Azken urteetan gertatu den moduan, hasi dira ekainean NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoaren udako ikastaroak, eta urteko lehen jardunaldian 50 pertsonatik gora batu dira NUPeko Sario eraikinean, Iruñean. Aurtengo lehen ikastaroa Gorroto diskurtsoak eta heziketa kritikoa izenekoa izan da. Jardunaldi horretan, besteak beste, gorroto diskurtsoen arrazoiak aipatu dituzte, diskurtso horiei erantzuteko moduen inguruan hausnartu dute, eta gorroto diskurtsoei aurre egiteko hezkuntzak duen garrantzia nabarmendu dute.
Nafarroako GGKE garapen lankidetzarako gobernuz kanpoko erakundeen koordinakundeko ordezkari Marian Pascualek hartu du hitza lehenik. Pascualek nabarmendu du egungo egoera soziopolitikoa «oso konplexua» dela, eta, besteak beste, krisi klimatikoak, mundu mailako gatazkek eta ekosistema digitalen hedapenak ekarri dutela «beldurra, desinformazioa eta gorroto delituak» areagotzea. Nafarroan dauden gorroto-diskurtso moten inguruan ere hitz egin du: «Gure lurraldea ez da desberdina. Munduko beste edozein lekutan dauden gorroto-diskurtso mota berak daude hemen; besteak beste, arrazarekin, generoarekin eta migrazioarekin loturikoak».
Hori ikusirik, hezkuntzaren garrantzia nabarmendu du Pascualek: «Gure armarik indartsuena da sentsibilizazioan eta hezkuntzan zentratzea, kontzientziazioa sustatu eta batasuna sortuko duen tresna gisa». Nafarroako Gazteriaren Institutuak iaz 4.000 gazte trebatu zituen, desinformazioari eta gorroto diskurtsoei aurre egiteko.
Gorroto diskurtsoak gazteetan
Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaile Txema Burgaletak ere parte hartu du ikastaroan. Hark hiru «paradoxa» azaldu ditu, ulertzen laguntzeko zergatik gorroto diskurtsoek arrakasta duten gazteen artean. Lehenik, azaldu du Espainiako Estatuan unibertsitateko ikasketak dituzten gazteen ehunekoa handiagoa dela Europako beste estatu gehienetan baino, baina estatu horrek duela euroguneko gazteen langabezia tasa handiena. Bigarrenik, nabarmendu du gaur egungo gazteria «historiako belaunaldirik konektatuena dela», eta, aldi berean, belaunaldi horri eragiten diola gehien nahi gabeko bakardadeak. «Sare sozialek ez dituzte lotura sakonak sortzen, eta horiek beharrezkoak dira gizakientzat», adierazi du. Azkenik, gogora ekarri du datu bat: CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroaren datuek erakusten dutenaren arabera, lehen aldia dela Espainiako Estatuaren historian gazteria gizartearen batez bestekoa baino eskuinerago kokatzen dena ideologikoki.
Gorroto delituen salaketak zenbat handitu diren Europan azken bost urteetan.
FRA Oinarrizko Eskubideen Europako Agentziak aipatutakoaren arabera, azken bost urteetan ia %20 handitu dira gorroto delituen salaketak Europan.
NUPeko zenbait irakaslek ere parte hartu dute jardunaldian. Haietako bat Sergio Garcia izan da. Hark, besteak beste, AA adimen artifizialak sare sozialetan duen eraginaren inguruan hitz egin du. Garciak esan du sare sozialetako edukien %60 inguru AAk edo bot-ek sortzen dituztela. Horrez gain, esan du Reuters agentziak dioela sare sozialak gero eta gehiago bilakatzen ari direla gazteek munduan gertatzen ari denaz informatzeko erabiltzen duten «tresna bakar», eta esplikatu du AAk «gero eta muturrekoagoak» diren jarrerak eta edukiak iradokitzen dituela. Xenometer proiektuaren inguruan ere hitz egin du, sare sozialetan mezu xenofoboak identifikatzeko tresna gisa.
Gorroto diskurtsoak detektatzeko baliabideei dagokienez, NUPeko irakasle Ruben Lasherasek esan du Espainiako Gobernuak Faro sistema ere baduela. Sistema horrek arrazistak, xenofoboak, islamofoboak, antisemitak eta ijitoen aurkakoak diren gorroto diskurtsoak identifikatzen eta aztertzen ditu zuzenean, zenbait sare sozialetan. Horrez gain, azpimarratu du herritarrak ez direla gorroto diskurtsoekin gertatzen ari denaren erantzule nagusiak, eta «ur gora» egin behar dela. Besteak beste, zenbait instituziok egindako adierazpen diskriminatzaileak erakutsi ditu.
Hezitzaileen esperientziak
Ikastaroan, hitzaldiez gain, mahai inguru bat ere egin dute. Bertan parte hartu dute Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamenduko Bizikidetza Bulegoko buru Emilio Galerak, Nuevo Futuro elkarteko kide Erika Martinezek, eta Zaska zurrumurruen aurkako sareko kide Xabier Jauregik.
Martinezek gehienbat haurrekin eta gazteekin lan egiten du, eta kontatu du Nuevo Futuron hainbat motatako errealitateak aurkitzen dituztela. Hala ere, esan duenez, gorroto diskurtsoak landu dituzten saio askotan, ikasleak «defentsiban» jarri dira, eta «arbuioa» adierazi dute. Jauregik ere Martinezek aipatutakoaren antzekoak bizi ditu. Dena den, kontatu du ikasgelan zegoen bitartean ikasleek «agur naziak» egin izan dizkiotela, eta «feminazi» bezalako hitzak entzun dituela. Galerak, besteak beste, ikastetxe bateko mahaietan svastikak marrazten zituen ikasle bat ere ezagutu du.
Zenbat gorroto delitu erregistratu zituzten iaz Nafarroan. Espainiako Gobernuak eman dituen datuen arabera, Nafarroan 107 gorroto delitu erregistratu zituzten guztira 2025. urtean.
Horrelakoei erantzuteko hainbat modu daudela azaldu dute. Svastikak egiten zituen ikasleari dagokionez, Galerak esan du ikaslea ikastetxetik egun batez kanporatzeko aukera zegoela, baina zentroak beste erabaki bat hartu zuela: ikasle hark bi arratsaldez «naziek egindakoaren inguruko dokumentalak» ikustea. Hori «baliagarriagoa» izan zela esan du. Jauregiren ustez, kasu bakoitza desberdina da, eta ez dute metodologia jakin bat, baina, azaldu duenez, saiatzen dira gatazkari ekiteko «gune seguruak» sortzen, jarrerak polarizatu ez daitezen. Martinezek, berriz, esplikatu du «asko» laguntzen diela «eskubideen ikuspegitik» lan egiteak. Esaterako, ikasgela bateko pertsonentzat enplegua kezka bada, nabarmendu du «oso ondo» funtzionatzen diela «enplegu duinaz» hitz egiteak, eta, besteak beste, eskubide hori nola sortu den ikusteak. Horrez gain, Martinezek azpimarratu du pertsonekin konektatu behar dela, eta ez haien diskurtsoekin.
