Desgaitasunaren arloko hamaika elkartek bat egin dute Iruñeko Pinaquy aretoan egindako jardunaldian. Nor bere esparruan, desgaitasunen bat dutenen alde ari dira lanean. Azken urteotan gauza anitz lortu dutela ospatu dute, baina nabarmendu, batez ere, oraindik badela bide luze bat egiteko: oztopo anitz utzi dutela bazter baina bertze anitzek zutik segitzen dutela.
Elkarte horietako asko Nafarroako Cermin Desgaitasuna Dutenen Ordezkarien Batzordeko kide dira. Batzordeak 25 urte bete berri ditu, hain zuzen, eta denbora horretan egindakoak oroitu nahi izan ditu Iruñean antolatutako saioaren bidez. Zehazki, nabarmendu du Nazio Batuen Erakundeak desgaitasuna dutenen eskubideen inguruko konbentzioa onartu zuela duela hogei urte, eta konbentzio hori desgaitasuna dutenen eskubideak bete ditzatela exijitzeko «helduleku sendo bat» izan dela. Batzordeak salatu du, halere, agiri batean jasota egoteak ez duela bermatu eskubide horiek betetzea; konbentzioko irisgarritasun unibertsalari buruzko bederatzigarren artikulua da, hain justu, gehien urratzen dutena.
«Konbentzioak ekarri digu funtsezko aldaketa bat: onartu arte, desgaitasunen bat zutenek egin behar zuten gizartearen neurrira egokitzeko ahalegina, baina, konbentzioari esker, gizarteari dagokio egokitzea eta herritar guztiak hartzeko behar diren aldaketa guztiak egitea». Cermin elkarteko presidente Mari Luz Sanzenak dira hitzak. Berretsi du desgaitasunari buruzko begirada aldatu dela, baina garbi erran du elkarteek etengabe lan egin behar dutela konbentzioan jasotakoa betearazteko. «Begirada aldatzea ez da nahikoa; baliabideak behar dira eskubideak bermatzeko».
192 herri eta EB
192 herrik eta Europako Batasunak sinatu dute Nazio Batuen Erakundeak sustatutako desgaitasunaren inguruko konbentzioa. Espainiako Estatuak 2007an berretsi zuen, eta handik urtebetera sortu zuten, NBEren barruan, desgaitasuna dutenei buruzko batzordea. Hari dagokio konbentzioan jasotako eskubideak betetzen direla bermatzea. Konbentzioan bat egin duten herriek txosten bat osatzen dute urtero, egindako urratsen eta egiteko daudenen berri emateko.
Nazio Batuen Erakundeak duela hogei urte desgaitasuna dutenen eskubideen konbentzioak 20 urte bete dituela oroitzeko kartela. NAFARROAKO HITZA
Inmaculaca Placencia eta Natalia Guala batzordeko kide dira. Cerminek Iruñean antolatutako jardunaldian parte hartu dute. Biek nabarmendu dute NBEren konbentzioa «tresna hagitz baliagarria» dela, baina ez dela nahikoa. Irisgarritasun unibertsalaren auzia hizpide hartu du Placenciak, eta azpimarratu gai horrek «berezi» bilakatzen duela desgaitasuna dutenen eskubideen inguruko konbentzioa: «Giza eskubideen esparruan, irisgarritasun unibertsalari buruzko artikulu bat duen bakarra da. Konbentzioak hainbat oinarri jasotzen ditu, baina gutxi zehazten du», azaldu du. Placenciak erantsi du konbentzioak irisgarritasunerako eskubidea jasotzen duela, baina horrekin batera irisgarritasuna bermatzeko «egokitzapenak, baliabideak eta laguntzarako teknologiak» behar direla.
Placenciak uste du konbentzioak ez duela ongi garatu zer egin behar den irisgarritasun unibertsala bermatzeko: «Zaila da eskubide hori bermatzea baldintza edo ezaugarri jakin batzuk ez badituzu zehazten». Gehitu du, gainera, profesionalen artean formakuntza falta dela. «Irisgarritasunak zehatza eta neurgarria behar du izan. Herriek hori lortzeko legeak sustatu behar dituzte, beharrezkoak diren egokitzapenak eta laguntzak eskaini ahal izateko. Lan horretan, administrazioek desgaitasuna dutenen elkarteekin egin beharko lukete lan, eta elkarte horiek duten ezagutza baliatu irisgarritasuna bermatu behar duten profesionalak trebatzeko».
«Konbentzioari esker, gizarteari dagokio egokitzea eta herritar guztiak hartzeko behar diren aldaketa guztiak egitea»
MARI LUZ SANZ Cermin erakundeko presidentea
«Oztopoei aurrea hartu behar diegu, prebenitu». Horixe nabarmendu du Plancenciak. Egoera, baina, bertzelakoa da, Cermi Desgaitasuna Dutenen Ordezkarien Espainiako Batzordeak egindako azken txostenean agerian utzi baitute konbentzioan jasotako eskubideak «behin eta berriz» urratzen dituztela. «Azken bost urteotako txostenetan ikusi dugu irisgarritasun unibertsalaren auzia jasotzen duen bederatzigarren artikulua dela gehien urratzen dena», erran du Cermiko giza eskubideen arduradun Gregorio Saraviak, Iruñean.
Nafarroan ere hori gertatzen da: herrialdean ere irisgarritasunaren ingurukoak dira Arartekoaren Bulegora iristen diren kexetako anitz. 2024an, desgaitasunarekin lotuta, oro har, 152 kexa jaso zituen Arartekoak. Iaz, berriz, 229 izan ziren, aurreko urtean baino %50 gehiago. Irisgarritasunarekin zerikusirik duten kontuen artean, Patxi Berak azpimarratu du arazoak izan direla, bertzeak bertze, Iruñeko Nafarroa Arenan, Lizarrako Los Llanos aretoan, Iruñeko Vianako Printzea espezialitateen zentroan eta herrialdeko hainbat osasun etxetan. Arartekoak salatu du, gainera, keinu hizkuntzako interpreteak faltan izan dituztela Iruñeko Ospitale Unibertsitarioko larrialdietan eta geletan, eta ikastetxe batzuetan ere bai.
Ez dira horiek oztopo bakarrak; Arartekoak bertze hainbat esparrutan gertatzen dena salatu du: batetik, administrazioan lan egiteko zerrenden auzia azpimarratu du, eta azaldu «irregulartasunak» aurkitu dituztela, desgaitasuna dutenentzat gordetako tokiak ez dituztelako bete, zerrendan egonda desgaitasunen bat duten hautagaiak ez dituztelako deitu, edo deitu dituztenean ez dituztelako behar zituzten egokitzapenak egin beren lanpostuetan. Bertzetik, mendekotasuna baloratzeko epeen auzia aipatu du Arartekoak, eta murrizteko beharra nabarmendu. Gaur egun, hain zuzen, bi urte ere itxaron behar izaten dute herritarrek mendekotasuna balora diezaieten, Iruñeko jardunaldian parte hartu duten elkarteetako ordezkari batzuek berretsi dutenez. «Izugarria da», salatu dute.
Hegoalde Globala oinarri
Inmaculada Placenciak Natalia Guala du kide desgaitasuna dutenei buruzko batzordean. Gualak, hain zuzen, nazioarteko gaur egungo jokalekua kontuan hartzeko beharra nabarmendu du, oraingo gerra giroak desgaitasunaren esparruan ere «eragin zuzena» duela uste baitu. «Ziurgabetasuna da nagusi, eta horrek herrien finantzatzeko gaitasunari ere eragiten dio. Desgaitasunak baliabideak behar ditu, eta egun kolokan dira, neurri handi batean», erran du.
Gualak oroitu du Nazio Batuen Erakundearen desgaitasunari buruzko konbentzioak Amerikako Estatuen Erakundeak 1999. urtean onartutakoa hartu zuela oinarri. «Hegoalde Globala aitzindari izan da desgaitasunaren arloko giza eskubideen auzian; Nazio Batuen Erakundeak onartutako konbentziori funtsezko ekarpena egin zion». Gualak gehitu du NBE 1980ko hamarkadan hasi zela desgaitasuna dutenen eskubideen konbentzioa mamitzen, baina 2001era arte ez zuela «benetako urratsik» egin testu bat osatzeko, eta azken bultzada hori Amerikako Estatuen Erakundeak eman ziola.
Cerminek antolatuta, desgaitasuna dutenen eskubideen inguruko NBEren konbentzioari buruz Iruñean egindako saioa; oholtzan, Gregorio Saravia eta Natalia Guala. CERMIN
Egun, emakumeek emandako bultzada nabarmendu nahi izan du Gualak, garbi erran baitu desgaitasunen bat izateak emakume gisa jasaten duten bazterketari eragiten diola. Hasiera batean, egunerokoan aurkitu izan zituen oztopoek eraman zuten Guala aktibismoaren esparrura, eta giza eskubideen arlora salto egin zuen gero, Nazio Batuen Erakundeko desgaitasunari buruzko batzordera, alegia.
Batzordearen egitekoetako bat da herriak laguntzea desgaitasunaren inguruan osatzen dituzten legedietan. Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari Alicia Etxebarriak zehaztu du Espainiako Estatuak 2011. urtean garatu zuela NBEren konbentzioa ezartzeko legea, eta 2022tik indarrean dela desgaitasuna dutenen inguruko 2030era bitarteko estrategia. «Oraindik urrats anitz dugu egiteko, dena den», aitortu du.
Egiteko anitz legearen esparruan, eta bertze arlo anitzetan ere bai. Desgaitasuna dutenen kolektiboko kide batzuek desgaitu hitza bere egin dute, eta aldarrikatu. Bertze batzuek, berriz, nahiago dute desgaitasuna duten pertsonak direla zehaztea. Etxebarriak pertsona desgaitu esamoldea hiru aldiz erabili du bere solasaldian, eta aldiro Pinaquy aretoan bat egin dutenen marmarra entzun da, erantzun gisa. Bada anitz egiteko, legeen esparruan ez ezik, eguneroko kontuetan ere bai.
Zenbat lagun ordezkatzen dituen Cerminek. Cerminen barruan desgaitasunarekin lotutako Nafarroa osoko hamaika elkartek egin dute bat; elkarte horien bidez, hain zuzen, 35.000 herritar ordezkatzen ditu.
Zenbatek duten desgaitasunen bat aitortua. Nafarroan 678.300 biztanle inguru daude, eta haietako 40.220k dute desgaitasunen bat, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez. Desgaitasunari buruzko balorazio bat jaso duten herritarrak dira, zehazki.
Zenbat herritarrek duten mugaren bat. Nafarroako Gobernuak berak zehaztu ditu desgaitasunari buruzko bere datuak, eta nabarmendu Nafarroako Estatistika Institutuaren arabera 50.000 inguru direla desgaitasun edo mugaren bat dutenak.
