Elizondoko eta Berako lanbide heziketako zentroak ez dira bakarrik egon Oronozko egoitza berriaren aldeko bidean; Baztan-Bidasoko udal guztiek egin dute bat proiektu horrekin, eta, ondorioz, kezka agertu dute orain, egitasmoa kolokan ikusi dutenean. Nafarroako Gobernuak proiektu hori atzeratzea eta hezkuntza eskaintza berrikustea erabaki izana txarretsi dute, eta Hezkuntza Departamentuari exijitu diote onartutako eskaintzari eusteko eta Oronozko lanbide heziketako zentro berriaren oraingo proiektua ez aldatzeko.
[articles:2133756]
Eskaera horiek mozio batean jaso dituzte, eta asko dira jada mozio hori bozkatu eta onartu duten udalak: Urdazubi, Zugarramurdi, Baztan, Bertizarana, Sunbilla, Doneztebe, Elgorriaga, Ituren, Zubieta, Beintza-Labaien, Eratsun, Ezkurra, Donamaria, Urroz, Oiz, Saldias, Etxalar, Arantza, Igantzi, Lesaka eta Bera.
Udal horiek oroitu dute «aspaldi» hasi zutela lanbide heziketako zentro bat eraikitzeko bidea: «2012an eman genituen lehen pausoak». Baztan-Bidasoak «erreferentziazko» lanbide heziketako zentro integratu bat «behar» duela nabarmendu dute, eta Nafarroako Gobernuari dagokiola behar horri erantzun bat ematea. Oraingo proiektuari eusteko eta «lehenbailehen» martxan jartzeko exijitu diote Hezkuntza Departamentuari.