Suizidio arriskua garaiz antzematea, informazioa eta sentsibilizazioa hobetzea eta arta koordinatua eta eraginkorra bermatzea. Horiexek dira jokabide suizidak prebenitzeko Nafarroako estrategia berriaren helburu nagusiak. Nafarroako Gobernuak martxoan aurkeztu zuen jardunbidea jendaurrean, eta gaur legebiltzarreko taldeei azaldu dizkiete planaren nondik norakoak. Antonio Lopez Osasun Departamentuko zuzendari nagusiak eta Adriana Goñi psikologo kliniko eta buru osasuneko adituak eman dituzte azalpenak.
Indar politikoek, oro har, begi onez hartu dute txostena: nabarmendu dute, besteak beste, estrategiak izaera «integrala eta zeharkakoa» duela, azpimarra egiten duela «talde zaurgarrienetan», eta osasungintzaz harago ere hainbat alorretan izanen duela eragina —hezkuntzan, esaterako—. Alta, kezka batzuk ere azaleratu dira eztabaida parlamentarioan.
«Azken hilabeteetan, Iruñeko espetxean izandako zortzi suizidio saialdiren berri izan dugu, eta denak kolektibo berekoak: gazte migratzaile magrebtarrak»
JABIER ARZA EH Bilduko parlamentaria
Jabier Arza EH Bilduko legebiltzarkideak Iruñeko espetxeko egoerari erreparatu dio: «Aipatu duzue estrategiaren helburua dela gizarteko sektore zaurgarrienetan eragitea, eta, hain zuzen, kartzelan berebiziko arriskua dago jokabide suizidak azaleratzeko; gainera, baliabide terapeutikoak askoz urriagoak dira espetxeetan». Arzak esplikatu duenez, azken hilabeteetan «gutxienez zortzi suizidio saialdi» izan dira Iruñeko espetxean. «Kolektibo berekoak dira denak: gazte magrebtar migratzaileak». Errealitate horri lehenbailehen heltzea galdegin die osasun arduradunei: «Espetxeko osasun artaren eskuduntza Nafarroaren esku dago, eta, legearen arabera, espetxe erakundeen ardura da presoen bizitza eta osasuna zaintzea. Hortaz, zera galdetu nahi dizuegu: nola ezarriko duzuen suizidioak prebenitzeko programa Iruñeko kartzelan».
EH Bilduri erantzunez, Lopezek esan du Nafarroako Gobernuak baliabideak handitu dituela 2021. urtean espetxeko osasun arretaren eskuduntza bereganatu zuenetik: «Antolakuntza asistentziala dezente hobetu da eskuduntza dugunez geroztik. Gaur egun, psikiatra bat eta erizain bat ditugu Iruñeko kartzelan. Asko dago egiteko oraindik, baina bide onean goaz».
Espainiako Espetxe Erakundeen Idazkaritza Nagusiak emaniko datuen arabera, bederatzi preso hil ziren Iruñeko espetxean 2012tik 2021era. Horietatik bik egin zuten beren buruaz beste, eta beste bi kasutan heriotzaren motiboa ezin izan zela zehaztu adierazi zuten erakundeek.
Suizidioak prebenitzeko behatokia
Hauek dira jokabide suizidak prebenitzeko Nafarroako estrategiaren xede nagusiak: «instituzioek suizidioa prebenitzeko duten gaitasuna indartzea, detekzio goiztiarra hobetzea eta arreta eraginkorra bermatzea». Besteak beste, hobetu egin nahi dute suizidioak garaiz antzemateko sistema, eta, horretarako, erakundeen arteko lankidetza sustatuko dute. Nafarroako Gobernuak proposatu dituen ekintzen artean, aipagarria da eskoletan eta institutuetan jokabide suiziden prebentzioa lantzekoa. Horrez gain, Hezkuntza Departamentuaren eta Buru Osasun Sarearen arteko koordinazio protokoloa «eguneratu eta aplikatu» egingo dute, suizidio arriskua duten ikasleei arreta hobea emateko.
Hezkuntzako helburuaz gain, beste helburu estrategiko batzuk ditu egitasmoak: informazio sistemak hobetzea jokabide suizidak aztertzeko eta esku hartzeko, gizartea sentsibilizatzea eta aurreiritziak baztertzea, informazioa zabaltzea, suizidioari bide eman diezaioketen lekuak edo baliabideak zaintzea, talde zaurgarrietan suizidio arriskua aurrez antzemateko sistemak hobetzea, larrialdi zerbitzuen eta polizien esku hartzeak koordinatzea eta osasun zerbitzuetan suizidioaren gaia lantzea.
Horrekin guztiarekin batera, Suizidioak Prebenitzeko Nafarroako Behatokia ere sortuko du gobernuak, baina haren funtzioak eta egitura zehazteko ditu oraindik.
