Zirrikitu bat ireki du Txibitek. Nafarroako Gobernuko lehendakaria prest agertu da euskarari beste estatus bat emateko eta «gaztelaniaren pare» jartzeko, horretarako Foru Hobekuntza moldatuta. Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran egin ditu adierazpenak, PSNren galdera bati erantzunez. Zehazki, lehendakariak iragarri du Foru Hobekuntzaren 9. artikulua moldatzea proposatuko duela, euskara «Nafarroako hizkuntza propio» gisa aitortzeko.
Izan ere, Foru Hobekuntzaren Legea eguneratzeko batzordea abian da legebiltzarrean, eta heldu den astean agerraldia eginen du Txibitek hartan. «Urteetan, euskarak konnotazio politikoak izan ditu sozialak bainoago, baina sinetsita nago gure gizarteak gainditu egin duela etapa hori», esan du.
Ez dago argi zein izan daitekeen moldaketa horren eragina, Foru Hobekuntzaren 9. artikulua baita, hain zuzen, euskararen eta gaztelaniaren ofizialtasuna arautzen duena. Hauxe dio: «1. Gaztelania da Nafarroako hizkuntza ofiziala. 2. Euskara ere hizkuntza ofiziala izanen da Nafarroako eremu euskaldunetan. Foru lege batek zehaztuko ditu eremu horiek, euskararen erabilera ofiziala arautuko du, eta hizkuntza horren irakaskuntza ordenatuko du, Estatuko araudi orokorraren esparruan». Txibiteren esanetan, aurrerantzean bai gaztelania eta bai euskara izanen lirateke Nafarroako hizkuntza propio, Foru Hobekuntzaren Legeari dagokionez.
Nafarroako Gobernuko buruak, gainera, propio aipatu du iragan larunbatean Euskalgintzaren Kontseiluak antolatuta Iruñean egin zen Euskaltzaleon Martxa. Txibitek aintzat hartu du «euskaraz bizitzeko benetako baldintzak» eskatu eta «euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa» aldarrikatu zirela manifestazio horretan, eta horretan egin du azpimarra: «Hain zuzen ere, ezagutza da hizkuntzaren sozializazioan aurrera egiteko gakoa». Lehendakariaren ustez, euskara «aniztasunetik abiatuz» ulertu behar da, «Nafarroako gizartea bera ere plurala baita, eta aitortua eta aintzatetsia ikusi behar du bere burua, nafar guztiona den hizkuntza honen partaide izan».
