Giroa berotzen hasi dira. Aurtengo Iruñerriko Mundialito Antirrazista egiteko ia hiru hilabete falta diren arren —irailaren 29an eginen dute, Iruñeko Biurdana institutuko pistetan—, antolatzaileek agerraldi bat egin dute Iruñeko Santa Ana plazako Piparrika herri baratzean, ekainaren 27an, herritarrak parte hartzera deitzeko.
Hirugarren aldia izanen da datorren irailekoa, eta estreinakoz antolatu zuteneko helburuei eutsi diete sustatzaileek: komunitatea eratzea da kontua, nonahi jaioak izanik ere Nafarroan bizi diren herritarrek elkar ezagutzeko aukera izan dezaten, kirolaren bidez.
Iruñerriko hamaika kolektibok eta norbanakok bat egin dute Mundialito Antirrazista antolatzeko. Futbol eta saskibaloi partidak antolatu zituzten 2022an, lehendabiziko aldian, eta bigarrenean, iaz, boleibolean aritzeko aukera ere izan zuten parte hartzaileek. Hiru kirol horiei eutsi diete aurtengo aldirako, eta, gainera, dantzan aritzeko aukera gehitu. Parte hartu nahi dutenek irailaren 3tik 24ra eman ahal izanen dute izena. Besta giroko egun bat pasatzea da helburu nagusia.
Aurreko bi urteotako aldiek ehunka pertsona bildu dituzte Biurdanako pistetan; gainera, egun jakin bateko besta izateaz harago, egitasmo horrek lortu du bertzelako proiektuak bultzatzea eta kirolaren bidez ehundutako sareak bertze hainbat esparrutara ere zabaltzea. «Lantxotegik Labarekin egindako Ongi Etorri Iruñera programa izan da kolektiboen arteko elkarlan horren adibide bat», kontatu du Lantxotegiko Arantxa Caminosek. Lehendabiziko aldiz egin dute aurten, martxoan hasita, eta, Caminosek nabarmendu duenez, «esperientzia hagitz polita» izan da. Asmoa izan da kanpoan jaiotakoak euskarara hurbiltzea, eta, aldi berean, herrialdean jaiotakoak migratzaileen hizkuntzetara eta errealitatera gerturatzea.
Iruñerriko Mundialito Antirrazista 2022an, Iruñeko Biurdanan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Bada bertze adibiderik: hainbat kolektibok Errolda orain izenburuko kanpaina abiatu dute ekainean, herritar guztiek erroldatzeko eskubidea dutela oroitzeko eta aldarrikatzeko. Mundialito Antirrazistaren antolatzaileek ere bat egin dute kanpainarekin, eta salatu herritar anitzek «oztopo handiak» dituztela erroldatzea lortzeko. Egungo sisteman errolda da zenbait gizarte zerbitzu lortzeko giltza, eta, ondorioz, erroldatzea lortu ezean, zerbitzu horiek jasotzeko aukerarik gabe gelditzen dira. «Onartezina da pertsonei erroldatzeko aukera ukatzea edo erroldatzea lortzeko bidea zailtzea; erroldarik gabe, eskubiderik gabe gelditzen dira», salatu du Caminosek.
Auzolana
Iruñerriko Mundialito Antirrazistak erakutsi nahi du kirolak indar handia izan dezakeela elkartasuna lantzeko. Antolatzaileek, gainera, plazak eta parkeak hartzeko bide bilakatu nahi dute kirola. «Komunitatea sustatzeko toki garrantzitsuak dira plazak eta parkeak», berretsi du Sei Kulturarteko Zerbitzu Sozioedukatiboko kide Oskia Bakuk. Elkarlanaren, elkarri laguntzearen eta autogestioaren alde egin dute egitasmoaren bidez, «egungo aisialdi kontsumo eredu kapitalistatik urruntzeko».
Auzolana zer den ere ederki dakite Mundialito Antirrazistako kideek: iaz, hain zuzen, auzolan saio bat antolatu zuten, Biurdanako pistak atontzeko. Iruñeko Udalari eskatu zioten lan hori egin zezala, baina udalak ez zuen urratsik egin. Horren ondorioz, herritarrak aritu ziren iazko ekainean pistak margotzen eta egokitzen, bigarren aldirako prest izateko.
«Onartezina da erroldatzea ukatzea edo zailtzea; erroldarik gabe, eskubiderik gabe gelditzen dira».
ARANTXA CAMINOS Lantxotegi elkarteko kidea
Aurten ere eskatu diote Iruñeko Udalari Biurdanako pistak egokitu ditzala, baina, oraingoz, ez dute erantzunik jaso. «Udaleko agintariei gogorarazi nahi diegu kalean kirola egitea herritarren eskubide bat dela, eta udalarena dela azpiegiturak egokitzeko ardura», erran dute Mundialito Antirrazistaren antolatzaileek.
Kolektiboek eta norbanakoek lanean segituko dute udako hilabeteetan, irailaren 29rako dena prest edukitzeko. Aurreko bi urteotan bezala, bestarako abagune bilakatu nahi dute egun hori, eta herritarrei aukera eman kirola eginez elkar ezagutzeko. Aldarrikapenak ere izanen du tokirik, herritar guztien eskubide guztiak defendatzea baita kontua.
Mundialito Antirrazistaren antolatzaileek salatu dute Iruñean badela karrikan bizi den jendea: «Gure hirian bada kalean hotzez hiltzen den jendea». Migratzaile gazte anitzek «Poliziaren jazarpena» sufritzen dutela erantsi dute, eta etxegabetzeak gertatzen direla oraindik ere. «Ezin gara horren aurka ezer egin gabe gelditu». Kirolaren alde egin dute, elkartasuna lantzeko eta gizartea eraldatzeko.
400
Zenbat pertsonak parte hartu duten. 2022an egin zuten Iruñerriko Mundialito Antirrazista lehendabiziko aldiz, eta iaz bigarrenez. Denera laurehun pertsona inguruk parte hartu dute.