Amaiur gaztelu baltza Lauaxetaren olerkien lehen lerroak honela diote: «Amayur gaztelu baltz ori —berreun gudari oro sumin— zaintzen zattuben zaldun onak Naparra-aldez egin dabe zin». Amaiurko gazteluaren (Nafarroa) setioari egiten dio erreferentzia, eta inbasioaren aurka borrokatu ziren nafarrak omentzen ditu, espainiar armada oso bati aurre egin zioten 150 nafar horiek.
Horiek horrela, Amaiurko gaztelua Nafarroako historiaren eta memoria kolektiboaren ikur bihurtu zen. Gaur egun, eraikuntza jada zutik ez dagoen arren, aztarnak bisitatu daitezke. Gainera, indusketetan egin diren aurkikuntzak herriko museoan daude ikusgai. Etorkizunera begira ondare bizia izaten jarrai dezan, Amaiurko Gaztelua fundazioak zenbait berrikuntza egin ditu.
Milaka bisitari izaten dituzte gazteluak eta museoak urtero. Bisitarien joan-etorria antolatze aldera, gazteluaren sarbidean ate birakari bat ezarri dute. Gainera, bi guneetarako sarrerak aurretik erreserbatu edo erosi beharko dira, Internet bidez edo aztarnategiaren oinean bertan jarritako salmenta makina automatiko berrian.
Lekualdaketa
2022an urteurren garrantzitsu bat ospatu zen: gaztelua erori zeneko 500. urteurrena ospatu zen Amaiurren. Data horren harira dator beste aldaketetako bat: museoaren lekualdatzea. Izan ere, data berezia izan zen Amaiurko Gaztelua fundaziorentzat; urte osoan antolatutako ekitaldi instituzionalek, kultur jarduerek, erakusketek eta memoriarekin lotutako ekitaldiek bultzada handia eman zioten proiektuari, herriaren garrantzi historiko eta sinbolikoa azpimarratuz.
Aldaketak egin eta gero, museoak Agerreako etxean aurkitu du lekua. Kokaleku esanguratsua da, zaharberritze obran eskualde hartako etxeen berezitasunari eutsi baitzaio; Agerreako etxea bera euskal etnografiaren ikur bihurtu da, adibidez. Gazteluaren atarian bertan, bisitariek ikusiko dute nolakoa izan den ikur horiek berreskuratzeko prozesua. Izan ere, modu integratu batean ezagutu ahal izango dituzte indusketetan berreskuratutako piezak, ikerketen emaitzak eta herriaren bilakaera historikoa.
Museoan, betiko moduan, Amaiurko indusketa arkeologikoetan aurkitutako materiala dago ikusgai: Amaiurko ezpata, garai hartako gerra material ugari, zurezko baldea… Gainera, oroigarri denda bat ere badago.
Tarifetan ere aldaketak egon dira. Gaztelurako eta museorako sarrera arruntak 2,50 euro balioko du, eta bi guneak batzen dituen sarrerak, berriz, 4 euro. Gazteluko bisita gidatua eta museoa barne hartzen dituen aukera 6,50 euroan eskainiko da. Sei eta hamaika urte arteko haurrentzat tarifa bereziak izango dira, eta gauza bera gertatuko da hogei lagunetik gorako taldeekin.
Memoriaren aldeko borroka
Urte luzeko lanari esker berreskuratu dute Amaiurko gazteluaren ondarea. Mugarri nagusia 2006a da: duela hogei urte, Aranzadi zientzia elkarteak indusketa arkeologikoak hasi zituen bertan. Emaitzek gazteluaren egitura arkitektonikoaren aztarnak erakutsi zituzten: harresiak, dorreak, ate nagusia eta ur biltegia, besteak beste. Arkeologoek elementu horiek guztiak berreskuratu zituzten, eta horrek sendotu egin zuen gazteluaren garrantzi historiko eta zientifikoa.
Baina hori ez zen izan lehendabiziko indusketa. 1978tik, gazteluaren garrantzi historikoa aldarrikatzeko lanetan ibili dira Amaiur herriko biztanleak Gaztelua fundazioaren bitartez. Hori dela eta, 2021ean, herri lanari jarraipena emateko, Amaiurko Gaztelua fundazioa sortu zen, eta bere gain hartu zituen gazteluaren, museoaren eta bisitarien kudeaketa.
Sarrera eta bisita sistema berriaren bidez bildutako baliabideak, alde batetik, gazteluaren kontserbazio lanetarako erabiliko dira; bestetik, indusketa arkeologikoetarako, aurkikuntza berriak ikertzeko, eta Nafarroako memoria historikoa dibulgazio jardueren bitartez zabaltzen jarraitzeko.
