Dantzan. Aiko taldeko kideek halaxe jarri nahi dituzte Pirinioetako herriak, eta, horretarako, Danspirenaika dantza tradizionalen jaialdia eginen dute, bigarrenez. Aurtengo aldiak bi zati izanen ditu: lehenengoa Hechon izanen da (Aragoi, Espainia), uztailaren lehen asteburuan. Bigarrena, berriz, Izaban, iraileko azkenekoan. Aiko taldeak Aragoiko Biella Nuei eta Izabako Kurruskla izanen ditu bidaide.
Aiko taldeko Sabin Bikandi (Galdakao, Bizkaia, 1965) izan da Danspirenaika proiektuaren sustatzaile nagusia. «2020an egin nahi izan genuen lehen aldiz, baina…», oroitu du. Pandemiak zapuztu zituen orduko asmoak. Ideia ez zuten bazter utzi, eta 2021ean eta 2022an, Jakak (Aragoi, Espainia) hartu zituen lehendabiziko saioak. «Gauza xume bat egin genuen». Hazi horrek eman du bertze fruiturik, halere, eta iazko udan, Danspirenaikak lortu zuen Pirinioetako Musiken eta Kulturen PIR jaialdiarekin uztartzea: Aragoiko Aragues del Puerto herrian egin zuten iazko PIR jaialdia, 26. aldia, eta ekinaldi horren egitarauaren barruan egin zuten Danspirenaikaren lehenengoa. Aurten ere, PIR jaialdiaren barruan antolatu dute Danspirenaikak Hechon garatuko duen programa.
Danspirenaika jaialdiaren aurkezpena, joan den astean, Iruñeko Kondestablearen jauregian. Erdian, Sabin Bikandi, eta, haren atzean, Fernando Hualde. DANSPIRENAIKA
«Mendiak eta herriak lotu nahi ditugu; eta mendiek herriak lotzen dituztela erakutsi». Horixe nabarmendu du Bikandik, eta garbi erran du herrietako plazak hartzea dutela helburu, Danspirenaika jaialdiko dantza tradizionalen inguruko ikastaroen eta erakustaldien bidez. Dantza tradizionalak berezkoak dituen espazioak berreskutatu nahi ditu, nolabait. Euskal Herrian dantzan eta mendian ibiltzeko zaletasunek anitzetan bat egiten dutela erran du Bikandik, hain zuzen, eta mendian egiten ziren erromeriek ederki islatzen dutela harreman estu hori. Aikok egin izan ditu halakoak, bertze garai bateko giro hori berreskuratzeko asmoz.
Dantzara deitu
«Plaza zen transmisiorako gunea, eta plaza aspaldi galdu genuen. Dantzaren esparruan ez dugu aurrera egin». Pena hori du Bikaindik, eta arintzeko asmoz sustatu du Danspirenaika. Izabako Kurruskla elkarteko kideek ere bat egin dute jaialdiaren asmoekin, eta nabarmendu dute herriko dantza tradizionalak berreskuratzeko egin duten lana «ederki» uztartzen dela Danspirenaikak sustatu nahi dituen oinarriekin: «Jaialdiak bezala, guk ere balioetsi nahi dugu dantza tradizionalek zer pisu duten herritarron nortasunean», erran du Kurrusklako kide eta ikerlari Fernando Hualdek (Iruñea, 1961).
Danspirenainak Iruñeko Oberena, Duguna eta Ortzadar dantza taldeen, Dantzan.eus atariaren eta Euskal Dantzarien Biltzarraren babesa jaso du, bertzeak bertze, aurtengo aldia antolatzeko lanetan. Kurrusklako Hualdek eskertu du laguntza, eta txalotu du Oberenaren edo Dugunaren gisako taldeek dantza tradizionalen alde egiten duten lana. Taldeen egituraz harago, baina, Hualdek herritar guztiak deitu nahi izan ditu dantzara eta irailerako prestatu duten jaialdian parte hartzera.
«Dantzaren munduan erdaraz bizi gara, eta ez gara ohartzen. Euskararen alde egin dugu bide bat, baina dantza tradizionalen alde, ez».
SABIN BIKANDI Danspirenaika jaialdiaren sustatzailea
Hark nabarmendu du dantza tradizionalek «herria egiteko» gaitasun handia dutela. «XVII. eta XVIII. mendeetan, mezatik atera bezain laster ttun-ttuna dantzatzen zuten izabarrek. Herriko etxea inguratzen zuten herritarrek dantzan», gogoratu du. Kurrusklak lortu du herriko ttun-ttuna berreskuratzea, eta edozein besta eta ekitaldi aprobetxatzen dute dantzatzeko. «Ez dakienak ere, egin dezala, eta ikasiko du. Herritarron arteko harremanak estutzea izan da dantzen helburua, eta ez dugu hori galdu nahi», berretsi du Hualdek.
Bikandik bat egin du, erabat, eta hizkuntzarekin alderatu du dantzen esparruan gertatzen dena. «Dantzaren munduan erdaraz bizi gara, eta ez gara ohartzen. Euskararen alde egin dugu bide bat, baina dantza tradizionalen alde, ez». Taldeen eraginak esparru akademikora eraman dituela erantsi du, eta horrek ere eragin duela herritar anitzek dantza bazter uztea. «Dantzatzeko, ordea, ez da jantzi berezirik behar. Dantzekin batera galtzen dugu sozializaziorako tresna oso garrantzitsu bat», ohartarazi du Bikandik.
Ibarra ezagutu
Uztailaren 5etik 7ra eginen dute Danspirenaikaren aurtengo aldiko lehen saioa, Hechon; bigarrena, berriz, irailaren 27tik 29ra, Izaban. Erronkaribarren aspaldi hasi ziren kulturaren arloan urratsak egiten ibarreko historia, ohiturak, jantziak, lanbideak eta bertze ikertzeko, iragana orainarekin lotzeko eta despopulazioari aurre egiteko estrategiak garatzeko. Museoak, jardunaldiak, topaketak eta bertze antolatu dituzte, iragan hori ezagutzera emateko eta herritarrak ibarrarekin lotzeko. «Ibarreko ohiturak ezagutzea, haiei eustea eta zabaltzea da gure helburua», erran du Hualdek.
«Jaialdiak bezala, guk ere balioetsi nahi dugu dantza tradizionalek zer pisu duten herritarron nortasunean».
FERNANDO HUALDE Izabako Kurruskla elkarteko kidea eta ikerlaria
Dantzena da jorratu duten esparruetako bat, baina ez da bakarra. Erronkaribarreko jantzi tradizionalei buruz ere, lan mardula egin dute, bertzeak bertze. Fernando Hualdek berak gidatu ditu ikerketa lan horietako anitz, eta Izabako bere etxea jantzi horientzako museo bilakatu du, lan horren ondorioz.
Erronkaribarko jantzi tradizionalen artean, toki nabarmen bat du ibarreko alkateen jantziak. Besta egun nagusietan janzten dute, orain ere, hala nola, Ansoko (Aragoi, Espainia) agintariekin egiten duten Puyetako batzarrean. Ansoko Puyetako Andre Mariaren baselizan egiten dute. Erronkariko alkateen jantzi tradizionalak badu kapa bat, balona bat —kaparen gainean jartzen den lepo zabala—, txapela eta aginte makila. «Kontua da alkateen jantzia berez alkate gizonen jantzia zela; alkate emakumeentzako jantzirik ez genuen, ordea», kontatu du Fernando Hualdek.
Gardeko alkate Erika Ergeta eta Uztarrozeko alkate Jone Alastuey, biak Erronkaribarko alkate emakumeen jantzi berriarekin. Hilaren 18koa da irudia, Izaban egina. FERNANDO HUALDE. .
1999. urtean izendatu zuten lehendabiziko aldiz emakume bat Erronkaribarko herri bateko alkate: Maria Jose Hualde izan zen, Bidankozekoa. Geroztik izan dira gehiago, eta nork bere modua bilatu du tradizioarekin kunplitzeko. «Batzuek Erronkaribarko emakume ezkonduen besta egunetako jantzi tradizionala erabili izan dute; baten batek alkateen jantziko kapa eta balona jantzi ditu soineko horren gainetik», azaldu du Hualdek. Zegoen «hutsunea» konpondu nahi izan dute, «behingoz», eta alkate emakumeentzat jantzi propioa sortu dute. Gardeko eta Uztarrozeko alkate Erika Ergetak eta Jone Alastueyk jantziko dituzte lehen aldiz, uztailaren 13an, Hiru Behien Zergaren bestan.
Hualdek onartu du alkateen jantziko kapak eta balonak ez dutela zertan genero markarik izan, baina nabarmendu nahi izan du «zor» bat kitatzeko asmoz egin nahi izan dutela jantzi berria, eta, batez ere, Erronkaribarko historian emakumeek bete duten rola azpimarratzeko eta omentzeko. Jantziko pieza batekin lotu du rol hori, hain zuzen: mantelinarekin. Hualdek kontatu du XVIII. mendean Erronkaribarko Batzarrak agindu zuela Elizaren aginduak betetzen ez zituzten emakumeek zapi zuri bat jantzi behar zutela buruan mezan sartzeko, ohiko burukoaren ordez. «Erronkaribarko emakumeek ezetz erran zuten; ez zutela zapi zuririk jantziko, ezta burukorik ere. Mantelina erabiliko zutela erabaki zuten. Gatazkak luze iraun zuen, eta emakume batzuk kartzelan sartu zituzten. Azkenean, baina, arrazoia eman zieten eta mantelina haien borrokaren ikur bilakatu zuten».
IZABAKO EGITARAUa
IRAILAK 27, OSTIRALA
19:00. Jotatik ttun-ttunera.
21:30. Afaria, eta, gero, mazurka klandestinoa.
IRAILAK 28, LARUNBATA
10:00. Pasodoble eta rantxera ikastaroa.
11:00. Txotis eta polka ikastaroa.
11:30. Mazurka ikastaroa.
12:00. Bolero eta habanera ikastaroa.
12:30. Foxtrot ikastaroa.
13:00. Dantza poteoa, Aiko taldearekin eta Thierry Biskari eta Argi Zameza musikariekin.
15:30. Bazkaria frontoian. Gero dantzaldia eta ikastaroa Fidel Zelairekin.
21:30. Afaria, eta, gero, mazurka klandestinoa.
IRAILAK 29, IGANDEA
10.00. Ansoko (Aragoi, Espainia) alacay dantza.
11:30. Banderak dantzatzea.
13.00. Dantzaldia eta bermuta, Galtxetabururekin eta haren taldearekin.
14:30. Bazkaria Belaguan.