Egun bereziak izango dituzte Euskal Herriko hainbat bizikletazalek gaur eta bihar Elizondon; izan ere, bizikletaren erabilera bultzatzen duten Euskal Herriko hainbat elkartek Euskal Herriko Bizikletazaleen Topaketa egingo dute egun horietan. Topaketaren antolatzaileetako bat Baztango Talde Ekosoziala izan da, eta, talde horrek jakinarazi duenez, batez ere bi arrazoirengatik antolatu dute topaketa: batetik, Bidasoko bide berdeari ongietorria egiteko —apirilaren 25ean inauguratu zuten Doneztebe eta Elizondo batzen dituen Bidasoko bide berdearen tartea—, eta, bestetik, joan-etorriak egiteko bizikletaren erabilera bultzatzen duten elkarteen saretzea bultzatzeko. Hainbat jarduera egingo dituzte Elizondon, eta, nahiz eta topaketa gehienbat bizikleta elkarteentzat izan, interesa izan dezakeen edonor kontuan hartuta prestatu dute egitaraua.
Dena den, bide berdeari ongietorria egin eta elkarteen saretzea bultzatzeaz gain, Baztango Talde Ekosozialeko kide Joseba Otondok adierazi du hara-hona mugitzeko moduez gogoetatzeko ere baliagarria izan daitekeela topaketa: «Ikusirik Euskal Herria erregai fosilen oso menpekoa dela eta klima larrialdi bete-betean gaudela, mugikortasuna lehen mailako gogoeta bat da», esan du. Bizikleta azpiegituren ahalmenaren inguruan ere hitz egin du: «Gaur egun, bizikleta azpiegiturak baliagarriak dira eskualdeak eta herriak lotzeko». Izan ere, nabarmendu du Bidasoko bide berdea Elizondoraino iritsita Bidasoa ibaiaren arro osoa bizikleta azpiegitura «seguru» baten bitartez egituratua dagoela.
Topaketako jarduerak
Gaurko, Elizondora joateko bi bizikleta ibilaldi antolatu dituzte. Batetik, hainbat lagun Irundik abiatuko dira 08:30ean, eta bi geldialdi egingo dituzte Elizondora iritsi aurretik —geldialdi horietan jendea batu ahal izango da—: lehenengoa Bera-Lesakako Alkaiagako parkean, 10:00etan, eta bigarrena, berriz, Doneztebeko Intzakardi parkean, 12:00etan. Bestetik, 11:00etan Oronoztik Elizondora joateko beste bizikleta ibilaldi bat antolatu dute, eta adin guztietako jendearentzat izango da. Nahi duenak tropelarekin bat egin dezake Arraiozko bidegurutzean, 11:30ean, edo Loizuko bidegurutzean, 11:45ean. Baztango Talde Ekosozialak adierazi duenez, bi ibilaldiak guztien neurrira eta astiro egingo dira.
«Gaur egun, bizikleta azpiegiturak baliagarriak dira eskualdeak eta herriak lotzeko»
JOSEBA OTONDO Baztango Talde Ekosozialeko kidea
Elizondon, berriz, hainbat jarduera prestatu dituzte gaurko. Besteak beste, 14:30ean herri bazkaria egingo dute —bazkarian izen emateko epea amaitu da—. 16:00etan, bizikleta aipagai duten kantuei buruzko mintzaldi musikatua egingo du Jon Mindegia musikariak, Ahaztuen plazan. Otondok azaldu du bizikletari buruzko kantu bat aurkezten duela Mindegiak hilabetean behin Xorroxin irratiko Izterpeko Matxina irratsaioan, eta saioari esker lortutako ezagutza zabaldu nahi dutela topaketan. Mindegiaren ostean, Ainara Unanuak bizikletari buruzko bakarrizketak egingo ditu Ahaztuen plazan, 17:00etan.
Sare bat osatzen
Azken urteetan, sare bat osatzen ari dira Euskal Herriko hainbat bizikleta elkarte, eta sare horren garapena bertatik bertara ikusi du Donostiako Kalapie elkarteko kide Julen Izagirrek. Azaldu du 2023an Irungo (Gipuzkoa) Balazta eta Hendaiako (Lapurdi) Recycl’Arte bizikleta elkarteek topaketa bat antolatu zutela Irunen. «Mugaren bi aldeetako elkarteak harremanetan jartzeko eta saretzeko izan zen topaketa», azaldu du Izagirrek. Topaketa antolatu zuten elkarteez gain, Irunen izan ziren, besteak beste, Tuterako Recicleta Ribera, Donostiako Kalapie, Bilboko Biziz Bizi eta Gasteizko Bizikleteroak elkarteak.
Izagirrek esan du topaketa horren ostean hainbat elkartek harremanari eutsi diotela eta gehiagotan ere elkartu direla; dena den, Otondok azaldu duenez, Elizondon aurten egingo dutena lehen topaketa publikoa izango da. Aurtengoan, Euskal Herriko bizikleta elkarteetako ordezkariek batzar bat egingo dute Elizondoko Arizkunenea kultur etxean, eta, Otondok aipatu duenez, batzar horren bitartez sarea «formalizatu» nahi dute. Batzar horretan Irungo lehen topaketa hartan izan ziren hainbat elkarte egongo dira.
Topaketa amaitzeko, igande goizean azken bizikleta ibilaldi bat egingo dute Baztanen barrena. Otondok dioenez, hurrengo urteetan jarraipena eman nahi diote Euskal Herriko Bizikletazaleen Topaketari: «Sarea egonkortu eta eratu ahala, helburu bat izango litzateke urtero horrelako topaketa bat egitea».
EGITARAUA
MAIATZAK 9
Goizean. Mural margoketa / Elizondoko Mendinueta eta Braulio Iriarte kaleak gurutzatzen diren tokian.
08:30. Bizikleta ibilaldia abiatuko da Irundik Elizondora.
11:00. Bizikleta ibilaldia abiatuko da Oronoztik Elizondora (publiko guztientzat).
14:30. Herri bazkaria (menu begetarianoa) / Merkatuko plazako arkupeetan.
16:00. Bizikletari buruzko kantuen inguruko mintzaldi musikatua / Ahaztuen plazan.
17:00. Bizikletari buruzko bakarrizketak / Ahaztuen plazan.
17:30. Bizikletazale elkarteen batzarra / Arizkunenea kultur etxean.
19:00. Bizikleta itzulia, musikaz girotuta, Elizondon barrena.
EGITARAUTIK KANPO
16:00-18:00. Nafarroako txirrindularitza eskolen txapelketa.
18:00. Odei Barroso rap kantariaren emanaldia / Zapatillera gunean.
MAIATZAK 10
Goizean. Bizikleta ibilaldia Baztanen barrena.
