Tontor batek bat eginda

Tontor batek bat eginda

Larhun mendiak (905 metro) Nafarroa eta Lapurdi lotzen ditu. Urriaren 28an, bi aldeetako hainbat ordezkari tontorrera igo ziren, eta Europako Batasunaren laguntzarekin abian jarriko duten proiektu bat aurkeztu zuten: La Rhun-E, hiru milioi euroren aurrekontu batekin Larhungo mendigunea babestu eta landa garapen «jasangarria» sustatu nahi duen asmoa. 

Nafarroako Gobernuak eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduak bat egin dute asmo hori garatzeko, eta Euskal Hirigune Elkargoak, Nafarroako Ingurumen Kudeaketa enpresa publikoak eta Berako, Sarako, Urruñako eta Azkaineko udalek ere —azken hirurak, Lapurdikoak— parte hartuko dute.

Larhungo tren ttipia, Sarako geltokian (Lapurdin). Ehun urte egin ditu aurten. NAFARROAKO GOBERNUA

Berako, Sarako, Urruñako eta Azkaineko lurretan dago Larhungo mendi gaina, hain zuzen. Euskal Herriko gailurren artean, ezagunenetako bat da; batzuen ustez, Pirinioen mendebaldeko muga zehazten du. Hamaika bide daude inguruko herrietatik tontorrera oinez igotzeko, eta, gainera, Saran kremailera tren bat har daiteke gailurreraino: Larhungo tren ttipia, San Ignazio mendatean, 160 metrora. 1924. urtean jarri zuten martxan, eta, beraz, ehun urte bete ditu.

300.000 pertsona, trenez

Sarako tren ttipian urtean 300.000 pertsona igotzen dira Larhun mendiko tontorrera. Ez dira gutxi, eta badute eragin bat mendiko ingurunean. La Rhun-E proiektuaren bidez, hain zuzen, parte hartzaileen helburua da ingurune hori babestea. Gailurrera iristeko bideak berritu eta zehaztu nahi dituzte, eta tontorrean dauden bentetako urak garbitzeko eta arazteko obrak egin. Gainera, ingurumen heziketari buruzko jarduerak bultzatu nahi dituzte, eta Larhunera igotzen diren herritarrak biltzeko eremu bat sortu.

«Larhun mendiko inguruneak aukera paregabea eskaintzen digu eskualde honen garapen jasangarrirako», erran zuen Nafarroako Gobernuko Ingurumen eta Landa Garapen kontseilari Jose Mari Aierdik, urriaren 28an, Larhungo tontorrean egindako agerraldian. «Zenbait administraziok badugu ardura eremu honetan, eta bada garaia elkarrekin lan egiteko, eta denon artean Larhungo paisaia, ingurunea eta paisaia horri lotutako balio kulturalak babesteko. Inguru osoa biziberritu nahi dugu, garapen iraunkorrerako pizgarri izan dadin».

Nafarroa eta Lapurdi arteko Larhun mendiko bentak, urriaren 28an, La Rhun-E proiektuaren aurkezpena egin zuten egunean. NAFARROAKO GOBERNUA

La Rhun-E proiektua hiru milioi euroren aurrekontuarekin abiatu dute. Hainbat urterako asmo bat da, 2027ra bitarte garatuko baitute. Europako Batasunak ordainduko du aurrekontuaren %65, eta gainerakoa, berriz, proiektuan parte hartzen duten erakundeen artean jarriko dute. Erakunde horiek azken urtea eman dute lanean, La Rhun-E asmoan jasotako helburuak zehazteko asmoz.