Jarraitzeko asmoz egin zuten antolatzaileek Iruñeko ElektrAV jaialdiaren lehendabiziko aldia, joan den martxoan, eta lortu dute: bigarren aldia prest daukate jada. Emanaldi nagusiak datorren martxoan eginen dituzte, Iruñeko Ziudadelako Armen Aretoan, baina jaialdia, berez, azaroan hasiko dute: NIN3S artistak The Beginning ikuskizuna aurkeztuko du, hilaren 23an, Iruñeko Baluarte auditoriumean. 20:00etan hasiko da emanaldia, Baluarteko ganbera aretoan.
[articles:2133083]
Musex Industries etxeak antolatu du ElektrAV, arte bisualen eta abangoardiako musiken jaialdia, Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin. Jaialdiak Iruñeko kulturaren plaza nagusietako batera eramanen du musika elektronikoa —Ziudadelara—, diziplina horri buruzko aurreiritziak bazter uzteko, eta musika elektronikoaren arloan ari diren artistei toki nabarmen bat emateko asmoz.
NIN3S artistak musika eta argi jokoak uztartuko dituen ikuskizun bat eskainiko du azaroaren 23ko saioan, ElektrAV jaialdiaren bigarren aldia hasteko. Ikuskizun horren bidez, Beginning izenburuko bere diskoan jasotako lanak aurkeztuko ditu egileak. Jaialdiko hurrengo emanaldia datorren urteko martxoan eginen dute; zehazki, martxoaren 6an, Iruñeko Planetarioan. Egun horretan, Boris Divider artistak Spheral.Visions izeneko ikuskizuna aurkeztuko du. Teknologia, artea eta zientzia jorratuko ditu Boris Dividerrek bere lanaren bidez.
Tokiko artistak
ElektrAV jaialdiko emanaldi nagusiak martxoaren 7an eta 8an eginen dituzte, Ziudadelako Armen Aretoan. Antolatzaileek nabarmendu dute nazioarteko zenbait artistak parte hartuko dutela. Annie Hall, Dasha Rush, Mike Paradinas, ID Mora eta Yngryd ariko dira Ziudadelan, bertzeak bertze. Antolatzaileek ez dute oraindik parte hartzaile guztien zerrendaren berri eman. Zehazteko dago, bertzeak bertze, Nafarroako zer artista ariko diren.
Musex Industries etxeko kideek artista nafarrentzako deialdi bat egin dute, hain zuzen, jaialdian ariko direnak hautatzeko. Jaialdiak tokiko artisten lanaren berri eman nahi du, eta oholtzara igotzeko aukera bat eman musika elektronikoaren esparruan hasi berri direnei. Antolatzaileek Nafarroako Musika Batzordearen laguntza izanen dute herrialdeko artistak hautatzeko prozesuan. Helburua da arte digitalaren eta teknologiaren esparruan lanean ari diren tokiko egileak babestea.