50 urte bete dira gaur Montejurran (Nafarroa) Ricardo Garcia Pellejero eta Aniano Jimenez Santos karlistak tiroz hil zituztela. Eta gaur, lehenbizikoz, biktimei aitortza egiteko ekitaldi instituzionala egin du Lizarrako Udalak. Ziurtatu du «Montejurran gertatutakoa argitzeko borrokan» jarraituko dutela. Bi karlistei eraso egin zietenak erregimen frankistako zerbitzu sekretuek finantzatutako eskuin muturreko mertzenarioak izan ziren.
Mikel Kolmo EH Bilduko zinegotziak hartu du hitza, eta erran gaurko saioa ez dela soilik «atzera begiratzeko» ariketa bat izan, baita «duintasun, aitortza eta konpromiso demokratikorako ariketa» bat ere. Hala, berretsi du udalak «borrokan» jarraituko duela Montejurran orain mende erdi gertatutakoa argitzeko.
Hildakoen familiei mintzatu zaie Kolmo: «Soilik zuek dakizue zenbatekoa den barnean daramazuen sufrimendua. Instituzioei ahalik eta zintzoen enpatizatzea dagokigu, baita eragindako mina konpontzea ere, betiere zintzotasunez eta errespetuz».
Instituzioetako kideek ez ezik, kultur kolektiboek ere parte hartu dute saioan, eta biktimei Armiarma Etxeak egindako oparia eman diete, baita loreak ere.
Alderdi Karlistak, berriz, asteburu berezia antolatu du. 11:00etan, Iratxeko monasterioaren parean izan dira, hura memoria gunea dela aitortzen duen plakaren inaugurazioan. Bihar Montejurrarako gurutze bidea eginen dute.
Espainiako Gobernuari eskaera
Lizarrako Udala ez da erreparazio ariketa egiten ari den bakarra. Izan ere, joan den apirilaren 22an Nafarroako Parlamentuak «estatu terrorismotzat» jo zuen hilketa. Are, hiru eskaera egin dizkio Nafarroako Gobernuak Espainiakoari: dokumentuak desklasifikatzeko, Garcia eta Jimenez biktima gisa aitortzeko, eta Montejurra memoria demokratikorako leku izendatzeko.
Bada, joan den hilaren hondarrean, Espainiako Diputatuen Kongresuko osoko bilkuran, Angel Victor Torres Memoria Demokratiko eta Lurraldeko Politikako ministroak erran zuen «ahal duen guztia» eginen dutela Montejurrako biktimei erreparazioa emateko.
Bel Pozueta EH Bilduko diputatuak galdera zehatza egin zion Torresi: «Espainiako Gobernuak kasu egingo die Montejurrako biktimen egia, aitortza eta erreparazio eskaerei?». Eta hark baiezkoa eman zion: «Demokraziaren alde gauden guztiok egon behar genuke Memoria Demokratikorako Legearen alde, ez dakit zergatik ez den horrela. Baina gure esku dagoen guztia egingo dugu biktimei merezi duten aitortza emateko eta sekretu guztiak argitara emateko».
