Iruñeko Alde Zaharreko Kale Nagusian zabaldu duten egoitza berria bezain handiak dira Euskalerria Irratiko kideen asmoak: egoitzarekin batera, proiektua ere berritu dute, «komunitate sendoago bat» ehuntze aldera. Orain arteko «irrati soila», hain zuzen, «proiektu komunikatibo multimedia» bilakatu nahi izan dute: «Irratia, irrati ikusgarria, bideopodcastak eta atari digital berritua izanen ditugu», azaldu du Euskalerria Irratiko zuzendari Juan Kruz Lakastak, egoitza berriaren inaugurazioan.
Urriaren 1ean egin zuten besta, irratia hartzen duen Kale Nagusiko 54.eko eraikineko patioan. Han bildu ziren entzuleen, kolaboratzaileen eta lagunen aurrean azaldu zuten otsailetik aurrera irratiak urrats handi bat eginen duela proiektua zabaltzeko, eta Nafarroako hegoaldeari ere so eginen diola: Erriberako, Tafallaldeko, Lizarrerriko eta Zangozaldeko berriak jorratzen hasiko direla, eskualdeotan osatutako «berriemaile sare profesionalaren bidez». Irratiko kide Miren Mindegiak erantsi du «zerbitzu bat» eskaini nahi dietela euskarazko hedabiderik ez duten eskualdeei, hain zuzen.
Euskalerria Irratiaren egoitza berria inauguratzeko besta, Iruñean. JOSU SANTESTEBAN
Egoitza berriarekin batera, beraz, bertze etapa bat hasi dute Euskalerria Irratiko kideek, eta orain dituzten baliabide teknikoen bidez, handitu egin dute euskaldunen esku jarri nahi dituzten zerbitzuen eskaintza. Irratiak kultur ziklo bat eginen du datozen hilabeteotan, eta, gainera, bere egoitzan kontzertu txikiak, liburu aurkezpenak eta bertze antolatzeko aukera emanen die eragileei.
Bazkide bila
Egunerokoan ere sumatuko da irratiak bertze bide bat hasi duela, gora eginen baitu zuzenean emanen dituzten orduen kopuruak; webgunea ere berrituko dute, otsailetik aurrera. Proiektu horiek guztiak garatzeko, eta «independentzia eta egonkortasuna bermatzeko», bazkideak lortzeko kanpaina hasi dute Euskalerria Irratiko kideek. Zehazki, laurehun bazkide berri lortu nahi dituzte. «Garai zailak datoz, eta aurre egin nahi diegu, euskaldunei zerbitzu gehiago eta hobeak eskainiz. Iruñeko bihotzetik Iruñerri, Nafarroa, Euskal Herri, mundu osora», erran du Lakastak.
Gorka Urbizu eta Areta Senosiain, Euskalerria Irratikoen bestan. JOSU SANTESTEBAN
Euskalerria Irratiaren egoitza berria ezagutzeko parada izan zuten inaugurazio bestan parte hartu zutenek. Estudio nagusiaren ondoan, berrogei ikuslerentzako tokia atondu dute, eskaini nahi dituzten ekinaldiak egin ahal izateko. Inaugurazio bestan ez dira gutxi izan irratiko kideekin bat egin duten artistak: Broken Brothers Brass Band, Egun Motelak kolektiboa, Iker Oiz eta Martintxo Etxauri, Idoia Granizo, Sarai Robles eta Sustrai Colina bertsolariak, eta Gorka Urbizu eta Areta Senosiain aritu ziren, bertzeak bertze. Hamaika hedabidetako kideak eta erakundeetako eta alderdietako hamaika ordezkarik ere parte hartu zuten; bertzeak bertze, Elene Barandiaran Berria Taldeko kontseilari ordezkariak eta Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak. Besta eginda, bertze etapa bat hasi du Euskalerria Irratiak.
