkatuez gain. Batzuek zubiei egiten dizkieten kalte arkitektonikoak edo estetikoak saihestu nahi dituzte; erlijio-arrazoiengatik egiten dute beste batzuek, eta badira praktika honetan naturarekiko arreta galtzearen arriskua ikusi dutenak ere. Ez dut, ordea, maitasun eredu horren kontrako motibaziorik inon topatu. Eta hobe horrela, badakigu-eta maitasun adierazpenak arautzen direnean zeintzuk izaten diren kaltetuak… Maitasun erromantikoa deseraikitzeko, praktikak eta hausnarketa dira bide bakarrak.
Giltza ez da gordetzen, bota egiten da, inork ez dezala, maitaleek eurek ere ez, sekula sekulorum, jabetza horren aurkako atentaturik egin. Ez al da ederra? Maitasun erromantikoak dituen molde beldurgarri guztien artean, beldurgarriena iruditzen zait niri.
Irudikapena daukat giltzarrapoa jarri zuen giza animalia horrek, edo horiek (bi izango ziren gehienez), ez zuela egiten ari zenaren inguruan gehiegi hausnartu. Errituala ezagutu eta, besterik gabe, imitatuko zuen. Ulertzea, bestela, zaila egiten zait.
Badira oso bestelako maitasun eta harreman ereduak, eta horiek adierazteko ikurrak. Neure buruari galdetzen diot ea zergatik ez duen jende gehiagok horiek imitatzen, berarentzat egokiak diren hausnartu eta sentitu ondoren. Ziur nago naturak sortzen duena bezain eragin osasungarria izango lukeela. Aukera polita dago ekainean. Hartu Ekainaren 28ko Plataformak prestatu duen egitaraua, eta paseo bat eman.